Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Maider Oleaga
‘Kuartk Valley’ filmaren zuzendaria

«‘Algo más que morir’ aurrera ateratzeko izan zuten pasioa ikustea txundigarria da»

Amets ‘eroa’ betetzea lortu zuten 2014an Jose Luis Murgak eta Oier Martinez de Santosek, Kuartango bailaran western bat filmatzea. Bizilagunak bidaide izan zituzten. Abentura hura gogoan, Maider Oleagak asteazken honetan estreinatuko du ‘Kuartk Valley’ dokumentala.

Maider Oleaga zinema zuzendaria, Donostian. (Maialen ANDRES/FOKU)
Maider Oleaga zinema zuzendaria, Donostian. (Maialen ANDRES/FOKU)

‘Algo más que morir’ da amets hura. Jose Luis Murgaren ametsa, errealitate bihurtu zena eta orain, Maider Oleagaren lanarekin, bigarren aldiz bizi izan dutena. Oier Martinez de Santos izan zuen bidaide Murgak. Lehenak idatzi zuen gidoia eta bigarrenak gauzatu zuen.

Ez zen txantxetako kontua izan herritarrak lagun zituzten filma egitea. Ez hori bakarrik, western-a hartuko zuen «herrixka» eurek zerotik eraikiz, gainera, astebetean. Almeria, Kuartangon. «‘Hain da ideia zoroa, horregatik, lagundu egingo dizuegula’, pentsatu zuten bizilagunek», esan du Oleagak.

Martinez de Santosek denak autobusean sartu eta Almeriako bidea hartzea beste erremediorik ez zuen ikusten baina Jose Luisek konbentzitu zuen «herrixka» bailaran bertan eraikitzeko, Kuartk Valley. Izena zizelkatuta duen xafla oraindik bertan aurki daiteke, egitasmo haren lekuko. Gainontzekoaren arrastorik ez da geratzen. «Pentsatu izan dut pena dela herrixka zutik zegoen bitartean ez iritsi izana baina bestetik badu bere sinbologia, ametsekin gertatzen den bezala amestu ondoren oroitzapenak geratzen dira; polita da hori».

Dekoratuen faltan, ‘Algo más que morir’ filmeko irudiak geratu dira amets haren lekuko.

Zailtasun askori aurre egin behar izan zioten, horien artean aktore protagonistak proiektua utzi zuenekoa, edo ‘ciclogenesis explosiva’-k Kuartk Valley bankua airean eraman zuenekoa.

Western klasikoak dituen elementu denak ditu ‘Algo más que morir’ pelikulak: gizon zintzoa, gizon gaiztoa, neska liraina, tabernaria, sherif ustela, apaiza, eta nola ez… saloon-a, topiko eta klixe denak.

Eta protagonista Murga bera, Dick Murrayren larruan. Modu honetan bete zuen txikitatik amestu zuena, egun batez «bakero» sentitzea. Ondoan izan zituen antzezle lanetan Maite Marcos, Javier Salazar, Kepa Jimenez eta Laida Burguera. Bederatzi urtetako lana izan zen guztira, 2005etik 2014rakoa.

Aipatzekoa da Almeria Western Film Festival-eko zine jaialdian bi sari eskuratu zituela lanak, horietako bat publikoarena. 

«Ni zinemagilea izanda filma aurrera ateratzeko izan zuten pasioa ikustea txundigarria da. Eta enpatia sentitu dut» aitortu du Oleagak. «Filma egiteko burugogorkeria, urteetan luzatu zen proiektua izanik, Jose eta Oierrena da; eta herritarrak ondoan izan zituzten», adierazi du.

Kuartango bailarako bizilagunak bai, proiektuaren parte izan ziren baina handik kanpo oharkabean pasa zen. Maider Oleagak ere beranduago izan zuen haren berri, 2014. urtearen amaieran, proiekzio pribatu batean, lanak ez baitu banaketarik izan. «Hor bazegoela istorio bat kontatzeke pentsatu nuen orduan», gogoratu du.

Ondoren filma egiteko proposamena jaso zuen, 2015ean. Mario Madueño –Pantalla Partida ekoiztetxea– eta Luis Angel Ramirez –VD Films ekoiztetxea– izan ziren ideia luzatu ziotenak eta beraiek arduratu dira filmaren ekoizpenaz. 

Kuartangon bertan ere, bizilagunen artean, ari zen egosten ordurako dokumentalaren asmoa. «Jose eta Oierrek egindakoa kontatzen zutenean jendea oso harrituta geratzen zen eta filma nola filmatu zen erakustera animatzen zituen», esan du Oleagak.

«Orduan hasi nintzen Kuartangora joaten, bertako jendea ezagutu eta proiektua abian jartzera. Oso polita izan da herritarrak ezagutzea. Filmaketaren garaian, gainera, bertan bizi izan nintzen, oso gustura egon nintzen bertan. Kanpalekuan bezala bizi ginen, gainera, filma egiten, guztioi asko gustatzen zaigun zerbait. Filmaketa egunak oso gozagarriak izan ziren denontzat», dio

Filmaketa zatika egin zuten, izan ere, ez zen batere erraza izan aktore lanetan aritu ziren herritarren agendak bateratzea. 2018ko udan hasi ziren, azaroan jarraitu zuten eta 2019ko abuztuan amaitu.

«Western-ak oso genero garrantzitsua izan ziren eta pertsona askok, gizonezkoek batez ere, euren burua islatuta ikusten zuten». Ez du urrutira joan beharrik, txikitan etxean bertan ikusi zuen hori. Aurreko belaunaldiei eginiko omenaldia da, aitonarenari eta aitarenari. «Western-ak nire kultura zinematografikoaren parte izan ziren eta gustura asko... Txikitatik maite izan ditut eta gerora, batez ere ‘Kuartk Valley’ egiten ari nintzenean, berriro kusi ditut eta asko gozatu dut prozesu horretan, egia esan», kontatu du.

Oleagaren filman makina bat keinu daude western klasikoei egindakoak. «Forma zinematografikoan hori lantzea oso polita izan da. Maialen Sarasuarekin batera egin dut muntaketa eta ‘usain’ hori eman nahi izan diogu».

2015ean hasitako lanak Zinemaldian ikusiko du argia, Zinemira sailean, sei urte beranduago. Pozik ageri da Oleaga. «Joseren, Oierren eta nire asmoa beraien istoria aditzera ematea zen Euskal Herrian, batez ere. Inork ez daki hori gertatu zela Kuartangon. Eta Zinemaldia aproposa da horretarako eta oso zoriontsu gaude», aitortu du.