Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Soilik 74 ehunenengatik irabazi dio Santurtzik Hondarribiari Areseko ur gogorretan

Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek lehia oso oso estua bizi dute Galizian, eta irabazlea ez da helmugararte ezagutu. Garaipenari esker, «Soterak» puntu bat gehiago atera dio «Ama Guadalupekoari» eta bost puntura igo du errenta sailkapen nagusian. Zarautzek maila galdu du matematikoki.

Gorka Aranberri Santurtziko patroiak tinko eusten dio Areseko banderari, Hondarribiari 74 ehunenengatik gailendu ostean. (EUSKO LABEL LIGA)
Gorka Aranberri Santurtziko patroiak tinko eusten dio Areseko banderari, Hondarribiari 74 ehunenengatik gailendu ostean. (EUSKO LABEL LIGA)

Ederra! Halakoa izan da gaur arratsaldean Areseko uretan bizi izan dugun Eusko Label Ligako estropada. Azken metroraino ez dira erabaki bandera eta sailkapen nagusirako puntu garrantzitsuak. Ohorezko txandan erabaki du Santurtzik proba, baina ia ia foto-finisharen beharra egon da. Izan ere, 74 ehunengatik bakarrik irabazi baitio Hondarribiari. Gauzak hala, bost puntuko aldea dago orain bi traineruen artean, bihar Moañan jokatuko den estropada aurretik. Hurrengo hitzordua Kontxako Bandera izango da.

Kontrako aldean Zarautz dugu. “Enbatak” ezin izan dio mailari eutsi eta KAE1 Ligan arituko da datorren denboraldian, gaur ezin izan baitu Tiranen aurretik bukatu nahiz eta momentu askotan aurretik aritu den.

Ohorezko txandako traineruek aurreko bi txandetan egindakoa oso kontuan izan dute. Estropada exijentea izaten ari zen, haize askorekin, eta hala izan da proba guztian. Hondarribiari lehen kalea egokitu zaio zozketan, gaur ikusi denez, eguneko onena. Hala ere, Santurtzik oso zaila jarri dizkio gauzak hasiera-hasieratik.

“Ama Guadalupekoak” ezin izan ditu metroak hartu aurretik, eta gipuzkoarrek eta bizkaitarrek denbora berean egin dituzte hiru ziabogak –beti ere, GPSak esaten zuena kontuan hartuz–. Atzetik, aldiz, Zierbenak eta Donostiarrak hirugarren posturako lehia polita mantendu dute.

Azken luzean, Hondarribia Santurtziren ondora gerturatu da, baina metro gehiago egin behar izan ditu maniobra horretan eta “Soterak” azken martxa sartu du 74 ehunengatik irabazteko eta lidertza sendotzeko oso estropada gutxi falta direnean.

Atzetik, Donostiarrak Zierbenari aurre hartud dio hirugarren luzean eta hirugarren amaitu du estropada, Cabo, Orio eta Zierbenaren aurretik.

Bigarren txanda: Cabo eta Orioren arteko beste lehia polita

Bigarren txandak azken metro interesgarriak eskaini ditu Cabo eta Orioren artean. Azkenean ehuneko oso gutxirengatik irabazi dute galizarrek. Hauek lehen kaletik abiatu dira eta konfirmatu dute –aurreko txandan Lekittarrak egin duen moduan– oso kale ona zela arrauna egiteko, gehienbat joaneko luzean.

Hala, hasieratik metro batzuetako abantaila lortu dituzte Caboko arraunlariek, nahiz eta Oriokoak oso gertu mantendu momentu oro. Pentsa, lehen eta bigarren ziabogetan denbora bera markatu dute bi ontziek, eta hirugarrenean bi segundoko aldea zen.

Azken luzean oriotarrek hortzak estutu eta Cabokoei sustu handi bat emateko oso gertu egon dira. 0.37ko aldea izan da azkenean bien artean.

Atzerago, Urdaibaik lortu du txandako hirugarren postua, ia 9 segundora, eta Ondarroa atzerago geratu da, 32 segundora. Lehen txandako Lekittarak baino denbora okerragoa egin du.

Lehenengo txanda: Zarautzek jaitsiera gauzatu du

Areseko estropada emozioz beterik hasi da. Lehenengo txanda Lekittarrak eraman du, baina bizkaitarrek ikusi behar izan dute Ares, etxeko traineruak, nola gerturatu zaien azken luzean. Galiziarrak ondo ezagutzen dute estropada-eremua, eta azken luzean laugarren –hortik atera dira– eta hirugarren kaleen artean egin dute arraun. Bost segundoko aldea 1.29an utzi dute azkenean.

Atzean, aldiz, albiste txarra Zarautzek eskaini du, matematikoki Eusko Label Ligatik jaitsi baita jada. Estropadako momentu askotan Tiranen aurretik joan dira gipuzkoarrak. Azken ziabogan, esaterako, bi segundoko aldea ateratzen zioten traineru galiziarrari, baina azken luzean zarauztarrek esfortzua ordaindu eta Tiranek gainditu die. Gauzak hala, Zarautz KAE1 Ligan aritu beharko da datorren denboraldian.

XIV Bandeira Concello de Ares

1. Santurtzi        19:56.94
2. Hondarribia    19:57.68
3. Donostiarra    20:15.64
4. Cabo             20:18.64
5. Orio              20:19.08
6. Zierbena        20:20.32
7. Urdaibai         20:27.64
8. Lekittarra       20:50.35
9. Ondarroa       20:51.18
10. Ares            20:51.89
11. Tiran           21:09.69
12. Zarautz         21:11.71

Sailkapen nagusia

1. Santurtzi       181 puntu
2. Hondarribia    176
3. Donostiarra    155
4. Zierbena        148
5. Orio              148
6. Urdaibai         128
7. Ondarroa        92
8. Cabo             90
9. Ares             76
10. Lekittarra    72
11. Tiran          51
12. Zarautz       39

Castroko trainerua ziaboga bat egiteko prest aurreko estropada batean. (FOKU)

KAEko play offak: Castrok abantaila hartu du

Castrok abantaila hartu du TKEra igotzeko edo mantentzeko play offetan, arratsalde honetan azkarrena izan baita Colindreseko uretan. Hiru segundoko aldearengatik irabazi du “La Marinerak”. Bigarren Camargo izan da, hirugarren Hondarribia B eta laugarren Portugalete.

Play offa igandean erabakiko da, 12.30etik aurrera Castro Urdialesen. Eusko Labeletik jaitsiko den Zarautzekin eta KAE2 Ligatik zuzenean igoko den Busturialdearekin, lehen sailkatuak bakarrik izango du tokia KAE1 Ligan hurrengo denboraldian.

Bigarrenak eta hirugarrenak KAE1 Ligako txapeldun eta txapeldunorde izan diren Getaria eta Kaikuren emaitzen zain egon beharko dute maila gorenerako play offean.

ETE Liga Erandion

Deustu Tolosaldearekin batera lehiatuko da Euskotren Ligara igotzeko play offetan –irailaren 18 eta 19an jokatu dira–. Atzo, Erandion, azken estropadan, bigarren postua ziurtatu zuen sailkapen nagusian, Tolosaldearen atzetik amaitzerakoan. Gipuzkoarrek lider bezala amaitu zuten dagoeneko aurreko asteburuan Bilbon. Ondoren sailkatu ziren San Juan, Zumaia, Zarautz, Lutxana, Ondarroa, Lapurdi, Isuntza eta Castro.