Arnaitz Gorriti

Ligako sailkapenean gorantz egiteko larunbat aproposa dute aurrean euskal taldeek

Lointek Gernika Bizkaiak lehiaketa oker hasi duen Estudiantes eta IDK Euskotrenek Ferrol igo berria hartuko dute etxean. Aldiz, Araskik Kanaria Handiaren etxean Mendizorrotzatik kanpo finago dabilela erakusten jarraitzeko beste abagune bat aurkituko du.

La Roche Vendeeren aurkako esfortzuari buelta eman eta Ligan ere gorantz egin behar du Gernika Bizkaiak. (Monika DEL VALLE / FOKU)
La Roche Vendeeren aurkako esfortzuari buelta eman eta Ligan ere gorantz egin behar du Gernika Bizkaiak. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Emakumeen Endesa Ligako jardunaldi zenbaitetan atzamarrak gurutzatu behar izaten dira euskal taldeek garaipenik etorriko badute. Dela Valentzia Basket, Perfumerias Avenida edo Girona, esaterako, horien aurrean norberak duenik onena atera behar du eta, aldiz, aurkariak egun txarra behar du izan garaipenak ihesik ez dezan egin. Beste batzuetan, berriz, garaipena benetako aukera da eta orduan bai ez zaiola ihes egiten laga behar. Bada, halako asteburu baten aurrean dauden Emakumeen Ligako hiru euskal taldeak.

Zapatu arratsalde honetan ezin dute barkatu sailkapenean gorantz egiteko aukera, berdin dio etxean zein kanpoan jokatu. Akaso partidarik berdinduena eta ikusgarriena Malosten 18.30etan jokatuko dena izango da, Lointek Gernika Bizkaia eta Estudiantesen artean.

Bizkaitarrek asteazkenean galdu egin zuten eta lan fisiko galanta egin ere bai La Roche Vendeeren aurka. Egunotan pilatzen ari den nekea ez da inora joango, tamalez, baina gernikarrek erakutsi zuten aurkari indartsuago baten aurrean ere lehiakor izan daitezkeela. Aurreneko laurdenean 20-32 galtzen hasi arren, eta 20 puntutik gorako aldeaz atzetik ekinagatik, sekula ez zuten etsi eta partidaren bigarren erdian beldurra ere sartu zieten frantsesei. Hala, Bankole hegalekoak 29 puntu sartu izan ez balitu –eta gogan izan behar da bere hainbat saskiratze oso zailak izan zirela–, akaso beste oilarren batek joko zuen kukurrukua.

Baina «balitz» eta «balego» esanda denborarik galtzeke, Estudiantes izango du aurkari. Madrildarrak pasa den denboraldian final-alurdenetan izan ziren bizkaitarren arerio, eta Gernikak lortu bazuen ere aurrera egitea, izerdia latz bota behar izan zuten finalerdietara sailkatzeko. Teorian behintzat, aurten iaz baino talde hobea dauka Estudiantesek: Laura Quevedo fitxatu du Araskitik, Umi Diallo pibota ekarri du, Sotiriu eta Mariona Ortiz jokalari finak dira, Arica Carter eta Leslie Knight estatubatuar bikainak ditu eta Alberto Ortego entrenatzailea ere ez da edonor. Horrez gain, denboraldi-aurrean Estudiantesek nahiko erraz irabazi zion Lointek Gernika Bizkaiari Madrilen.

Baina sailkapen nagusian hamahirugarrenak dira madrildarrak, 1-4eko balantzearekin, eta ez dute atarramendu onegirik atera Fase Erregularreko aurreneko hilabetean. Kopa jokatzeko trena galtzen ari ote diren dirudi eta Maloste ez da inorentzat ere garaipena lortzeko plaza xamurra.

Hori guztia aintzat hartuta, Lointek Gernika Bizkaiak ez luke konplexurik izan behar zapatu arratsaldeko dema irabazteko faboritoa bera dela onartzeko. Are gehiago asteazkenean ez bezala, Roundtree ere jokatzeko moduan izango duela jakinda. Gainera, gernikarren balantzea ere ez da onegia, 2-3, eta aurreneko zortzi sailkatuen artera hurbiltzen hasteko sasoia iritsi zaio.

Labeko atetik epeletara

IDK Euskotrenek Baxi Ferrol igo berria hartuko du Josean Gasca kiroldegian 18.00etan. Bost jardunaldiren ostean garaipen bakarra dute donostiarrek eta hamalaugarren postuan daude uneotan, Estudiantes eta Leganesekin berdinduta eta oraindik partidarik irabazi ez duen Benbibrek baino garaipen bat gehiagorekin.

Egia da Marian Coulibaly iritsi denez geroztik itxura askoz hobea eman duela neurketetean talde gipuzkoarrak, baina ez da nahikoa izan eta hargatik ez du pasatzen utzi behar Galiziako taldearen aurka irekitzen zaion aukera hau. Nahikoa hurbil daude Azu Muguruzarenak labeko atetik eta nahikoa bero sentitzen dute dagoeneko bizkarraldean.

«Ferrolek oso azkar jokatu ohi du, batez ere balirik ez dutenek egiten dituzten mozteka horiekin. Kontrolpean izan beharko ditugu uneoro, baina nik uste bagarela defentsa egokitzeko gai eta hala eginez gero, ez genuke arazorik izan behar», adierazi du asteon Yurena Diaz antolatzaileak.

Antolatzaile kanariarraren aburuz, «Ferrolek irekita jokatzen duen jende asko kantxaratu ohi du, aurkaria desorekatzeko helburuaz. Horren aurrean kontzentrazio osoz erantzun behar dugu; izan ere, etxeko hirugarren partida dugu hau eta irabazi besterik ezin dugu egin».

Kanaria Handiaren aurka jokatu behar du, berriz, Kutxabank Araski 20.00etan –Euskal Herriko ordutegiaren arabera–. Euskal taldeen artean hobekien koakturik dagoen taldea da gasteiztarra, 3-2ko balantze positiboa aldean. Hala, Made Urietarenak zazpigarren postuan daude, Campus Promete eta Gironarekin berdinduta.

Bitxia da gero, baina orain arte askoz finago aritu dira arabarrak etxetik kanpora, hiru garaipenetatik bi Mendizorrotzatik urruti lortu dituztelako. Ondorioz, larunbat iluntzean ere bolada on horri segi nahiko diote Made Urietak eta bere jokalariek.

Gaur zortzi Cadi La Seuren aurka ikusi zennez, Araskik ezin du laurdenik oparitu. Hau da, katalanen aurka 14-24 hasi ziren galtzen eta ezin izan zioten hasiera petral horri inondik ere bueltarik eman. Egia da Kanaria Handiak ez duela Irati Etxarri bat bere taldean, eta orain arte bost neurketatik bi baino ez dituela irabazi. Baina bere azken garaipena joan zen astean iritsi zen, lesioek jota dabilen Lugoko Ensinoren kantxan. Kanariarrek errebotean oinarraitu zuten beren garaipena, 39 bildu baitzituzten –21 bakarrik aurkariek–.

Horrez gain, Sika Kone pibota eta Nesbitt antolatzailea hartu behar dira aintzat, beraiek baitira azken astoetan ondoen jokatzen ari direnak.

Araskiren kasuan, ikusi egin behar Izaskun Garcia errekuperatzen den eta, batez ere, Maria Asurmendik bere joko bolada eskasa atzean lagatzea lortzen duen. Gutxienez, joan zen asteburuan Gladkova berreskuratu zuen Made Urietak, eta behetik gorantz egiteko ez da abiapuntu txarra.