Entrevista
Veronique Dudouet
Berghof Fundazioko gatazken trantsiziorako programen zuzendaria

«Gizartea aktore, lekuko eta berme izatea mugimendu oso inteligentea izan zen»

Izatez baikorra eta bokazioz gatazka armatuak bake bideetatik konpontzen engaiatua, munduko hainbat gerrari amaiera emateko ahaleginetan aditu gisa aritutako normandiar honek NBEn estandarretatik begiratzen die Euskal Herriko bake prozesuak egindako bideari eta aurrera begira utzitako lezioei.

Veronique DUDOUET. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Veronique Dudouet. (Idoia ZABALETA/FOKU)

2008an hasi zinen Euskal Herria bisitatzen, hemengo bake prozesuan inplikatzen. Israel eta Palestina arteko gatazkatik zentozen, urrats txiki batzuk egin eta bat-batean dena hankaz gora lehertu zen esperientzia frustragarri batetik. Zure esperientziak eta protokoloek hemen funtzionatuko ote zuten pentsatu al zenuen?

Interesgarria da israeldar-palestinar gatazka gogora ekartzea, aurrerapausorik ematen ez den kasu aski etsigarria delako. Hemengo bake prozesuan laguntzen hasi nintzenean beste esperientzia batzuk ikertzen hasi ginen, politika demokratikoetara trantsizioa egin zuten talde armatuak zeuzkatenak. Hego Afrika, Irlanda eta Kolonbiako esperientziak jorratu genituen –ez FARCekin egindakoa, aurreko saioak baizik–. Gu bustitzen hasi ginenean giroa gainbehera etorria zen oso, 2005eko saioaren porrotaren kolpea handia izan zen, etsipen puntu bat sumatu zitekeen, bereziki ezker abertzalean. Nahi eta ezintasun sentsazioak agintzen zuen, elkarrekin ikastea deliberatu genuen, beste esperientziak ezagutzea, irakaspenak konpartitzea. Uste dut, hala ere, ezker abertzaleak aurreko porrotetatik bazituela lezio batzuk ikasita. Ildo horretan, esan daiteke une egokian etorri ginela.

Zuen etorrerarekin, DDR kontzeptua ezagutzen hasi ginen (ingelesezko Disarmament, Demobilization, Reintegration). Nire ulermenerako, umiliazio eta amore emate gabeko ikuspegia lehenesten bada bederen, lehen bi «D» horiek alde bati dagozkio eta hirugarren «R» hori, berriz, beste aldeari, Estatuari alegia.

DDR kontzeptua armagabetzeari eta presoen eta iheslarien birgizarteratzeari buruzko 2013ko Foro Sozialean hasi ginen erabiltzen; bazegoen gose bat funtzionatu duen testuinguruetatik ikasteko. Garai hartan uste genuen azkenean negoziazio bat, aldebikoa edo multilaterala, egongo zela ETA edo euskal alderdien eta gobernu espainiarraren artean. Gure buruetan DDR kontzeptuak bake prozesu klasikoetan funtzionatzen zuen; talde armatuek kontzesioak egiten dituzte armagabetuz edo desmobilizatuta beste urrats batzuen alde, bazen aldeen artean nolabaiteko elkarrekikotasuna. Baina gauza bat argi genuen eta hala adierazi genien euskal aktore politikoei eta komunikabideei: gatazkan parte hartu dutenen garrantzia, biolentzia politikoan parte hartu dutenena; inoiz ez lirateke bakearentzat mehatxu bezala ikusi behar, gatazka eraldatzeko giltza bat duten aktore bezala hartu beharko lirateke.

Gatazkak konponbidean jartzen adituak zaratenok, izan begirale, bitartekari, armagabetze arloko esperientzia militarra dutenak, hiztegi berezia duzue. Esadazu, zer pentsatu zenuen txaleko islatzaileak soinean jende arrunta, armagabetzea bezalako gai delikatu batean parte hartzen ikustean? Baionako jende olde harekin?

Asko harritu eta ikasi genuen. Apurtzailea izan zen, baita gure eskemetarako ere. Lehen unetik konturatu ginen gizartearen parte hartzea funtsezkoa zela: mintzakideek beti galdetzen ziguten joka zezaketen rolaz. Hasieran nahiko eszeptikoa nintzen, eta, zera erantzuten nien: «begira, armak tartean daudenean espezialistak behar dira», «armagabetzea nazioarteko aditu militarrek egiten dute bi aldeek lagunduta», «oso zaila da gizartearentzat rol bat aurkitzea...». Baina honakoa ere esaten nien: «aizue, agian berrikuntzak asmatu eta rol hori aurkituko duzue!». Eta hori izan zen gertatu zena. Gizartea ez zen ikusle huts izan, aktore izan zen, lekuko eta berme. Paper hori gure aurreikuspenenetan ez zegoen eta, benetan, oso mugimendu inteligentea iruditu zitzaidan. Munduari jendeak egin dezakeenaz irudi positiboa eman zion. Adibide bezala jartzen dugu orain beste herri batzuetan, Nazio Batuetan eta beste foro askotan eztabaidatu da.

Prozesua berritzailea izan zen, jenialtasun puntu batekin gainera.

Berrikuntzaren garrantzia aipatu duzu. Estatu espainiarraren ezezko eta etsaitasunaren aurrean, esan daiteke bake prozesua bakarra eta berritzailea izan zela? Nazioarteko ohiko estandarrak bete zituela?

Erabat. Bake prozesua berritzailea izan zen, jenialtasun puntu batekin gainera. Asko dauka irakasteko. Ezker abertzaleak neurria erakutsi zuen, handitasuna, ate guztiak itxita zituenean ahaleginean ez etsitzean, euskal gizarte eta instituzioekin hitz egiten segitzean. Elkarrizketa hori beti egon zen hor, oso inportantea izan zen.

Behin lana bukatuta, misioa konplituta dago?

Lana ez dago bukatuta, “ETAren arazoa konpondu da” pentsatuz Estatu espainiarrean jende askok badagoela uste duen arren. Presoen eta iheslarien gaia ez dago bukatuta, segurtasun aparatuetako erreformak ere ez; berradiskidetzea, biktimen arteko elkarrizketa, memoria guztien aitorpena… ere hor daude. Lan asko egin da, baina zer egin ere badago oraindik. Gatazkaren ondorioetan eman dira aurrerapausoak, baina ondorio batzuk ez dira konpondu. Eta gero erro sakonak daude, gatazka politikoarenak. Termino demokratikoetan adierazi daiteke, edo ez. Demokratikoki adieraz dadin gauza asko daude egiteko.

2008an inplikatu zinen bake prozesuan. Hamahiru urte atzera begiratuta eta gauzak nola joan diren ikusita, pozik egindakoaz?

Gauza asko egin dira, batzuk duela hamahiru urte imajinatu ere egiten ez genituenak. Irlandan lan egindako lagunekin hitz egitean, aipatzen dizute 20-30 urte behar direla gatazka bat eraldatzeko, eta hemen hamarkada pasatxoan egindakoa ikustean, aurrerapauso handiak egin direla uste dut. Nire lanaz kontent nagoen? Zaila da erantzutea gure lanaren inpaktua zein izan den neurtzea. Nazioarteko erakunde eta aditu asko busti gara Euskal Herrian, elkarrekin lanean, koordinatuta; estimatzen dut hori. Hor egon dira Brian Currin eta bere taldea alderdien artean elkarrizketa bultzatzen, Ram Manikkalingamen Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, ETAren eta estatuaren arteko elkarrizketa estraofizialen bitartekari lanak egin dituen Elkarrizketa Humanitariorako Henri Dunant Zentroa, Berghof Fundazioa eta beste kide batzuk ere hor egon gara gai sozialagoetan... Koordinazio hori emankorra izan da, ez bakarrik nazioartean gatazkari erliebe eta atentzio handiagoa eman zaiolako. Maila horretan pozik, baina inork ez daki geroak zer ekarriko duen.