Arnaitz Gorriti

Ondarroan eta Hondarribian hasiko da erabakitzen Eusko Label Liga

Santurtzik zortzi puntuko aldearekin ekingo dio asteburuari, Zarauzko Ikurrinean Hondarribiaren joari hainbestean eutsi ondoren. «Ama Guadalupekoak» astean zehar puntu bateko zigorra jasan du eta beraz, «Soteraren» diferentziari buelta emateko aukerak probestu beharrean da.

Zarautzen Hondarribia nagusi izan bazen ere, Santurtzik alde nabarmena mantentzen du bere alde Eusko Label Ligan. (Jon URBE / FOKU)
Zarautzen Hondarribia nagusi izan bazen ere, Santurtzik alde nabarmena mantentzen du bere alde Eusko Label Ligan. (Jon URBE / FOKU)

Gero eta gehiago Kontxako banderak hartuko du garrantzian arraun munduan, baina oraindik estropada mordoa jokatu behar da Donostiako badiara iritsi arte. Hasteko, Ondarroan eta Hondarribian badute nahikoa zeregin Eusko Label Ligako partehartzaileek, dagoeneko sasoia baita 2021eko uda honetan erabaki beharrekoak erabakitzen hasteko.

Sei estropada falta zaizkio Eusko Label Liga honekikoak egiteko eta hurrengo bi asteburuetan horietatik lau jokatuko dira. Hasteko, zuzenean KAE1 Ligara zein eroriko den erabakiko da, nahiz eta badirudien Zarautzek eraman beharko duela gurutze hori. Bestetik, Tiran azkenaurreko postu horretan geratzen den ere ikusi beharko da. Zarauzko Ikurrinera iritsitakoan bazirudien galiziarrek Lekittarrari aldea kendu behar ziotela, baina Isuntzak sekulako bultzada jaso zuen Zarautzen erakutsitako mailari esker eta, hala, badirudi Lekeitioko taldea seguru dela, Ares seguru den moduan. Bide batez, esan behar Ares berriz ere arraunean egiteko moduan egotekoa dela asteburu honetan covid-19a atzean utzi ondoren.

Bestalde, Santurtzi eta Hondarribiaren artean dago aurten ere Eusko Labe Liga eta iazko moduan, alde polita lortu du talde bizkaitarrak 2020ko balentria aurten ere erdiesteko. Joan den asteburuan Hondarribia jaun eta jabe izan zen Zarauzko Ikurrinean, baina «Soterak» ez zuen askorik galdu eta astean zehar Eusko Label Ligako Epaile Bakarrak zigorra berretsi diolako «Ama Guadalupekoari» Koruñakoe stropada gertatutakoagatik, zortzi puntuko diferentzia bere alde du: 151 «Soterarentzat» eta 143 Hondarribiarentzat. Hirugarren postuan dagoen Donostiarrak, 125 punturekin, es du aukerarik.

XXXVII. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia izango da traineru «vikingoak» santurtziarrekiko aldeak murrizteko aukeretako bat. Buruz buruko lehia ozango dute hauek biek, Donostiarra eta Zierbenarekin batera. Bandera lortu edo ez baino, bi protagonisten artean zeinek amaitzen duen aurretik eta zenbateko aldearekin, horixe da uneotan benetan ardura duena Eusko Label Ligari dagokionez. Estropada 18.13etatik aurrera hastekoa da.

Bestalde, igandean Hondarribiko XXXIV Bandera – Mapfre Sari Nagusia 12.13etan hasita. Eusko Label Ligako hitzordua baino lehen, dena den, Euskotren Ligako lau ontziek XIII. Txingudiko Bandera ONDOAN Sari Nagusia jokatuko dute, Ligarako puntuagarri ez den estropada, baina bai Kontxara begira prestatzeko balioko diena emakume arraunlariei.

Eusko Label Ligari lotuta Hondarribiako Banderari buruz azpimarragarria da azken urteotan ez dagoela menperatzaile garbirik. Urdaibai, 2016 eta 2017. urteetan izan da bakarra azken aldian trapu hau behin baino sarroago irabazteko kapaz. aldiz, hurrengo urteetan Santurtzi, Orio eta Cabo izan dira Hondarribian nagusi, baina behin irabazi ostean txanda pasa egitea egokitu zaie.

Asteburu erabakigarria KAE Ligan

Azken estropadak jokatuko dira asteburu honetan KAE1 Ligan. Getariak ia seguru dauka aurreneko bi postuetako baten amaituko duela, baina ikusteko dago Getariarekin batera, Pedreña hala Kaiku zein pasako den Eusko Label Ligako playoffetara. Jose Luis Korta Sestaora itzuliz geroztik Kaikuk gorantz egin du, baina Kantabriarrak aurretik dituzte oraindik, bigarren postuan.

Larunbatean 16.00etan XXXII. Plentziako Ikurrina jokatuko dute eta igandean Bilboko Hiria  estropadarekin amaituko dute Fase Erregularra. Zapatuko estropada ohiko lasterketa izango den bezala, lau kaleta eta lau luzekoa, Bilbokoa erlojuaren kontra aritu beharrekoa izango dute.

KAE2 Ligan, berriz, Busturialdeak bere eskuan du datorren urtean KAE1 Ligan aritzeko txartela. Bere kasuan, play-offetatik pasatu beharrik gabe izango lukete eskubide hori, baina hortarako beren aldeari eutsi beharko diote zapatu eguerdian Hondarribia, XV. Arrantzaleen Kofradiako banderan. Portugalete inguruan dabilkio Busturialdeari eta beraz, lokartu gabe egin beharko dute arraunean.

Aldiz, Euskotren Liga amaitu bada ere, ezin gauza bera esan ETE Ligari buruz. Ane Aizpuru Basterretxearen omenezko aurreneko estropada jokatuko dute igandean Bilbon, erlojuaren aurka jokatu ere 16.00etan hasita. Tolosaldeak beste urtebetez play-offetan bere burua ikusi lezake aurten ere, Deusto eta Hibaikari nahikoa aldea ateratzen baitio