NAIZ

Azaroaren 17an jakinen da Egoitz Urrutikoetxearen aurkako epaiketaren emaitza

Gaur amaitu da Egoitz Urrutikoetxeari Parisen eginiko epaiketa. Fiskalak lau urteko kartzela zigorra eskatu du, betetzeko beharrik gabe, azken bi egunetan egin dioten epaiketaren amaieran. Azaroaren 17an jakinen da erabakia.

Egoitz Urrutikoetxea. (Bob EDME)
Egoitz Urrutikoetxea. (Bob EDME)

Fiskalak ez du kartzela zigorra eskatu Egoitz Urrutikoetxearen kontra. Lau urteko kartzela zigorra galdegin du, baina betetzeko beharrik gabe. Erabakia heldu den azaroaren 17an jakitera emango du auzitegiak.

Oroitzearren, 2003 eta 2005 urteetan zabalduriko prozeduren ondorioz zortzi urteko kartzela zigorra jaso zuen errebeldian Urrutikotxeak.

Gaurko saioan hainbat lekukoren hitzak entzuteko parada izan da Parisko Auzitegian.

Hala, Monike Elgoihen Lexantzüko auzapezak bertako hautetsi den Egoitz Urrutikoetxeak herriko aferetan duen inplikazioa nabarmendu du.

Euskal Elkargoko buru Jean-Rene Etchegarayk bestalde, 2000. urteaz geroztik gatazka armatua gainditzeko bidean Euskal Herrian izan ziren esfortzu anitzak izan ditu aipagai. Horrekin batera, presoen egoeran egon den bilakaerari buruz hitz egin du.

Defentsaren lekuko gisa hitza hartu duen Tellier polizia ohiak «euskal auziaren konplexutasuna» aipatu du auzitegiaren aitzinean. Abokatuek galdeketa zororra egin diote ea zailtasun izan ditu garaian eginiko txostenak jasotzen duen informazioa, Egoitz Urrutikoetxea klandestinitatean kokatuz.

Bere aldetik, EH Bairen izenean, Xabi Larralde Parisko Auzitegira bertaratu da Egoitz Urrutikoetxeari «elkartasun osoa» adierazteko eta auzia salatzeko.

Larraldek azaldu duenez, «ondoko astean Aieteren hamargarren urteurrena ospatuko dugu. Guk espero duguna ez dira prozedura judizialak militante politikoak kartzelaratzeko mehatxupean jartzen dituztenak, baizik eta urratsak euskal presoak etxeratzeko».

Maulen, berriz, iluntzean elkarretaratzea deitu dute, bi egunez luzatu den auzia salatzeko.

Errelato gogorra

Gatazkak alde guztietan eragindako sufrimenduari buruz luze mintzatu zen epaiketaren lehenengo egunean Egoiz Urrutikoetxea. Bere familiak urte luzeetan bizi izan duen egoera latza azaldu zuen.

Ukatu zuen ETAko kidea izan zenik, baina aitaren ondoan 2005ean Genevan izan zen negoziaketa prozesuaren mesedetan lan egin zuela aitortu zuen.