NAIZ

Iñigo Llopisi omenaldia egin diote Paralinpiar Jokoetan lortutako zilarrezko dominagatik

Kirol paralinpikoaren «oihartzuna» olinpikoaren maila beretsura «hurbiltzen» ari dela esan du igerilari gipuzkoarrak, Tokion domina bat eta hiru diploma eskuratu ondoren. Bingen Zupiria Kultura eta Kirol Sailburuak diploma lortu duten Basque Teameko beste kirolariak ere gogoan izan ditu.

Iñigo Llopis, bere zilarrezko domina eskuan, Bingen Zupiriarekin Donostian. (IREKIA)
Iñigo Llopis, bere zilarrezko domina eskuan, Bingen Zupiriarekin Donostian. (IREKIA)

Bingen Zupiria EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta bozeramaileak Iñigo Llopis Basque Teameko igerilaria zoriondu du ostegun honetan, Tokioko Paralinpiar Jokoetan lortu dituen zilarrezko dominagatik eta hiru diplomengatik.

Esker onez, igerilari paralinpiar gipuzkoarrak gizartea «pixkanaka» kirol paralinpikoa olinpikora «hurbiltzen» ari dela onartu du; hala «sortzen den oihartzuna» eta aintzatespenagatik, eta batik bat azken asteetan jasotako babesari esker.

Llopisek, urritasun fisikoak dituzten pertsonen S8 kategoriako bizkar estiloko 100 metroetan zilarrezko domina lortu du, eta beste hiru diploma, horrez gain. Pozik agertu da Tokion lortutako emaitzekin,. Dena den, hurrengo helburuei begira jarri da dagoeneko: datorren urteko udan Madeiran –Portugalen– munduko txapelketa jokatzeko, Paris 2024ko Paralinpiar Jokoak ahaztu gabe.

Llopisek gogora ekarri du nola eragin zion konfinamenduak, hilabete horietan ezin izan zuen igeri egin eta gimnasio bihurtutako garaje batean entrenatu besterik ez zuen egin. «Gogorra egin zitzaigun, igerilariak ez gaude ohituta 10 egun baino gehiago igeri gabe egotera», oroitu du.

Itxialdia halako baten amaitzean, irten eta Kontxako badiako uretan berriro igeri egiteko aukera izan baino egun bat lehenago, «txikia nintzenean eta Olentzero etortzekoa zen urduritasun berarekin» sentitu zela onartu du ere. «Asko gozatu nuen berriro igeri egiteaz, Kontxara itzultzeaz», aitortu du.

«Ziklo zaila» izan dela onartuta ere eta Rioko jokoetan, 2016an, 17 urte baino ez zituela, parte hartu izana oso esperientzia ona izan zela gogorarazi du, eta Tokion hobeto lehiatzen lagundu diola.

Bere aldetik, Zupiriak prentsaurreko bat eskaini du Donostian Llopisekin batera, eta igerilari donostiarra zoriondu du Tokion izandako "parte-hartze handiagatik" eta Paralinpiar kirolarien lana goraipatu du.

Gogoratu duenez, Bingen Zupiriak Basque Team fundazioaren beka jaso duten kirolari paralinpikoek domina bat eta 11 diploma lortu dituztela Tokion azpimarratu du.

Hala, Iñigo Llopisek igeriketan lortutakoez gain, diplomak lortu dituzten Asier Garcia, David Mouriz, Agurtzane Egiluz, Rakel Mateo, Higinio Rivero, Nahia Zudaire eta Iker Sastre ere gogoan izan ditu.