NAIZ

Mikel Bilbaori Mundakako alkatetza kendu dio EAJk eta Irati Gondra jeltzaleak hartu du kargua

Jeltzaleen taldearen babesarekin onartu da EAJk Mikel Bilbao alkatea kargutik kentzeko aurkeztutako mozioa. Bilbaok aurkako botoa eman du eta EH Bilduk uko egin dio bozketan parte hartzeari. Irati Gondra izendatu dute Mundakako alkate.

Irati Gondra, Mundakako alkate berria. (EAJ)
Irati Gondra, Mundakako alkate berria. (EAJ)

Iranti Gondra jeltzalea Mundakako alkate izendatu dute ostiral honetan, EAJk Mikel Bilbao alkatetzatik kentzeko aurkeztutako zentsura mozioa bilkuran onartu ostean.

Jeltzaleen taldearen babesarekin onartu da EAJk berak aurkeztutako mozioa. 2019an independente gisa alderdi honen hautagaitzaren buru izan zen Mikel Bilbao kargutik kentzeko asmoa bete du horrela EAJk. Mikel Bilbaok aurkako botoa eman du eta EH Bilduk uko egin dio bozketan parte hartzeari.

2020ko udazkenean, EAJk iragarri zuen bere taldeko alkateari kargua kentzeko zentsura mozio bat aurkeztuko zuela, alkatearen eta udal taldearen arteko «koordinazio falta» argudiatuz.

Prozesua epaiketetara eramateak, ordea, atzeratu egin zuen mozioaren bozketa. Mikel Bilbaok Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen EAJk aurkeztutako zentsura-mozioa abalatzen zuen EAEko Auzitegi Gorenaren ebazpena eta jeltzaleek leporatu zioten «kosta ahala kosta» karguan iraun nahi zuela.

Bilbaok, gainera, hainbatetan salatu izan ditu EAJren zenbait praktika irregular eta, bere ustez, horregatik kendu nahi izan dute kargutik. Mundakako herritar talde bat Bilbaoren defentsan atera zen kalera ekainean.

Azkenean, ostiral honetan egin da bozketa eta Irati Gondra izendatu dute alkate.

Bilkuran, alkate berriak esan du bertaratutako inork ez zuela zentsura mozioa bozkatu nahi, bere ustez, «urte eta erdi luze honetan» Mundakako herriak galdu duelako auzi honekin.

«Gure herria norabide egokian jartzeko inflexio puntuan aurkitzen gara orain. Azken hilabeteotan norabiderik gabe ibili ondoren, hauxe da garaia mundakarrei merezi duten gestioa eskaintzeko. Beraiek izan dira aurreko alkateak hartutako erabakien ondorioak sufritu dituztenak eta, zentsura mozioa onartuta, beren alde dena emateko garaia heldu da», hitzeman du Gondrak.