NAIZ

‘Las huellas de elBulli’ filmak irekiko du 69. Zinemaldiko Culinary Zinema atala

Ferran Adriàk zuzendu zuen jatetxeari buruzko ‘Las huellas de elBulli’ filmak inauguratuko du Donostiako Culinary Zinema saila. Honekin, fikziozkoak ez diren beste hiru film eskainiko dira: ‘The Pursuit of Perfecto’, ‘Reinventing Mirazur’ eta ‘Michelin Stars II: Nordic Kokby Nature’.

Culinary Cinema saileko afari berezia, aurreko edizioan. (Jon URBE / FOKU)
Culinary Cinema saileko afari berezia, aurreko edizioan. (Jon URBE / FOKU)

Ferran Adriàk zuzendu zuen jatetxeari buruzko ‘Las huellas de elBulli’ filmak inauguratuko du Donostiako Nazioarteko 69. Zinemaldiko Culinary Zinema saila, irailaren 17tik 25era. Bost pelikula luze programatuetatik, lau mundu mailan sarituak izan dira.

Aurten, Culinary Zinemak fikziozkoak ez diren hiru film eskainiko ditu, ‘Las huellas de elBulli’ pelikulaz gain. ‘The Pursuit of Perfecto’ saioak Japoniako lau sukaldari garrantzitsu ezagutzeko aukera emango du; ‘Reinventing Mirazur’ saioan Mauro Colagreco sukaldariaren asmakuntza kontatuko da, eta ‘Michelin Stars II: Nordic Kokby Nature’-k Feroe Irletako Kosk jatetxera bidaia proposatuko du.

Gainera, ‘Délicieux/ Delicious’, sukaldaritza arteko garaiko fikzioak amaiera emango dio atalari.

Joxe Mari Aizega zuzendariak eta JosE Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak aurkeztu dituzte ostegun honetan Culinary Zinemaren proiekzioak.

Esan dutenez, Iñigo Ruiz eta José Larraza kazetariek aurkeztuko dute ‘Las huellas de elBulli’, Movistar+ katearen jatorrizko dokumentala. Ruizek lehenago zuzendu ditu gastronomiarekin lotutako zenbait film, eta Larrazak ere badu esperientzia dokumentalaren eta telebistaren arloan.

‘Délicieux / Delicious’ Eric Besnard zinemagile frantsesaren pelikularen estreinaldiak Culinary Zinema itxiko du. Frantziako Iraultzaren hastapenetan dago girotua. Noble batentzat lan egiten duen sukaldari batek bere lanbidearekiko lotura galdu eta etxera itzultzea erabaki du.

Hainbat film labur zuzendu ondoren, Toshimichi Saito ‘The Pursuit of Perfecto’ filmarekin estreinatu da film luzean. Japoniako sukaldaritzaren azterketa da, bere lau sukaldari garrantzitsuenen ikuspegitik egina.

Franck Ribiere eta Verane Frediani frantsesek ‘Reinventing Mirazur’ zuzendu dute. Mauro Colagreco sukaldari argentinarraren erretratua da, eta haren sukaldaritzak lotura estua du naturaren energiekin.

Afari tematikoak

Saileko bost film luzeekin batera afaria tematikoak eskainiko dira, irailaren 20tik 24ra, Basque Culinary Centerren. Proiekzioetarako eta afarietarako sarrerak datorren astelehenean, irailaren 6an, jarriko dira salgai, goizeko bederatzietan, 70 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken web orrien bidez. Filmetarako sarrerak irailaren 13tik aurrera jarriko dira salgai, 7,90 euroren truke.