Arnaitz Gorriti

Ahal izango balu, Zierbenak Ondarroan egingo luke arraunean beti

Azken txanpan Donostiarra bertan izan badute ere, «galipoek» irabazi dute, 2018an eta iaz lortu zuten bezala, eta denboraldiko bigarren bandera. Hondarribia hirugarren sailkatu da eta bi puntu murriztu dizkio sailkapen nagusian Santurtziri, Orio tartean sailkatu zaielako.

Ondarroan, denboraldiko bigarren bandera eskuratu du Zierbenak. (Endika PORTILLO / FOKU)
Ondarroan, denboraldiko bigarren bandera eskuratu du Zierbenak. (Endika PORTILLO / FOKU)

Zierbenak gustora egiten du arraunean Ondarroan. Iaz eta 2018an bezala, «galipoek» eraman dute Ondarroako Bandera, Donostiarrarekin sekulako borroka izan ondoren. Bigarren luzean estropada birrindu egin dute Zierbenakoek, baina Donostiarra atzetik aurrera etorri zaie eta azken unean, larri asko ibiliagatik, estropadaren branka eutsi dute, denboraldiko bigarren garaipena erdietsiz.

Ez da, bestalde, Santurtzi eta Hondarribiaren egunik onena izan. Aldaketak egin dituzte eskifaietan eta ez dute beste egunetako atarramendurik atera. Azkenean «Ama Guadalipekoak» bi puntu kendu dizkio «Sotera» liderrari sailkapen nagusiari begira, Hondarribia hirugarren sailkatu baita, eta bosgarren bizkaitarrak, Orio tartean sartu zaielako.

Alabaina, igandeko Hondarribiko Banderak Santurtzi eta Hondarribiaren arteko buruz buruko zuzena izango du. Eusko Label Liga azken txanpan sartzen ari delako, sailkapen nagusirako lehiak lehentasuna baitu. Ikusi egin behar hondarribiarren etxean «Ama Guadalupekoak» tartea gehiago murrizteko modurik duen ala ez.

Korrontea giltzarri

Haize handirik ez, olaturik ia batere ez, baina korronteek zailtasun dexentekoa ezarri diote Ondarroako probari. Aurreneko txandatik bertatik ikusi izan da traineruek lanak izan dituztela, esaterako, kanpoko ziabogak behar bezala emateko, eta era berean, buelta politak ikusi izan dira.

Ohorezko txandak eragin du ohi den moduan ikusminik handiena –nahiz eta aurtengo Eusko Label Ligan bigarren txandako garaipenak ez diren batere arraroak–. Harritzekoa izan da aurreneko luzetik Santurtzi liderrak nola distantzia galdu duen Zierbena eta Donostiarrarekiko, Hondarribia hirugarren postuan hasi den bitartean.

Aurreneko ziabogak hasiera baten berretsi egin du donostiarrek eta «galipoen» arteko buruz burukoa, «Sotera» estropadako sailkapenean seigarren posturaino erori den artean. Baina «Ama Guadalupekoak» berak ere ez du aprobetxatu Santurtziren egun aldrebesa; are gehiago, liderrak traineru «bikingoa» harrapatu egin du. Aurrean, berriz, Zierbenak aldea nabarmen atera dio Kaiarribari eta lehorretik, Orioren denbora erreferentzia baliagari hasi da bihurtzen

Izan ere, aurten ez du banderarik irabazi, belaunaldi aldaketa baten erdian, Oriok erreferentzia aparta ezarri du bigarren txandan, bere atzetik hurrengo sailkatu den Urdaibairi hamar segundoko aldea atera ondoren.

Lehenengo luzetik «mirotzek» oso erraz eraman dute estropada, bigarren uzeaz geroztik lasai aritzeko adina diferentzia zabalduz «Bou Bizkaiarekik». Bien bitartean, Cabo da Cruz eta Ondarroak egundoko borroka izan dute.

Hala, azken luzean etxekoak eta galiziarrak oso gertu ibili dira palek txoke egiteko. Hala ere, epaileek Cabori ababorrera joateko agindu pare baten ostean, ez da inolako talkarik izan, dena galiziarren mesederako, segundo bat aurretik helmugaratu baititra ondarroarrak baino.

Hirugarren txandako arraunlariek bigarrenekoen abenturak zuzen zuzenean ikusi dituzte, baina gero bere txanda iritsi denean nahikoa lan izan dute. «Galipoek» ezarri dute lan erdietan denborarik azkarrena, baina Oriok ezarritakoa baino segundo bat gutxiago bakarrik. Donostiarrak, berriz, amore eman du eta Santurtzi eta Hondarribiaren itzalera itzuli behar izan du.

Erritmo bizian

Donostiarrak bigarren bulkada on bat aurkitu du, hala ere, eta berriz ere lortu du Hondarribia eta Santurtzi atzean uztean. Are gehiago, azken txanpara Zierbenarengandik ontzi bakarrera iritsi da.

Zierbank, bestalde, Orioren denborak birrindu ditu, baina erritmo bizitxoa hartu du nonbait, eta azken metroetara oso nekatuta eta onenak emanda iritsi dira «galipoak». Azken metroetan Zierbenak olatu bat hartu ahal izan du eta kostata bada ere, eutsi dio alderari eta bandera eskuratu du.

Hondarribiak, bestalde, esprint bikaina egin du eta aldea atera dio zapatu honetan hain eskas –bere mailan– aritu den Santurtziri. Are gehiago, Orio ere gainditu du eta hala, bi puntu kentzen asmatu du «Ama Guadalupekoak» eta sei puntura hurbiltzeaz gain, Eusko Label Liga oraindik bizirik dagoela erakutsi dute.

Aurreneko txandari dagokionez, Zarautzen aukera apurrak azken postua saihesteko borrokan, itsaso hondora joan direla esan behar. Tiranek beste bi puntu atera dizkio atzetik aurrerako estropada burutu ostean, eta «Enbatak», berriz, ezin izan du hamabigarren postua ekidin, azken unean Aresek branka sartu baitio traineru gipuzkoarrari.

XXXVII. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia

1- Zierbena 19:34.54

2- Donostiarra 19:36:34

3- Hondarribia 19:41.16

4- Orio 19:41.46

5- Santurtzi 19:46.06

6- Urdaibai 19:51.96

7- Cabo 19:57.36

8- Ondarroa 19:58.58

9- Lekittarra 20:20.33

10- Tiran 20:20.99

11-Ares 20:32.57

12- Zarautz 20:32.69

Eusko Label Liga. Sailkapen Nagusia

1- Santurtzi 159 puntu

2- Hondarribia 153

3- Donostiarra 136

4- Zierbena 134

5- Orio 129

6- Urdaibai 114

7- Ondarroa 83

8- Cabo 78

9- Ares 67

10- Lekittarra 63

11- Tiran 47

12- Zarautz 37

Busturialdea, KAE-1 Ligara zuzenean

Bestalde, KAE-1 eta KAE-2 Ligetako estropadak izan dira zapatu honetan. Kasu honetan KAE-2 Ligako emaitza hartu behar da aintzat, Busturialdeak Hondarribian KAE-1 Ligarako zuzeneko txartela irabazi baitu. Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako XV. Banderan nagusitu da eta horrela bermatuta utzi du arraunaren «zilarrezko dibisiora» igotzeko txartela.

Aldiz, KAE-1 Ligan Getariak ia ziur esan lezake Euskotren Ligara igotzeko play-offetan sartuko dela, eta bigarren posturako Kaikuk eta Pedreñak igande honetan kanporaketa zuzena izango dutela.

Jose Luis Kortak entrenaturiko Kaikuko traineruak eraman du XXXII. Plentziako Ikurrina, eta sailkapen nagusiko bigarren postura igo da Pedreñarekin berdinduta.

Izan ere, Pedreña laugarren postura erori da, Kaiku, Getaria eta Arkoteren atzetik, bere alde zuen aldetxoa galduz bizkaitarren mesedetan.

Ondorioz, igande arratsaldeko 16.45etan, Villa de Bilbao Banderan erabakiko da dena. Erlojuaren aurka ariko dira eta Getariarekin batera mailaz igotzeko kanporaketetan zein beste traineru izango den, Kaiku edo Pedreña, igandeko estropadaren emaitzaren araberakoa izango da, bestelako kalkulu beharrik gabe.