NAIZ
Oslo

Prentsa askatasuna eta Osasunaren Mundu Erakundea, Bakearen Nobel sarirako hautagaien artean

Urtero, Nobel Sariak banatzeko garaia iristearekin batera hasten dira kinielak eta publikoa bere hautagai gogokoenak aipatzen hasten da. Bihar jakingo da nor den Bakearen Nobel sariduna; faboritoen artean, prentsa askatasuna, Osasunerako Mundu Erakundea, Bielorrusiako oposizioa eta Greta Thunberg.

Greta Thunberg gaztea da hautagaien artean indarra duen izenetako bat, klima aldaketaren kontra egiteagatik. (Miguel MEDINA/AFP)
Greta Thunberg gaztea da hautagaien artean indarra duen izenetako bat, klima aldaketaren kontra egiteagatik. (Miguel MEDINA/AFP)

Prentsa askatasunaren defendatzaileak, OME Osasunaren Mundu Erakundea, Bielorrusiako oposizioa eta Greta Thunberg ekologista gaztea agertzen dira Bakearen Nobel sarirako hautagai faboritoen zerrendan. Irabazlea nor izango den publikoak erabakitzen ez duen arren, urtero sortzen da zalaparta gaiaren harira, eta jendearen ahotan ibiltzeak jada nolabaiteko estatusa eman beharko lioke aipatuari.

Sariduna ostiral honetan iragarriko da, baina bitartean sare sozialetan izen dantza dabil. Hala, bakeari dagokionez pauso handirik eman ez denez azken aldian, bestelako ekimenak baloratzen ditu gizarteak. Tartean, prentsa askatasuna. Mugarik Gabeko Erreportariak, Kazetariak Babesteko Batzordea, IFCN fact-checkers sarea (gezurretako albisteak bilatzeko lana egiten duena) edota ustelkeriaren kontra aritzen den Transparency International daude faboritoen artean.

Hedabideek «euren erreportajeekin, gobernuei azalpenak ematera behartzen dituzte», adierazi zuen Henrik Urdal Osloko (Prio) bakeari buruzko Ikerketa Institutuko zuzendariak. «Fake news eta desinformazioak suposatzen duten erronka gero eta handiagoari aurre egiten laguntzen dute», gehitu zuen.

Indarra duen beste aukeretako bat Bielorrusiako indarkeriarik gabeko oposizioa da. Alexander Lukashenkok 2020ko abuztuan bere seigarren hauteskundeak irabazi zituen, eta uste da «iruzurrra» egon zela. Svetlana Tkhanovskayak dio berak irabazi zituela hauteskundeak, eta Lituanian erbestean egon arren, bertatik protestei auspoa ematen die. Mugimendu honi lotuak agertzen dira Maria Kolesnikova eta Veronika Tsepkalo.

«Emakumeen, demokraziaren eta indarkeria ezaren garrantzia azpimarratzeko modu bat izango litzateke» mugimendu honek Bakearen Nobel saria irabaztea, Peter Wallensteen nazioarteko gaietan adituaren ustez.

Era berean, Asle Sveen historialariak uste du Svetlanari saria ematea «Putini kritika egiteko modua» izan daitekela. Hala ere, Sveenek beste izen bat du buruan. Izan ere, Fisikako Nobel Saria kliman adituak diren ikerlarientzat izan zenez, bide horretatik jarraituz Greta Thunberg ekologista gaztea da bere faboritoa. «Klima aldaketa uneko arazorik garrantzitsuena da», azpimarratu zuen.

Bestelako gaiak ere badaude mahai gainean. Pandemia dela eta, Munduko Osasun Erakundea hautagai indartsu bezala agertzen bada ere, herrialde pobreei txertoak helaraztean huts egiteagatik indarra galdu du.