Idoia Eraso

Biarritz jaialdiak festa giroa berreskuratuko du 30. edizio honetan

Latinoamerikako zinema eta kulturei begiratzen dien Biarritz festibalak 30 urte eginen ditu aurten, eta igandera bitarte begirada berezia emanen dio Peruko kulturari. Covid-19 kasuak gutxitzen ari diren honetan, berriz ere itzuliko da jaialdira festa giroa ematen dion ‘herrixka’ko programazioa.  

Andres Farias Cintronen ‘Candela’ filmeko fotograma. (NAIZ)
Andres Farias Cintronen ‘Candela’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Astelehen honetan abiatu eta igandera bitarte Biarritzen Latinoamerikako zinema eta kulturak protagonista dituen jaialdiaren 30. edizioa ospatuko da. Pandemiaren egoera hobetu denez, herrialde ezberdinetako gastronomia eta musikak ezagutzeko parada ematen duen ‘herrixka’ren giroa berriz bueltatuko da festibalera. Peru izanen da herrialde gonbidatua aurten.

Edizio honetako berritasuna atal berezi baten sorrera da, artista jakin baten ibilbide profesionalari atzerabegirako bat emanen diona. Lehenengo aldi honetarako Ignacio Aguero artista txiletarra hautatu dute.

Herrixkaren irekierarekin abiatuko da jaialdia 18.00etan, eta 21.00etatik gora musika ere izanen da Santa Machete eta DJ Sabrosoren kontzertuei esker. Antolatzaieak festa giroa eta elkar ezagutza ahalbidetzen dituen gunea berriz irekitzearekin pozik agertu dira.

Zinemaren munduari atea irekitzeko Gare du Midin Ivan Fund argentinarraren ‘Piedra Noche’ aurkeztuko dute astelehen honetan. Berarekin batera selekzio nagusian Andres Farias Cintronen ‘Candela’, Julio Bressaneren ‘Capitu eo capitulo’, Cristian Sanchezen ‘Date una vuelta en el aire’, Rodrigo Pla eta Laura Santulloren ‘El otro Tom’, Alfredo Arias eta Ignacio Masllorensen ‘Fanny camina’, Maximiliano Schonfelden ‘Jesus Lopez’, Madiano Marchetiren ‘Madalena’, Jose Pablo Escamiliaren ‘Mostro’, eta Natalia Cabralen ‘Una pelicula sobre parejas’ izanen dira.

Peru, gonbidatu berezia

Peruk bere independentzia lortu zuela 200 urte egiten dituen urte honetan festibalak herrialdeari begirada berezia emanen dio, Andeetako herrialdea hobeki ezagutzeko parada eskainiz, eta Lima hiriburutik harago egiten den zinemari begiratuko dio bereziki. Horretarako 10 film emanen ditu ikusgai.

Zinemaz gain, herrialdeko literatura ere ezagutaraziko da, eta horretarako Alonso Cueto, Renato Cisneros, Grecia Caceres, Karina Pacheco eta Santiago Roncagliolo idazleak gonbidatu dituzte antolatzaileek.

Chicha erakusketa ere bada, herrialdeko arte grafikoei tokia emen diona. Karrikara ere zabaldu dira margoak, eta horrela Merkatuaren ondoan dagoen denda baten paretan street-art obrak margotuak izan dira.

Osasun pasea

Intzidentzia tasak 50etik behera egin badu ere, osasun neurriek zorrotzak izaten jarraitzen dute eta horrela izango da jaialdian ere, hori dela eta edozein ekimenetan parte hartzeko eto ‘herrixkan’ sartzeko osasun pasea beharrezkoa izango da.

Horrekin batera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da, gel hidroalkoholikoa izanen da toki guztietan eta pertsonen arteko distantzia errespetatzea gomendatzen da.