Ilusioz beteta bidaiatu du Realak azterketa zailenari aurre egiteko

Donostiarrek Bartzelona liderra bisitatuko dute igande honetan. Athleticek Betis izango du aurkari, Alavesek Granadilla hartuko du eta Eibarrek Madril CFF-ren kontra jokatuko du.

Denboraldiko porrota bakarra jaso ondoren bisitatuko du Realak Barcelona. (Gorka Rubio/Foku)
Denboraldiko porrota bakarra jaso ondoren bisitatuko du Realak Barcelona. (Gorka Rubio/Foku)

Nazioarteko etenaldia amaitu eta goi-mailako norgehiagoarekin itzuliko da Liga txapelketa igande honetan. Liderra eta bigarren sailkatuta aurrez aurre egongo dira. Hau da, aurkariak jipoituz partida guztiak irabazi dituen Bartzelona –sartutako golen batez bestekoa partidako zazpi golekoa da– alde batetik eta partida bakarra, eta merezi barik, galdu duen Reala, bestetik.

Erronka izugarria da baina orain arte erakutsitako gaitasunari eta neurketa honetan bereziki garrantzitsua izan daitekeen heldutasunari eutsita, talde donostiarrak ilusioz beteta bidaiatu du. Baita bajekin ere, zoritxarrez. Pleuler eta Elene Lete etxean geratu dira, baita Vanegas ere –zigortuta– Cecilia eta Poljak lesionatuekin batera. Bigarren taldeko Izarne, Viles, Claudia eta Olatz Santana sartu dira deialdian. 

Natalia Arroyok «Bartzelonari aurre egitea zaila» dela onartu du baina ezinbestekoa da «lortu dezakezula sinestea». Hau da, formularen «zati bat fedea» litzateke. Bestea, «uneak ondo aukeratzea eta, eurek jokoa menderatu dezaketela onartuta, deserosoak ez sentitzen saiatzea. Sufritzen eta eusten jakitea, alegia».

Betis-Athletic

Interes handiarekin jarraituko du Athleticek Johan Cruyff zelaian gertatzen dena, aurreko jardunaldian hirugarren postura igo ondoren, oraingoan bigarrenera heldu baitaiteke, Realak gainontzeko taldeen emaitza bera lortzen badu Bartzelonaren kontra. Beti ere zuri-gorriek beraiek Betis gainditzen badute, noski.

Talde bien ibilbideek emaitza hori logikoena litzatekeela diote, talde andaluziarrak puntu bakarra lortu baitu bere zelaian orain arte eta Athleticek, berriz, ez du galdu etxetik kanpo. Iraia Iturregik berak onartzen du, «zazpi jardunaldi oraindik gutxi» izan arren, «zenbakiak onak» direla eta bere «jokalariek egunero egiten duten lanaren islada» direla. Eta bere asmoa «aurrera jarraitzea» dela, «abiadura hau mantenduz». Baina badaki baita ere, zenbakiek ez dutela beti errealitate osoa isladatzen eta horregatik lasaikeria sahiestu nahi du «Betis talde ona» dela gogoraraziz. «Erasoan botere handia dauka», azpimarratu du, «oso partida lehiatua» espero duela esanez.

Arazo fisikoak gainditu ondoren, Oguiza eta Istillart sartu ahal izan ditu deialdian Iturregik. Oihane Hernandez, Nekane eta Monente, berriz, etxean geratu behar izan dira.

Alaves-Granadilla

Gasteizen ere oso adi egongo dira goialdeko neurketa horietan gertatzen denarekin, Alaves bera aurreikuspenak hautsi eta sailkapenaren lehen postuetan baitabil denboraldi hasieratik. Seigarrena da, hain zuzen ere, eta hiru puntutara besterik ez dauzka Txapeldunen Ligako postuak. Egoera polita, ilusioa pizteko modukoa baina Mikel Crespok, badaezpada, ez du epe luzera pentsatu nahi. «Epe luzera begiratzen dugunean, gaizki bideratzen dugu gure lana. Guk beti pentsatu behar dugu hurrengo partidan eta besterik ez», azpimarratu du teknikari zuri-urdinak.

Hurrengo partida hori exijentzia handikoa izango da, Granadilla baitator Ibaiara. Gauza bera pentsa dezekate kanariarrek, edozein kasutan, Alavesi puntu bakarra kendu baitiote orain arte etxean jokatutako partidetan.

Madril CFF-Eibar

Bere kontuekin nahikoa izango du Eibarrek, berriz, gainontzeko taldeek zer egiten duten larregi inporta barik. Ibilbide irregularra gauzatzen ari dira gorri-urdinak, joku polita egin bai baina kostata balio izan zaie puntuak lortzeko eta, lehen zazpi jardunaldietan bi garaipen besterik lortu ondoren, salbu baina jaitsiera postuetatik gertuegi daude.

Etxetik kanpo ez dute punturik lortu eta biharko aurkaria ez da izango egokiena dinamika horri amaiera emateko, Madril CFF bisitatzen baitute. Ana Junyenten esanetan, «puntuatzeko aukerak izan ditzakegu». Entrenatzaile armaginak Betisen aurkako porrotak «min handia egin» zuela onartu du baina bere jokalariak errekuperatuta ikusten ditu. «Aste hauetan oso lan ona egin dugu. Badakigu zer egin genuen gaizki eta zer zuzendu behar dugun. Jokalariak lasai daude».

Jokalari horien artean Racheal Kundananji dago atzotik. Burokraziak atzeratu du Zambiatik etorritako fitxaketaren iritsiera baina, behin Eibarrera iritsita, badirudi Junyentek ez duela denbora gehiago galdu nahi. Madrilera eramango du, «taldean barneratzeko prozesua azkartzeko», eta baliteke Kundananjik Matapiñoneran minutu batzu jokatzea. 

8.jardunaldia

Levante - Sporting de Huelva (11.00)
Betis - Athletic (11.00)
Alavés - Granadilla (12.00, Footters)
Barcelona - Real Sociedad (12.00, ETB1)
Atlético de Madrid - Villarreal (12.00)
Rayo Vallecano - Sevilla (12.00)
Real Madrid - Valencia (17.00)
Madrid - Eibar (18.00, Footters)