NAIZ
Donostia

Alex de la Iglesiaren ‘Veneciafrenia’ lanak emango dio hasiera Donostiako Beldurrezko Asteari

Alex de la Iglesiaren ‘Veneciafrenia’ (2021) pelikulak inauguratuko du datorren urriaren 29an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 32. Astea, urriaren 29tik azaroaren 5era izango dena Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian, eta hiriko beste eszenatoki batzuetan.

Bilbotar zuzendararen beldurrezko azken lanaren kartela. (NAIZ)
Bilbotar zuzendararen beldurrezko azken lanaren kartela. (NAIZ)

Alex de la Iglesiaren ‘Veneciafrenia’ (2021) filmak De la Iglesiak berak eta Jorge Guerricaechevarriak idatzia dago, eta hauek dira protagonistak: Ingrid García-Jonsson, Silvia Alonso, Goize Blanco, Nicolás Illoro, Alberto Bang, Cosimo Fusco, Enrico Lo Verso, Armando De Razza, Caterina Murino eta Nico Romero.

Sony Pictures International Productionsek eta Pokeepsie Filmsek ekoiztua, Amazon Prime Videorekin elkartuta, Mogambo Productionsen partaidetzarekin, zinema aretoetatik igaro eta gero, Amazon Prime Videon ikusi ahal izango da.

Espainar turista bar Veneziara iritsiko da... eta hor beldurrezko istorio baten hastapena izango da. Hauxe zabaldu duten aurrerapena: «Planetako hiririk ederrenaren argia itzaltzen ari dira turistak. Azken hamarkadetako agoniak haserrea piztu du veneziarren artean. Inbasioaren aurrean, bizirauteko senak bultzatuta antolatu dira batzuk. Espainiako turista talde bat Veneziara doa dibertitzera, ingurutzen dituzten arazoez jabetu gabe. Han, borrokari ekin behar izango diote euren bizitzak salbatzeko».

Film luzeetan... aukera anitz

Fantasiako eta Beldurrezko Astean ikusgai izango diren beste filme luze batzuk aurreratu dituzte, era berean.

‘Apps’ (2021, Txile-Argentina) bost istorio dira, non app batek ateak zabalduko dizkien fantasiari eta beldurrari. Zuzendariak Lucio A. Rojas, José Miguel Zúñiga, Sandra Arriagada, Camilo León eta Samot Márquez dira.  

‘Belle’ (2021, Japonia) Mamoru Hosoda japoniarraren animazio film berria da, besteak beste, ‘Wolf Children’ (2012) eta ‘Mirai’ (2018) filmen zuzendariarena. Bizitza errealean, Suzu konplexua duen nerabe bat da eta mendialdeko herri txiki batean bizi da harrapatuta bere aitarekin batera. Mundu birtualean, ordea, Belle bihurtzen da Suzu: bost mila milioi jarraitzaile baino gehiago dituen ikono musikala. 

‘Beyond the Infinite Two Minutes’ (2021, Japonia) Junta Yamaguchire zuzendariaren eta ia talde osoaren debuta zineman da, eta iPhone batekin filmatua izan da. Kato kafetegi baten jabea da, gaineko apartamentu txiki batean bizi da eta bere bizitza gelditu egin dela pentsatzen hasten da. 

Damian Mc Carthy irlandarraren –ohikoa da Donostiako Astean, bertan proiektatu izan baitira bere hainbat film labur– lehen luzemetraia ‘Caveat’ (2020, AEB) izena du. Ospitaletik oroimen arazoekin irten berri, Isaacek lan eskaintza bat jasoko du bere etxejabearengandik; hark norbait behar du bizi den uharte bakartian bere iloba egun batzuk zaintzeko. 

Alexandre Bustillok eta Julien Mauryk sinatutako ‘The Deep House’ (2021, Estatu frantsesa) filmean, protagonista bikote estatubatuar gazte bat, urbex (hiri esplorazioa) zalea, Estatu frantsesean dago bidaian. Etxe bat bisitatzera eta grabatzera joatea erabakitzen dute, baina etxe hori madarikatuta omen dago,. Bustillo eta Maury beldur garaikidean klasiko bilakatutako zinemagileak dira ‘À l'intérieur’ (2007), ‘Leatherface’ (2017) eta ‘Kandisha (2020)’ lanekin.

‘The Medium’ (2021, Thailandia-Hego Korea) filmean, Isan eskualdeko (Thailandia) xamanismoan murgilduko gara. Urteko filmik beldurgarrienetako bat omen da –Koreako areto batzuetan argia piztuta proiektatu da–, eta ‘Shutterekin’ (2004) Thailandiako zinemari beldurrezko zinemaldietako ateak ireki zizkion Banjong Pisanthanakunek zuzendua dago.

‘Prisoners of the Ghostland’ (2021, AEB) Sion Sono-ren lan bat da. Basamortu postapokaliptiko batean Bernice arrastorik utzi gabe desagertzen denean, adopziozko bere aitonak, ‘Gobernadorea’ izenez ezagun den gerrako jaunak, lapur bat bonbez hornitutzen du eta bost eguneko epea ematen dio Bernice aurkitzeko. Nicolas Cagerekin dena gerta daiteke.

‘The Sadness’ (2021, Taiwan) Rob Jabbaz-ek sinatzen du. Bikote gazte bat herrialdea erasotzen ari den pandemia baten mutazioak eragindako kaosaren erdian bizirauten saiatzen ari da. Infektatuek imajina daitekeen modurik krudelenean dihardute, eta indarkeriaz, hondamenez eta heriotzaz erein dituzte kaleak.

‘The Seed’ (2021, Ingalaterra) Sam Walker britainiarraren aurreneko film luzea da, XXI. mendearen hasieratik bere film laburrekin Astean ohikoa, dagoeneko klasiko bihurtutako ‘Duck Childrenen’ (2001) proiekziotik hasita. Hiru gazte Mojaveko basamortuaren erdian dagoen ametsezko etxe batera doaz egun batzuk igarotzeko atseden eta lasaitasun bila. Haietako bat influencer bat da, gertatzen den guztia bere sare sozialetan jasotzen saiatzen dena, esaterako, gau batean ikusten dutenean meteorito bat erortzen.

‘Yellow Dragon’s Village’ (Koryu no Mura, 2021, Japonia) Hugo Sakamoto gaztearen debuta da. Generoen koktel harrigarria, dibertigarria eta aurreiritzirik gabea omen da. Festa gau batean, hirian, lau gaztek hurrengo egunean camping egitera erabakitzen dute.

Eta, azkenik, ‘Historias para no dormir’, Chicho Ibáñez Serradorren telesail espainiar enblematikoaren reboota. Estreinatu zenetik berrogeita hamar urte igaro direnean, Rodrigo Cortesek, Rodrigo Sorogoyenek, Paco Plazak eta Paula Ortizek zuzendu dituzte antologia berri honen lau atalak, jatorrizko telesailaren istorioen bertsio eguneratuak. Aste honetan ‘Freddy’ (Paco Plaza) eta ‘El asfalto’ (Paula Ortiz) proiektatuko dira.