NAIZ

Patxi Francesek entrenatuko du Orio Xanti Zabaletak agur esan ondoren

Zabaletak 2015ean emakumeen trainerua entrenatzeko ardura hartu zuenetik, taldeak bere historiako emaitzarik onenak erdietsi ditu, 2019an eta 2020an Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazita. Patxi Francesek Tolosaldea entrenatu du orain arte eta trainerua Euskotren Ligan sartzea lortu du.

Xanti Zabaletaren aginduetara, Orioko emakumeen traineruak bere emaitzarik onena eskuratu ditu. (NAIZ)
Xanti Zabaletaren aginduetara, Orioko emakumeen traineruak bere emaitzarik onena eskuratu ditu. (NAIZ)

Orio Arraun Elkarteak jakitera eman du ostiral honetan Xanti Zabaletak emakumeen trainerua entrenatzeari lagako diola. Bere lekuan Patxi Francesek hartuko du «mirotzak» entrenatzeko ardura.

«Urte ederrak izan dira, emozio, ilusio eta garaipenez beteak. Zure erabakia errespetatzen dugu eta badakizu hau zure etxea dela. Ateak beti zabalik dituzu OAEn –Orio Arraun Elkartean–. Eskerrik asko egin duzun eta eman duzun guztiagatik. Orioren historia ifdazten lagundu diguzu eta beti izango zara gure bihotzetam. Saiatuko gara zuk egindako lanari jarraipen on bat ematen. Ez zara inoiz bakarrik joango!», idatzi du talde oriotarrak bere sare sozialetan, eta handik gutxira egin du ofizial entrenatzaile berriaren izena.

«Patxi Frances izango da Orioko nesken entrenatzaile berria. Ongi etorri Oatxi eta bejondeizula erronka berriari gogoz heldu diozulako».

Klaudio Etxeberriaren lekua hartuz iritsi zen Xanti Zabaleta Oriora, 2015ean. «Mirotzek» pixkanaka egin dute gorantz eta azkenik, bere aginduetara, 2019ko eta 2020ko Euskotren Ligak eta Kontxako banderak eskuratu ditu Oriok, bere historiako emaitzarik onenak.

Aurtengo urtean, berriz, ezin izan dute nagusitasun hori berretsi eta bigarren amaitu dute hala Euskotren Ligan –Donostia Arrun Lagunak traineruarekin puntutara berdinduta– nola Kontxako Banderan –«Lugañene» ontziaren atzetik hor ere–.

Patxi Frances, bestalde, azken urteetan Tolosaldea emakumeen traineruarekin aritu da lanean eta hain justu, duela aste gutxi batzuek erdietsi dute Euskotren Ligarako igoera, aurrez Kontxako Banderan laugarren postua eskuratu ondoren. Tolosaldeara iritsi aurretik Zumaia, Zierbena eta Getarian aritu zen prestatzaile lanetan.