Arnaitz Gorriti

Lointek Gernika Bizkaiak hankapean erabili du IDK Euskotren Malosteko derbian (87-71)

Donostiarrek Coulibalyren hutsunea askoz gehiago nabaritu dute bizkaitarrek Meskonyte eta Bjorklundenak baino. Askoz talde joko hobea erakutsi dute gernikarrek eta Tinara Mooren 20 puntuekin, lehenengo eta hirugarren laurdenean hautsi dute partida.

Paula Ginzo Yurena Diazen aurrean. Donostiarrek ez dute talde bizkaitarra geratzen asmatu. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Paula Ginzo Yurena Diazen aurrean. Donostiarrek ez dute talde bizkaitarra geratzen asmatu. (Monika DEL VALLE / FOKU)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 87 - IDK EUSKOTREN 71

«Komunikazioa-Inkomunikazioa» da Mikel Laboaren abestirik esanguratsuenetako bat. Malosten igande eguerdiz Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek erakutsi dute bakoitza tituluaren zein eremutan dagoen. Azu Muguruzak alperrik egin du erregu defentsan jokalariek «hitzegin» dezaten, ia blokeo bakoitzaren ostean abantaila aurkitu baitu Gernikako taldeak. Donostiarrek, berriz, askoz nekezago topatu dituzte zuloak bizkaitarrengan, hauek blokeo bakoitzean defentsa aldatuta ere, nahiko komunikazio zolia erakutsi baitute. Hala, ez da harritzekoa Mario Lopezen taldeak IDK Euskotren hankapean erabili izana.

Hasteko eta bat, albiste txarrak donostiarrentzat, jokatzeko beharrezko duen «transferrik» ez baitu lortu Mariam Coulibalyk. Hala, Maliko pibotak ezin izan du euskal derbia jokatu. Bestalde, Gabija Meskonyte jokatu ezinik geratu da ere, Lointek Gernika Bizkaiaren kalterako. Baina iaztik hona zortzi jokalari ezberdin dituen IDK Euskotrenentzat, iazko erreferente bakarra dena falta izatea ez da edonolako galera.

Coulibalyren falta hori baliatzen ahalegindu da hasieratik talde bizkaitarra, eta hasierako bostekoko jokalari guztiak erabili ditu pintura barrutik jaurtiketa erazak bilatzeko. Defentsan, aldiz, blokeo guztietan defenditzaileak aldatuz, intentsitatea mantentzea izan da gernikarren helburua.

Berehalako batean 11-4 aurreratu da Gernika Bizkaia, baina Harden eta Joy Brownen artean 13-12 hurbiltzea erdietsi du talde donostiarrak. Alabaina, aldeketekin berriz ere aldea hartu dute etxekoek, batez ere Margaret Roundtreeren bitartez.

Abiadura, Gernikaren alde

Estatubatuarra bere defenditzaileak baino bizkorrago mugitu da eta mugimendu azkar horiei esker jaurtiketa errazak lortu ditu. Ondorioz, 10-2ko partzial bati esker, 23-14 amaitu da aurreneko laurdena. Kontentrazio aldertik ere, donostiarrak ez dira beti finegi ibili, esaterako Ariztimuñori «opari» eman diotelako saskiratze erraz bat, saskipetik baloia ateratzeko orduan behar bezain adi ez direlako ibili gipuzkoarrak.

Urruneko jaurtikeketan talde batak ere ez du fintasun larregirik erakutsi, baina beste arma batzuek dituztela, bai. IDK euskotrenek ez dio alde gehiago hartzen utzi Gernikari, Joy Brown eta Hardenen talentuari esker eta Cvitkovicen mugimendu finekin. Bestalde, abiadura eta trantsizioko jokoa baliatu ditu talde bizkaitarak aldea mantentzeko. Joko estatikoan, berriz, errebotea kontrolatu eta uztaipean Tinara Moore eta Paula Ginzo bilatu ditu puntuen etorria mantentzeko.

Donostiarren etorria estatubatuarren eskutik etorri da. Hala, 37-32 hurbildu dira Azu Muguruzarenak Joy Brownen puntuen karietara. Hala ere, Mario Lopezen hutsarte bat nahikoa izan du Gernikak 6-0eko partzial bat erdietsi eta aldea berriz ere hartzeko. Harden eta Paula Ginzoren saskiratze banak Malosteko derbia 45-37 laga du atsedenaldian.

Bizkaitarren albisterik txarrena, Bjorklundek min hartu izana ezker besagainean. Estatubatuarrak ez du bigarren zatian gehiago jokatu.

Agur eta ikusi arte

Bjorklund galdu arren, ez dio, itxura denez, axola handirik izan, Lojntek Gernika Bizkaiak askoz hobeto ekin baitio hirugarren laurdenari IDK euskotrenek baino. Akordatzerako, 10-2ko partziala lortu dute Mario Lopezek eta horren aurrean talde joko gutxi eta buruz buruko eraso larregirekin erantzun nahi izan du talde donostiarrak, baina behar bezalako eraginkortasunik gabe. Azu Muguruzak hutsartea eskatzerako, markagailua 55-39 dela, derbia ia erabakita geratu da.

Handik aurrera, artean 15 minutu derbia amaitzeko, nahi etz ezin aritu dira Azu Muguruzarenak. Gernikarrek, aldiz, ordura arte ez bezala, hirukoak ere saskiratu dituzte, nahiz eta Bjorklund eta Meskonyte gabe, kanpoko jaurtiketa den bizkaitarren ahulgune nagusiena.

Gernikaren abantaila 21 punturaino iritsi da tarteka, baina azken minutuetan Marta Alberdi eta Irune Orio gazteei minutuak emanda, Gernikak erasoko indarra galdu du. aldiz, IDK Euskotrenek puntu batzuek lortu ditu Harden eta Cvitkovicen bitartez. Dena den, hankapean erabili dituzte gernikarrek komunikazio arazo larriak dituzten donostiarrak.

«Partida borobila izan da eta nahi bezala atera zaigu dena», onartu du Marta Alberdik. «Euskal Kopan irabazi izana ez genuen erreferentziatzat hartu nahi, ez bazen orduan egindako hankasartzeak aztertzeko. Derbi bat beti da oso lehiatua. Hargatik, hasieratik oso gogor atera gara, batez ere aurreko neurketetan gehiago kosta zaigulako hastea. Gainera, aurrekoetan baino korrika gehiago egitea nahi genuen eta hala egitea lortu dugu», adierazi du jokalari bizkaitarrak.

PARTIDAKO FITXA

Gernika: Ariztimuño (9), Arrojo (6), Tinara Moore (20), Ginzo (13) eta Bjorklund (3) –hasierako bostekoa–, Roselis Silva (3), Roso Buch (17), Roundtree (12), Melisa Brcaninovic (4), Marta Alberdi eta Irune Orio.

IDK: Laura Cornelius (10), Harden (9), Joy Brown (15), Cvitkovic (16) eta Madden (12) –hasierako bostekoa–, Yurena Diaz (9), Soriano eta Maria España.

Partzialak: 23-14, 22-23, 24-15, 18-19.

Epaileak: Bravo Loroño, Checa Nebot eta Gonzalez Moran. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako hirugarren jardunaldia, Maloste kiroldegian jokatua, 300 ikusleren aurrean. Angelica Bjorklundek partida utzi egin behar izan du atsedenaldian, beso baten min hartuta.