Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Biarritzeko okupazio ekimena heldu den larunbatera arte luzatzeko asmoa du Aldak

Airbnb plataformak legea urratzen duela salatzeko okupazio ekimena abian eman zuen urriak 22an Alda mugimenduak Biarritzen. Astearte honetan harturiko erabakiaren arabera, ekintzaileek heldu den larunbatera arte jarraituko dute Euskaldunen Kostako eremuan kokatuta dagoen egoitzan.

Etxebizitzaren bulego iraunkorra atondu zuten ekintzaileek deklaratu gabeko apartamendu turistiko batean, Biarritzen. (NAIZ)
Etxebizitzaren bulego iraunkorra atondu zuten ekintzaileek deklaratu gabeko apartamendu turistiko batean, Biarritzen. (NAIZ)

2017. urtean Biarritzeko Herriko Etxeak indarrean eman zuen araua «behin eta berriro eta nahitara» urratzen duela salatzeko Airbnb plataformaren bidez alokatu daitekeen apartamendua okupatu zuten Alda mugimenduaren hainbat ekintzailek joan zen urriaren 22an.

Portu Zaharrari begira dagoen apartamentu turistiko hori urte osoan zehar alokagai dela Udalak ezarritako erroldatze zenbakirik izan gabe ere salatu zuen etxebizitzaren eskubidea aldarrikatzen duen mugimenduak.

Hasiera batean, biharamunean amaitzeko zen «errekisizio» ekimena. Izan ere, Udalak zein alokatzaileak egoitzaren egoerari buruz argibideak noiz eskainiko zituzten zain asteartera arte luzatu zuten ekimena.

Astearte honetan, arratsaldeko lehen orduan, biltzar berri bat egin dute. Bilera horretan erabaki dutenez, gutxienez heldu den larunbatera bitarte apartamenduan ezarri duten «etxebizitzaren permanentzia» zabalik izanen da. Hau da, okupazioarekin aurrera eginen dute Alda mugimenduko kideek.

Ordura arte jabeak, emandako hitza betez, apartamenduaren egoera erregularizatzeko aukera daukala azaldu dute Aldako kideek. Bestalde, kasu zehatz horretaz mintzatzeko baina baita etxebizitza turistikoek urte osorako alokairu baten premia duten herritarrei sortzen dieten arazoei buruz hitz egiteko Herriko Etxeko arduradunekin bilera bat egitea espero dute mugimenduko kideek.

Zehazki ostiral arratsaldean hitzordua hartu dute Aldako kideek Maider Arosteguy auzapezarekin besteak beste Herriko Etxeari Airbnb plataformaren aurka salaketa jartzeko mugimenduak eginiko eskaeraz mintzatzeko.

Arazo sozial larria

Protestari hasiera emateko egin zuten agerraldian «etxebizitzaren krisia arazo sozial larria bilakatu dela Ipar Euskal Herrian» oroitarazi zuten iragan ostiralean Alda mugimenduko ordezkariek.

Egoera guztiz neurriz kanpokoa da Donibane Lohizunen edo Biarritz bezalako hirietan, 7.000 euro baino gehiago ordaindu daitezkeen metro karratuko. Esaterako, okupatutako apartamenduaren parean dagoen Villa Beltzan metro karratuko 40.000 euroan saldu zuten iaz apartamendu bat.

Bataz beste Ipar Herrian 4.250 euroan ordaintzen da metro karratua etxebizitza kolektibo berriak aintzat harturik. «Herritarren hiru laurdenek ez dute beraien etxe jabe bilakatzeko baliabiderik», salatu zuten Ainize Butron eta Xebax Christy Alda mugimenduko bozeramaleek.

Hain zuzen ere. etxebizitza eskubidea erdigunean jartzeko xedez 30etik gora eragileren babespean mobilizazioa izanen da, heldu den azaroaren 20an, Baionan.