NAIZ

Indarrak batzeko saiakera egin dute herri mugimenduek Iraultza Txikien Akanpandan

Arteako Basoa etxean izan den Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizioan parte hartu dutenek saiakera bat egin dute «esparru guztietako jendea batzeko. Korronte politiko zein problematika guztietako militanteak batzeko». «Ez dugu ehuneko ehunean lortu, baina pozik gaude», azpimarratu dute.

Eragile ezberdinetako kideak bildu dira Arteako Basoa etxean. (ITA)
Eragile ezberdinetako kideak bildu dira Arteako Basoa etxean. (ITA)

Amaitu da abuztuaren 25etik 29ra bitartean Arteako Basoa etxean izan den Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizioa, eta antolatzaileek balorazio baikorra egin dute. Izan ere, Euskal Herriko «herri mugimendua zatikatze prozesu batean dagoen honetan, saiakera bat egin dugu esparru guztietako jendea batzeko. Korronte politiko zein problematika guztietako militanteak batzeko. Ez dugu ehuneko ehunean lortu, baina pozik gaude».

Ohar batean adierazi duten bezala, egun hauetan «herri ekimenetan jarraitzeko gogoa eta indarra elikatu» dute, eta komunitate bat sortu dute, «ongi bizitzen saiatuz». «Urtean zehar hemendik kanpo ditugun borroketan jarraitzeko elkar motibatu gara. Dena ez da ederto atera, baina horretan ibili gara, ikasten», gaineratu dute, eta sua piztu dutela ohartarazi dute.

«Garai goibelak ekarri dizkigu pandemiak, isolamendu eta bakardade handiko garaiak. Honen guztiaren ostean arnaslekua izan dugu Iraultza Txikien Akanpada», azaldu dute, eta «Euskal Herria Babes Herria» irudikatzeko aukera izan dutela nabarmendu dute.

Halaber, beste herrietako eragileek aurrera eramaten duten borrokei buruz hitz egiteko aukera izan dute, eta Honduraseko Guapinol ibaia babesten duten lagunei elkartasuna adierazi diete.