Kontxako Bandera Arraun Lagunaken eskuetan, itzulerako luzean sekulako atzetik aurrerakoa egin eta gero. (Jon URBE / FOKU)
Arraun Lagunak taldeko neskak, Kontxako Bandera eskutan dutela, portuan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
«Sotera», aurrenekoz Kontxako Txapeldun 1985. urteaz geroztik. (Jon URBE / FOKU)
Santurtziko ‘Sotera’, aurrenekoz Kontxako Txapeldun 1985. urteaz geroztik. (Jon URBE/FOKU)
Orio eta Arraunen arteko lehia oso estua izan da. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Orio eta Arraunen arteko lehia oso estua izan da. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arraun Lagunaken trainerua, Aquariumera hurbiltzen. (Jon URBE/FOKU)
Arraun Lagunaken trainerua, Aquariumera hurbiltzen. (Jon URBE/FOKU)
Portuan, Santurtziren euforia. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Portuan, Santurtziren euforia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arraun eta Orio, bigarren luzean, epailea tartean dutela. (Jon URBE/FOKU)
Arraun eta Orio, bigarren luzean, epailea tartean dutela. (Jon URBE/FOKU)
Santurtziarren poza eta hondarribiarren tristura. (Jon URBE/FOKU)
Santurtziarren poza eta hondarribiarren tristura. (Jon URBE/FOKU)
Hondarribiko arraunlariak, lur jota helmugan. (Jon URBE/FOKU)
Hondarribiko arraunlariak, lur jota helmugan. (Jon URBE/FOKU)
Arraun Lagunakeko neskak Donostiako Udalaren aurrean, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arraun Lagunakeko neskak Donostiako Udalaren aurrean, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Uretan, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Uretan, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Santurtziarrak, pozarren kaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Santurtziarrak, pozarren kaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Soterari harrera egin diote arratsaldean Santurtzin. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Soterari harrera egin diote arratsaldean Santurtzin. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Arnaitz Gorriti

Arraun Lagunakek eta Santurtzik Kontxako Bandera zeruetara altxatu dute

48 ehuneneko eskasen aldeaz, «Soterak» gain hartu dio Hondarribiari, azken 600 metroetan atera duten alde txikiari esker. Donostian geratu den bandera emakumeena izan da, Arraun Lagunakek 1950az geroztik aurreneko trapua lortu baitu Orioren aurrean, atzetik aurrera eginez.

Arraun Lagunak taldeko neskak, pozarren portura iristean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arraun Lagunak taldeko neskak, pozarren portura iristean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Zergatik titulatu gizonekin bakarrik? Santurtzik aurrenekoz eraman duelako Kontxako Bandera, 1985az geroztik? Hondarribiari 48 ehuneneko bakarrik atera dizkiolako, sekulako itzulerako luzea egin eta azken 600 metroetan joan zen igandeko desabantailari buelta emateko aldea hartuta? Noski merezi dutela Santurtzikoek halako titular eta lerrorik, baina... txikiagoa izan al da Arraun Lagunakeko emakumeek lortu duten balentria? Oriok estutu duen modua ez al da ba sekulakoa izan, batez ere joaneko luzean?

2021eko irailaren 12ko igande honek Kontxako bandera zeruetara eraman du, sekula baino gehiago, sekula baino merezimendu handiagoz irabazleentzat, eta beren burua «galtzaile» ikusi duten horiek amorrazioa eta pena barruan akaso eramango dute, lehiatzen duenak beti nahi baitu garaipena, baina irabazleek adina meritu pilatu dituzte, garaileei beren onena atera baitiete, azkeneraino zukutu baitituzte. Irabazlerik egon baldin bada, arrauna da; ez Kontxako Bandera bakarrik, arrauna bere osotasunean, eta Donostiako moilan elkartu diren ikusle eta zale apurrek, guztiek, estropada zeruetara igotzen ikusi dute.

1950etik honako aktualizazioa

Azkenean, Donostiara ekarri du Emakumeen XIV. Kontxako Bandera Arraun Lagunakek. Esperantza Elkarteak 1950az geroztik, aurrenekoz etxean geratu da bandera. Sekulako buruz burukoa egin dute Andrea Astudillo patroiaren eskutik, kalearen defentsa kosta ahala kosta eginda bigarren luze gogoangarri baten ostean. Zierbenan jaiotako patroiaren «Biba gu eta biba zuek!» garrasiarekin sartu da helmugan «Lugañene», Oriorekin sekulako lehia bizi ostean.

Segundo eta erdiko aldea ez da ia aintzat hartzeko moduko aldea ere, batez ere diferentzia alde duenarentzat; ez ordea buelta eman behar dionarentzat. Arraun Lagunak eta Orio, edo batekoz bestera, Orio eta Arrun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia albotik begira egotea baino egiteko itxaropenaz.

Bueltako luzea nekezago egin zaie emakumeei, metro erdiko olatutxoa izanagatik. Baina nekeza irteera bera ere izan da, itxura baten donostiarrak ihes egin baitu –baina semaforoa berde dela–. Hala ere, ontzat jo dute epaileek irteera eta estropada bere horretan jokatu da. Antza, joan zen igandean Hondarribiak egindako hankasartzerik ez du inork egin nahi izan.

Buruz buru

Irteeraren sustoa goindituta, Oriok hartu du aurrea, pasa den domekako aldeari tarteka buelta emanez bigarren minuturako. Kontxako Banderaren bigarren igandean oso ohikoa den moduan, zer irabazi handirik ez duenak atzera azkar egin ohi du eta horixe pasa zaie Donostiarra eta Hondarribiari. Aldiz, bi segunduren aldeaz, Oriok eta Arraun Lagunakek branka berehala sartu dute.

Elkarren ondoan ezarrita, lehenengo kaletik Orio eta bigarrenetik Arraun Lagunak, ziabogara bidean «mirotzak» nagusi izan dira, baina alderik ezin aterata. Ziabogan Orio oso luze joan da eta Arrun Lagunak ere ez da finegi aritu, baina maniobraren ostean «Lugañenek» bere alde horri eutsi dio, ihes egin guran ahalegindu den Oriorekiko.

Kalearen defentsa

Bueltako luzean abantailak, korronteak direla medio, Arraun Lagunakek izan du, eta hargatik, Nadeth Agirre oriotarren patroia bigarren kalea sartzen hasi da. Noski, epaileak berehala bidali du bere kalerantz. Izan ere, Euskotren Ligako buru biak orpoz orpo aritu dira, palek elkar noiz joko.

Zazpigarren minutuaren bueltan, Arraun Lagunak aurretik jarri da, harrokeriarik gabe ordea. «Lugañenek» kale hobea, aurreko igandeko aldeko emaitza eta denboraldi borobila egin izanaren konfiantza alde izan ditu. Oriok egin du ahalegina, baina etxeko traineruak Emakumeen Kontxako Banderaren historian «trapua» Donostian geratzea bermatu du.

Ez dute «Lugañenekoek» azkenera arte ezer ospatu nahi izan, baina jakinean egon dira Bandera berea zela. Helmugan bai. «71 urte eta gero emakumeen talde batek, inork nahi ez zuen taldeak, ekarri dugu bandera Donostiara. Neskak oso konbetzituta etorri dira irabazle izango zirela. Txapeldunak gara!», esan du emozioari eutsi ezinik Itziar Eguren Arraun Lagunak taldeko delegatuak. «Lugañene» barruan, berriz, malkoak eta besarkadak.

«Bederatzigarren aldia da Kontxan parte hartu dudala eta hamabi sailkapen estropadatan, eta lortu dut azkenean. Saiatzen ari diren guztiak animatuko ditut lanean jarrai dezaten. Orain topera disfrutatzea falta da», bota du, bere aldetik, Eli Pescadorrek, pozaren pozez irribarrea dariola.

«Ateratzeko kale ona geneukan, baina buetatzeko ez hainbeste, eta igarri da hori», adierazi du, bestalde, Itsaso Azkonobieta Orioko arraunlariak. «Azkenean une hontarako prestatzen gara. Herria gurekin egon da uneoro eta aldea txikia zen. Hutsetik hasi gara gure onena eman eta desabantailari buelta emateko. Txalotzeko moduko estropada egin dute beraiek ere, eta zorionak ematea besterik ez dago», onartu du Azkonobietak. «Onenaren kontra galdu dugu eta horrela galtzea harro egoteko modukoa da, amaitu du esanez, Xanti Zabaleta entrenatzaileak neskak trainerura igora kontsolatu dituen bitartean.

Izan ere, Arraun Lagunak txapeldun izateaz gain, Kontxako Banderaren bi jardunaldietako errekorra hautsi du, Rias Baixasen marka zaharra hautsiz. Are gehiago, Oriok berak ere marka hura traineru bateko aldeaz gainditu du. Alegia, sekula izan den Emakumeen Kontxako banderarik azkarrena eta agian baita onena ere izan dela igande hontakoa.

Inoizko azken txanparik gogoangarriena

«Azken metroetan ez dakit martxa bat gehiago sartu dugun. Badakit ez dugula martxa bakar bat bera ere murriztu. Barruan genituen zaldi horiek guztiak hortxe atera ditugu, besterik ezean. Pixka bat atzetik, pixka bat aurretik izan gara azkenera arte, jo eta jo gelditu gabe, eta azken minutu bi horietan eraman dugu bandera. Ezin dugu gehiago eskatu», onartu du David Duran arraunlari santurtziarrak helmugan, arnasari buelta eman eta hurrengo minutu horietan. Izan ere, 48 ehunenekoren aldea bakarrik atera dio azkenean Santurtzik Hondarribiari, eta 1985az geroztik bere historiako aurreneko Kontxako Bandera eskuratu du, etsi gabe jo duen bigarren luze ikaragarriari esker.

Poza santurtziarren artean. (Jon URBE/FOKU)

Gizonen ohorezko txanda hau, ordea, bi txandatakoa izan da, hala ere. Donostiarrak sekulako aurreneko txanda egin du eta Kontxako Bandera irabazteko aukerarik izanez gero, ahalik eta gehien probestu ditu. Haizearen aldaketa momentuan egokitu zaio arraun egitea, hegoaldetik iparraldera mugitu baita gizonen ohorezko txandarako. Baina «Torrekua I.a» haizea ia bare egon den momentuan aritu da arrunean eta txinpartak atera dizkio bere aukerari.

Ohorezko txandan, berriz, berehala ikusi da aurreneko sorpresa: Hondarribia traineru bete atzetik, Orio, Santurtzi eta Zierbena segundu baten barruan zirela. Laugarren kaletik egokitu zaio «Ama Guadalupekoari» eta ez dio inolako mesederik egin. Hargatik, ahal bezain arin hirugarren kalera pasa da.

Iparraldeko haize horren bultzadaz, Donostiarraren erreferentziak baliagarri, gero eta baliagarriago izaten hasi dira Bandera eskuratzeko orduan. Ohorezko txandan, berriz, «Soterak» sartu du branka, Oriok supituki behera egin duen moduan. Hondarribia, aldiz, pixkanaka aurrerantz egiten hasi da bere erritmo lasai horri segika. Erreferentziak aintzat hartuta, bestalde, «Ama Guadalupekoak» hartu du buruzagitza eta Donostiarraren mehatxua apurren bat moteldu da.

Santurtzik ez dio Hondarribiari istriborrera hurbiltzen laga, kalea ez defenditzeko, ederra da ba Gorka Aranberri patroia! Alabaina, ziaboga sasoian Eusko Label Ligako hiru aurrenekoak ia parean izan dira, eta Hondarribia aurretik izan da. Baina, ai ama! erreferentziei begiratu behar eta, hara! Donostiarrak Bandera irabazteko benetako hautagaitza erakutsi du. Hondarribia baino zortzi segundu aurretik etxekoak! Alegia, branka sartzetik segundo bakarrera!

Azken metroetako drama

«Soterak» eta «Ama Guadaluepekoak» emakumeen bueltako luzearen antzekoa egin dute. Talde biak kalez kanpo, epaileak baborrera bidali du Santurzi, baina «Soterak» ez du etsi. Donostiarraren aldea, beriz, zortzitik seira murriztu dute aurreneko bi taldeek, Bandera ohorezko txandarako lagata. Azken mila metroetan ere beheranzko jarrera horrek bere horreta mantendu du eta eguneko denborarik onenak, gutxigatik izanda ere, Santurtzik eta Hondarribiak egin dituzte.

Arraunek elkar noiz joko, Hondarribiak eta Santurtzik ez dute etsitzeko asmorik erakutsi, eta oraingoan lehentasuna «Soterari» egokitu zaio. Ezin inork etsi eta Zierbenak eta Oriok, aldiz, burua makurtu dute.

Hondarribiak segundu bat atera du Santa Clara irlaren inguruan, baina berehala hartu dio neurria Santurtzik, epailea erdian «karabina» lanetan. Baina atzetik aurrerako lan horretan, «Bandera!» egin du garrasi Gorka Aranberrik. Erritmoa altxatu eta traineru erdia eta gehiago ere atera dio halakoren baten, 600 metro faltan Kontxako Estropada amaitzeko.

«Hil arte segi!», Aranberriren hiperbolea, baina traineru beteko aldea Santurtziren alde badia barruan. Hondarribia ere etsitzeko ez dagoela eta segundo bira hurbiltzea lortu du, erritmoa altxata. «Segi!», Ioseba Amunarrizen orroa. Baina ontzi bateko aldea finkatu egin da nolanahi.

Santurtziarrak, garaipena ospatzen portuan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ontzi bat? Ez, gutxixeago. Helmugan Santurtzi aurrena eta, arnasari buelta eman ondoren, mundu guztia denbora ofizialen zain; bai «Sotera», bai «Ama Guadalupekoa» ere. Azkenean, 2,22 segundo bizkaitarren alde; hau da, 48 ehunenekoren aldea Santurtziarren mesedetan. Baten batek madaritatuko du, arrazoi osoarekin, joan zen igandean semaforoa gorri zela atera izana eta hondarribiarrek jasotako hiru segunduko zigorra. Baina «bikingoen» artean ez dute halakorik izan ahoan. «Hondarribiak irabazten bezala, galtzen ere badaki. Santurtzi hobea izan da. «Estropada ikaragarria egin dugu biok baina beraiek hobeak izan dira eta zorionak eman behar zaizkio», onartu dute, hedabide desberdinetan ia une berean, Galder Ezponda eta Urko Redondo lako arraunlariek.

Bandera zeruetara astindu du azkenean Gorka Aranberrik, aurrez Andrea Astudillok egin duen moduan. Zeruetara igo diren Kontxako banderak, alegia.

Emakumeen XIV. Kontxako Bandera. Bigarren igandeko emaitzak:

1-Arraun Lagunak 10:33.56

2-Orio 10.:36.24

3-Donostiarra 10:48.00

4-Tolosaldea 10:48.46

5-Hondarribia 10:53.12

6-Chapela 10:58.10

7-Hibaika 11:04.00

8-Deusto 11:10.56

Emakumeen XIV. Kontxako Bandera. Sailkapen Nagusia:

1-Arraun Lagunak 21:05.18

2-Orio 21:09.50

3-Donostiarra 21:28.24

4-Tolosaldea 21:35.14

5-Hondarribia 21:37.94

6-Hibaika 21:53.16

7-Chapela 21:56.84

8-Deusto 22:05.82

CXXVI. Gizonen Kontxako Bandera. Bigarren igandeko emaitzak:

1-Santurtzi 19:11.03

2-Hondaribia 19:13.25

3-Donostiarra 19:16.54

4-Zierbena 19:21.13

5-Urdaibai 19:26.96

6-Orio 19:27.57

7-Cabo 19:34.02

8-Ares 20:03.16

CXXVI. Gizonen Kontxako Bandera. Sailkapen Nagusia:

1-Santurtzi 38:19.09

2-Hondarribia 39:19.57

3-Zierbena 38:31.41

4-Donostiarra 38:31.96

5-Orio 38:42.39

6-Urdaibai 38:50.36

7-Cabo 39:06.14

8-Ares 39:46.14