NAIZ

Leioako Umore Azokan estreinaldirik ez baina ehun bat emanalditik gora izango dira

Leioa ‘Kaleko Arteen hiria’ bihurtuko da berriro, irailaren 16tik 19ra Umore Azokan ikusi ahal izango diren ehun bat emanaldiei esker. Maiatzetik irailera atzeratu ondoren –berme guztiekin egin nahi izan baita–, ez da estreinaldirik egongo baina ehun bat emanaldiz osatuko da.

Aurtengo edizioaren aurkezpenean erakundeek Azokaren aldeko apustua berretsi dute. (@UmoreAzoka)
Aurtengo edizioaren aurkezpenean erakundeek Azokaren aldeko apustua berretsi dute. (@UmoreAzoka)

Egungo egoera pandemikoari egokituta itzuliko da irailaren 16tik 19ra bitartean Leioako Umore Azoka, aurten 20. ediioan. Euskal Herriko, Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 39 konpainia izango dira Leioa berriro eszenatoki bihurtuko dutenak.

Umore Azoka Leioak, Estatu mailan kaleko arteen programazio osoa eskaintzen duen azoka bakarrak, pultsua berreskuratu du, antzerkian, musikan, zirkuan, dantzan eta magian murgildutako programazioarekin. Ehun emanaldi inguru egingo dira ostegunetik igandera bitartean, bederatzi leku desberdinetan: Errekalde Plazan, Elexalde Errotan, Udaletxe Plazan, Udaletxe Biribilgunean, Bulebarrean, Institutuan, Aldapa Auditorioan, Udondon eta Kandelazubietan.

XXI. Umore Azoka Leioako egitarauaren aurkezpena ostiral goizean egin da Kultur Leioan, eta bertan izan dira Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkatea, Aitziber Atorrasagasti Lakuako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia. Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoen INAEMekin batera, ekitaldi honen laguntzaile nagusien taldea osatzen duten erakundeak dira.

«Gogoa, ilusioa, poza, kitzikapena... berba horietako edozeinek balio du Leioako Umore Azokaren edizio honen aurrean bizi dugun egoera definitzeko. Agian ez da konpainia gehien ekarriko dituena edo nazioartekoena, baina, zalantza barik, bereziena da, pasatu behar izan ditugun inguruabar guztiengatik», ziurtatu du Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak.

Horrela, alkateak gogorarazi du Umore Azoka erronka eta ahalegin ekonomikoa dela urtero hiriarentzat, baina inoiz ez dela zalantzan jarri ikuspegi askoetatik errentagarria dela erakutsi duen ereduaren jarraipena. «Tokiko ekonomia dinamizatzen duen hiriko ekitaldia baino askoz gehiago da; erreferentzia da, halaber, gure herrialdeko kultur sektorearentzat, eta, gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina ere bada. Ilusioak gorantz kotizatzea gura dugu», adierazi du.

Ikuspuntu profesionaletik, Rodriguez Etxeberriak gogorarazi du ekitaldi honetan biltzen dela EAE osoko euskal konpainia gehien –aurten, programazioa osatzen duten 39etatik 22 EAEkoak dira–, eta jaialdi eta azoka profesionala uztartzen dituen bakanetako bat dela. «Lau egun hauetako jarduera ez da kaleetara mugatuko; aldi berean, konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute Kultur Leioan».

39 konpainia eta 100 emanaldi inguru

Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu parte hartuko duten konpainiak egitaraua osatzeko. Parte hartuko duten 39 konpainiek 94 emanaldi egingo dituzte. Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina ‘clownaren’ umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoa ere izango dira.

Aurten Azoka maiatzetik irailera atzeratu denez, eta, beraz, ikasturte artistikoa oso aurreratuta dagoenez, konpainiek ezin izan dute estreinaldirik aurkeztu hemen. Hala ere, aukeratutako ikuskizunen aniztasunak eta kalitateak programazio oso osoa bermatzen dutela aipatu dute.

Nazioartetik, ‘Adventures in planet loves’, Jordi L. Vidalena (Belgika-Dantza Zirkua); ‘O2 oxygen’, Piaren (Portugal-Antzerkia); eta ‘Anime Leggere’, DEKRUrena (Ukrania-Zirkua) lanak ikusi ahal izango dira.