Maitane Aldanondo

Jaiaren betiko ikurrek bide berriak urratu dituzte

Ikastolen jaiek ezinbestean hiru elementu dituzte atxikita: leloa, logotipoa eta abestia. Hirurei eutsi die Kilometroak festak, osagaiotan urtetik urtera aldatzen joan diren berezitasunak falta ez badira ere.

Igor Barreros abeslaria eta Xiker Imaz bideokliparen protagonista. (KILOMETROAK)
Igor Barreros abeslaria eta Xiker Imaz bideokliparen protagonista. (KILOMETROAK)

Kilometroak jaiko leloa hitzordua antolatzen duen ikastolari lotuta egon ohi da, oraingoan, ordea, beste bide bat jarraitu dute. Zehatzetik orokorrera jauzi egin, eta ikastola guztiei erreferentzia egingo zien zerbait bilatu dute. Modua ere berezia izan da, ekimena aurrera eramatea erabakitzean, parte hartze prozesu bat abian jartzearen alde egin baitzuen Ikastolen Elkarteak. DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek parte hartu dute, proposamen ugari eginez. «Batera, bagara, bat gara» izan zen garailea.

Nabarmendu nahi dituen balioei edo ezaugarri dagokienez, «batera», ikastolen batasunari erreferentzia da, Gipuzkoako ikastolek elkarrekin antolatua dela Kilometroak; «bagara», izatearen aldarrikapena eta batasunaren ezinbestekotasuna da: «batera bagara, bestela ez gara»; eta «bat gara», izatearen osotasuna: herri bat, hizkuntza bat, komunitate bat edota Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat.

Leloari lotuta sortutako logotipoak ‘1’ zenbakia du oinarri. Batasuna eta aniztasuna adierazten ditu, irudiak barnean askotariko forma, kolore eta tamaina duten elementu ugari baititu. Itxuragatik eraikinak edo pertsonak izan daitezke, antzekoak, elementu berdinekin baina desberdinak: hori, gorri, berde, more, luze, txiki, argal, lodi... Denek elkarren ondoan jarrita osatzen dute zenbakia.

Abestia Goierriko zenbait musikariren elkarlanaren emaitza da. Hitzak ikastolako Ainhoa Mujika eta Lander Arizmendi bertsolarienak dira; musika eta ahotsa, berriz, Igor Barreros Murillo ordiziarrak jarri du. Kolaboratzaileak ez zaizkio falta izan: Alaitz eta Maider taldeko Alaitz Telletxeak abestu du errepika irakasle batekin, Makulu Ken taldeko kideek ere parte hartu dute eta Aitor Furundarenak ekarpena egin dio doinuari. «Oso estilo desberdinak lantzen ditugu; berak arin-arinak, eta ni urbanoagoa naiz», zehaztu du Barrerosek. Instrumentalaren azken zatian zubi moduko bat sortu du Furundarenaren soinua sartzeko.

Ezohiko moldean

Hitzetan euskara, noski, eta pandemia ondorengo etorkizuna ageri dira, ikuspegi baikorretik. Musikariaren esanetan, «Kilometroak-eko abesti bat izateko oso sakona, oso poetikoa da, zail samarra, agian, haurrek ulertzeko; baina sentimendu handiz egin dute». Hitzak ez dira ohikotik aldentzen diren gauza bakarra. Oso bestelakoak diruditen bi estilo batu baititu musikariak. «Rap bertsio bat sortu nahi nuen. Bertso inguruko melodia bat egin eta raparekin solasaldi bat sortu dut», argitu du. Horrez gain, erritmoak zenbaitetan urrutira darama entzulea, Karibeko latitude epeletara-edo, errepikak «Goierri, gure sorterri, haize berri, zu zara/ euskara, zatoz festara/ hiru ikastola, bat gara» badio ere.

Ordiziarrak Jakintza Ikastolan egin zituen ikasketak, egun, alabak bezala. Pozarren hartu zuen enkargua eta eskertuta dago berarekin akordatu direlako. «Ikasi duzun ikastolak zure izena ematea polita da, zurekin kontatzea». Ilusio berezia egin diola dio: «Txikitatik Kilometroak, Nafarroa Oinez eta Herri Urratsekin alde batetik bestera mugitu gara. Oso polita da».

Nahi baino epe laburragoan egin behar izan dute kanta, baina oztopoa ez da denbora falta izan, abuztuko oporraldia baizik. Abian zirenerako, geratu egin behar izan baitzuten. Irailaren 10ean aurkeztu ahal izateko esprinta egin zuten hilabeteko lehen bi asteetan. Dena oso azkar joan da, baina ahalik eta hoberen egiten ahalegindu dira. Bideoklip xume bat ere grabatu dute, »gure kontura, sakelakoarekin». Musikariaren lagun bat da protagonista; musika entzuten Ordizian barrena doa oinez, Beasain eta Lazkao aldera, eta une batzuetan belarrira abesten dio Barrerosek.