NAIZ

Irailaren 11ko biktimak oroitu dituzte New Yorken, erasoen 20. urteurrenean

2001eko irailaren 11ko erasoetan hil ziren ia 3.000 lagunak oroitzeko ekitaldia egin dute New Yorken, Dorre Bikiak zeuden tokian, atentatu haien 20. urteurrenean. Biktima guztien izenak banan-banan irakurri dituzte.

Irailaren 11ko erasoen biktima guztien izenak irakurri dituzte ekitaldian. (Michael M. SANTIGO/AFP)
Irailaren 11ko erasoen biktima guztien izenak irakurri dituzte ekitaldian. (Michael M. SANTIGO/AFP)

2001eko irailaren 11ko atentatuen 20. urteurrenean, eraso haietan hil ziren ia hiru mila pertsonak oroitzeko ekitaldia egin dute Manhattanen, New Yorken, bi hegazkinek eraitsi aurretik Dorre Bikiak zeuden tokian, gaur egun Irailaren 11ko Monumentu Nazionala dagoen lekuan, hain zuzen ere. Iaz, pandemiagatik ez zen ekitaldirik izan.

Larrialdi zerbitzuetako ordezkariek AEBetako bandera eskutan zutela egin duten desfilearen ondoren, goizeko 8.46an minutu bateko isilunea egin dute; ordu horretan talka egin zuen lehen hegazkinak World Trade Center-eko Iparreko Dorrearen aurka. 9.03n, 9.37an eta 9.59an minutu bateko beste hiru isilune egin dituzte, gainerako erasoak izan ziren ordu berean.

Talka egin zuen lehen hegazkinean zihoan laguntzaileetako baten aitak hitzaldi laburra egin du eta horren ondotik biktima guztien izenak irakurri dituzte, banan-banan. Bukatu eta gero, Bruce Springsteenek kanta bat abestu du.

Ekitaldiara biktimen senideak joan diren arren, denek ezin izan dute bertan izan, segurtasun neurri zorrotzak ezarri baitituzte ekitaldira sartu ahal izateko. Milaka Polizia hedatu dira inguruetan, leherkariak atzemateko tresneriarekin, eta Zero Gunetik gertuko metro geltokiak ere poliziek hartuta zeuden.

Ekitaldian Joe Biden presidentea izan da, baita Barack Obama eta Bill Clinton lehendakari ohiak ere.