NAIZ

Getxoko Munduko Sokatira Txapelketak 16 herrialdetako 580 tiralari bilduko ditu

Hilaren 16tik 19ra jokatuko da Fadurako Kirol Parkean; aurreneko egunetan klubek hartuko dute parte eta azken bietan, selekzioek, Euskal Herria barne, 2014az geroztik Nazioarteko Sokatira Federazioak (TWIFek) errekonozitu baitu.

Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketaren aurkezpena. (SOKATIRAMUNDIALA)
Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketaren aurkezpena. (SOKATIRAMUNDIALA)

Hilaren 16tik 19ra Getxoko Fadura Kirol Parkean jokatuko den Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketak 580 kirolari bilduko ditu, hiru kontinentetako 16 selekziotan banatuta.

Lehiaketa iaz urtebetez atzeratu zen covid-19 pandemia dela-eta, eta Nazioarteko Sokatira Federazioak (TWIF) antolatu du aurtengoa. Federazio horrek 60. urteurrena ospatzen du aurten, eta Euskal Herria bertoko kide da, Basque Country izenarekin, 2014az geroztik.

Euskal ordezkariekin batera, Belgika, Txekiar Errepublika, Ingalaterra, Frantzia, Alemania, Italia, Letonia, Herbehereak, Polonia, Errusia, Suedia, Suitza, Hegoafrika, Israel eta Txina Taipeiko tiratzaileek hartuko dute parte Munduko Sokatira Txapelketan.

Ostegun honetan egin den  aurkezpenean zehaztu dutenez, lehenengo bi egunetan, 16 eta 17an alegia, kluben arteko lehiak izango dira eta orotara 39 taldek hartuko dute parte. Munduko Txapelketaren hurrengo bi egunetan selekzioek hartuko dute parte, tartean, esan bezala, Euskal Herriko selekzioak.

Euskal Herritik, Gaztedi, Goierri eta Getxo Bizkaiko taldeek eta Gipuzkoako Mutrikuko taldeak parte hartuko dute txapelketa osatzen duten zortzi kategorietan: 500 eta 540 kilo emakumezkoei dagokienez; 560, 640, 680 eta 720 kilo gizonezkoen aldetik; 580 kilo kategoria mistoan; 600 kilo 23 urtetik beherakoetan. Orotara, Euskal Herriko selekzioak aipatu zortzi mailatako tiraldietan parte hartuko du. Taldeka, berriz, denera 18 talde osatuko dituzte eta zazpi kategoriatan banatuko dira.

Tiraldiak goiz eta arratsaldez egingo dira. Gozetik, 9.30etatik 13.30etara luzatuko dira tiraldiak eta hauek amaitutakoan egingo dira sari banaketak. Arratsaldez, berriz, 15.30etatik 17.30etara jarraituko dute tiraldiok. EITBk ere eguneroko jarraipena emango duela hitz eman du.

Osasun neurriak

Osasun neurriei dagokienez, antolatzaileek zehaztu dutenez, «partehartzaile guztiek PCR negatiboaren bermea izango dute» eta «taldekako burbuiletan bilduta egongo dira, kanpoaldearekin kontakturik gabe eta euren arteko harremana ahalik eta murritzena izango da».

Horrez gain, «osasuna bermatzeko uneoroko zerbitzu mediko» bat eratu da ere; hau da, «isolamendu-eremu bat, lehiaketan zehar kasu sintomatikoren bat gertatuko balitz ere» ezarriko da.

Ikusleak ere izango ditu Munduko Txapelketa honek. Kopurua gehienez 500 ikuslerentzat mugatuta egongo da, EAEko osasun agintariek onartutako azken araudiaren araberakoa, eta sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko sistema prestatu da eskaerak kudeatzeko.