Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Lapurtutako memoria berreskuratu dute Donostian Morlanseko sarraskiaren 30. urteurrenean

Morlanseko segadan Guardia Zibilak Jokin Leunda, Iñaki Ormaetxea eta Patxi Itziar hil zituenetik 30 urtera isiltasunarekin amaitu eta memoria osoa aldarrikatzeko ekitaldia egin dute larunbat honetan Donostiako auzo horretan. 1991ko abuztuaren 17 hartan gertatu zenaren egia apurrak zabaldu dituzte.

Morlanseko segadan hildakoen senideak ekitaldian, lore-sorta banarekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Morlanseko segadan hildakoen senideak ekitaldian, lore-sorta banarekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Garaian garaiko agintarien debekuek atzera bota izan dute, azken 30 urteetan, Guardia Zibilak Donostiako Morlans auzoan segada batean hil zituen Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Jokin Leundari gertatu zitzaienaren aitorpena. Xume, intimoago, gogoratuko zituzten senide eta lagunek urtero. Baina publikoki memoria kolektiboa aldarrikatzen ez diete utzi.

Urteurren borobila zen aurtengoa, 30.a. 1991ko abuztuaren 17an, lau orduko tiroketa gupidagabean ostean, ke artean, Tolaretxe etxe zulatuan, Guardia Zibilaren GAR taldeko dozenaka kideren erasoari tiroz erantzuteko hautua egin zuten hirurak hil zituzten. Urbinarra, beasaindarra eta debarra. Tiroz josita agertu ziren lehen biak, Ormaetxea eta Leunda, eta tiro bakarraz hilik hirugarrena. «Oso susmagarria», Erroka Itziar anaiaren ustez.

Egun hartan gertatutakoak aski grabeak izan ziren arren, gertaerak ez dira hain ezagunak Euskal Herriko memoria kolektiboan, zer esanik ez mugetatik kanpo, agian, istorio hau isiltzera eman dutelako interesdunek. Eta, hain zuzen ere, isiltasun derrigortuarekin amaitzeko zita izan da larunbat eguerdian Morlanseko Leire plazan egindako ekitaldia. «Memoria osoa ozen eta taburik gabe aldarrikatzeko».

Jakina den hori gogoratzera batu dira ehunka pertsona plazara. Jakina dena, 600 bala-zulo eragin zituen tiroketaren ostean dozenaka Guardia Zibilek Ormaetxea, Itziar eta Leunda hil zituztela eta Maria Eugenia Muñagorri, Tolaretxeren jabea, atxilo eraman zutela. Operazio berdinean beste dozena bat euskal herritar ere atxilotu zituztela.

Baina argitu ez diren galderak ere badira segadatik 30 urtera. Nork agindu eta gidatu zuen operazio hura? Nolatan hil zituzten hain gertutik? Zer ezkutatu nahi zuten Guardia Zibilek han ziren kazetariei karreteak apurtuz?

Hiru testigantza

Morlanseko sarraskiari dagokionez jakina den apur hori erasoa gertutik bizi izan zuten testigantzetatik jasoa da. Gaur horietako hiru irakurri dituzte; amnistiaren aldeko militante batena, Morlanseko bizilagun batena eta Patxi Itziarrek bizitakoaren gainean eraikitako kontakizuna.

Goizeko 10.00ak aldera somatu zuten hirurek zerbait gertatzen ari zela. Aste Nagusiko larunbatean ez zen ia inor agertu preso eta errefuxiatuen aldeko eguna antolatzeko zitara.

Anbulantzian lanean ari zen batek amnistiaren aldeko militanteari esan zion Morlansen zerbait gertatzen ari zela. Gestoraseko kideak Maria Eguneniari deitu zion zuzenean, baina etxeko norbaitek telefonoa hartu bezain laster eskegi zuen. «Oraindik ez genuen Morlansen gertatzen ari zenaren berri eta ez genekien, ezta ere, etxe hura, hiri honetan egondako sarraskirik krudelenetako baten lekuko izango zenik».

Bizilagunak Guardia Zibilaren patrolak ikusi zituen goizean. Helikopteroaren hotsa. «Auzoa setiatzen ari direla ematen du» eta, halako batean, eztanda. “Eusko Gudariak” kantatzen hasi dira Ormaetxea, Leunda eta Itziar, bizilagunak artean zeintzuk ziren ez zekien arren. Tiro hotsak. «‘Cantad, cantad el Gudari que os vamos a dar pal pelo’», guardia zibil batek. Aginduak garbiak ziren: «Tirad a matar».

Bitartean, Tolaretxen gotortuta zegoen Patxi Itziar. Jokin ezkerreko gelan sartu da, Maria Eugenia, Iñaki eta Pintto txakurra bainugelan, eta bera eskumako gelan. «Eztanda bat entzun dut». Atea lehertu dute. “Eusko Gudariak” kantatu dute etxe barrutik. «Tiro hotsa. Haiek bota eta guk erantzun». Jokinen oihuak entzun ditu Patxik, eta lurrean kolpe bat hondoren. «'Gruñe como un cerdo', esan du agente batek». Iñakiri ere eman diote. Pasilotik ari dira orain tiro egiten eta gas negar-eragileak bota dituzte. Maria Eugenia eztulka, Jokin eta Iñakiren ahotsen arrastorik ez. Pintto ere isildu da. Eta Itziarren kontra ari dira tiroka: «'Solo tiras las balas de una en una. Cuéntalas que se te están acabando'», esan diote. «Bala guztiak amaitu zaizkit. Iñaki eta Jokinen gisara bukatzea beste aukerarik ez dudala badakit».

Memoriarako bidea

1991eko abuztuaren 17 hartan Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea zen Idoia Ibero eta egun hartako operazioan atxilo eraman zuten Maitane Sagastume igo dira gero Morlanseko Leire plazan jarritako oholtzara. Kontatu dute, orduko hartan, 1992an jarrita zutela negoziazioetan aurrera egiteko esperantza, Estatu espainiarrarentzat urte garrantzitsua baitzen hura, Olinpiar Jokoak tartean zirela.

Baina aise eten ziren esperantzak. Morlanseko sarraskiak ondorio latzak ekarri zituen. Dozena bat pertsona atxilotu zituzten egun horretan Donostian eta inguruetan, tartean Sagastume. Kontatu du egun ugari pasatu zituztela inkomunikatuta eta agenteek informazio faltsua ematen zietela, nahasteko. Su artifizialen soinuengatik jakin zuen artean Donostian zegoela, Intxaurrondoko koartelean.

Madrilgo torturak iritsi ziren gero. Ondoren, Carabanchelgo kartzelan sartu zuten beste hainbat kiderekin batera. Emakumeak gutxi ziren, ordea, eta gizonek baino informazio gutxiago zeukaten gertatzen ari zenaren inguruan.

Espetxetik atera zenerako ere, Sagastumek ez zuen oraindik informazio osoa. «Ekitaldi hau prestatzen aritu garenean, adierazgarria egin zait espetxetik ateratzean gauza asko ez nituela galdetu. Oraintxe jakin ditut xehetasun asko. Horrek esaten dit gure memoria eraikitzeko oraindik bidea dugula egiteko».

Hamarnaka presoen senideak laguntzen ari zen Idoia Ibero Sagastume eta besteak atxilo hartu zituztenean. «Egun hartan eta hurrengoetan komisaldegietarako bueltak etengabeak izan ziren. Senideak ez genituen bakarrik utzi. Hainbeste senide ziren, asteazken gauean [larunbatean izan zen segada], hitzordu ero bat egin genuela Pio XII plazan. Erabaki behar izan genuen zein joango zen bisitan eta zein ez. Amonak, lehengusuak, gurasoak, lagunak, zeuden han».

Urte haietan pasatakoak gaur plazaratu dituzte, hiru hamarraldiren ondoren. «Kostata, baina hemen gaude, konplexurik gabe», nabarmendu du Iberok. «30 urte eta gero merezi duten omenaldia egiten ari gara».

Lore sorta bana eman diete ekitaldian zehar senideei. Kantuz, poesiaz eta dantzat apaindu dute urteurren gogorra. Eta Iñaki Ormaetxeak, Jokin Leundak eta Patxi Itziarrek Tolaretxen hil aurretik nola, “Eusko Gudariak” kantatuz amaitu da ekitaldia Donostiako Morlans auzoan.