Naiz
Oñati

EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Arantzazulabek ituna sinatu dute

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatearekin hitzarmena sinatu du laborategiko ikerkertak elkarlanean garatzeko. Helburua ikerketa-gune hori bere esparruan erreferente bihurtzea da.

Arantzazulab eta hiru unibertsitateetako ordezkariak, ituna sinatu ondoren. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Arantzazulab eta hiru unibertsitateetako ordezkariak, ituna sinatu ondoren. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute laborategiaren helburuekin bat datozen esparruetan elkarlanean ikerketa kolaboratiboa egiteko eta ezagutza gune erreferente bihurtzeko asmoz.

Arantzazulaben sorreratik erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotzen da hitzarmenarekin, eta datozen urteetarako Arantzazulab-ek proposatzen duen gune berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen zaio. Berrikuntza laborategiaren oinarrietako bat da lurraldeko unibertsitate ezberdinen elkarlana zein laborategian beraien parte-hartzea sustatzea.

Azaldu dutenez, «hasiera-hasieratik, modu berezian egon dira inplikatuta laborategiaren bilakaeran», hala nola, elkarlanean parte hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan nahiz jatorrizko diseinuan, eta mugarritzat hartu daitekeen gertaera izan zen hori. Gainera, egun, hiru unibertsitateek Arantzazulaben Aholku Batzordean ere parte hartzen dute modu iraunkorrean.

Modu osagarrian, lankidetza hitzarmenaren babesean aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztu dituzte: ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu zein eraldatzea, sareko lana eta lankidetzazko proiektuen sustapena.

«Egun pozgarria da gaurkoa guretzat, lankidetza hitzarmen honek eta hiru unibertsitateen konpromisoak oinarri sendoa jartzen dutelako, Arantzazulab-en ikerketa elkargunean proposatzen dugun espazio eta antolaera berritzailea abian jartzeko, baita gure esparruan ezagutza-gune erreferente izateko ere», azpimarratu du Naiara Goiak, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak.

Ildo beretik mintzatu da Agustin Erkizia, EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea. «Hitzarmen honen bidez beste urrats bat ematen dugu elkarren artean eraiki nahi dugun hausnarketarako espazio berri eta berritzaile honen sorreran, eta bertan UPV/EHUko hainbat ikerlari eta pentsalariek euren jakinduria eskaini eta partekatuko dute».

Aldi berean, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, lankidetzak sortzen dituen aukerak nabarmendu ditu. «Arantzazulaben eta hiru unibertsitateen artean sinatutako hitzarmen honek aukera emango digu ikerketarako kolaborazio espazio berria eta berritzailea sortzeko, indarrak batzeko ikerketaren esparruan eta nazioarteko ikerketan posizionatzeko herri gisa. Erronka konplexu eta globalei eragile ezberdinen begiradatik erantzuteko aukera bat ere bada hitzarmen hau».

Halaber, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, zera gaineratu du: «Deustuko Unibertsitatearen plan estrategikoaren lemak ‘Mundu berri baten alde elkarlanean’ dio. Elkarlanaren bitartez berrikuntza bultzatzea gure misioaren erdigunean jartzen dugun zeregina da. Horren adibide ederra da gaur sinatzen duguna. Unibertsitate desberdinek bat egingo dugu etorkizuneko gizartea irudikatu, aztertu eta lantzen laguntzeko asmoz».