Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevista
Pilar Garaialde
Egiari Zor fundazioko kidea

«Utz diezaiotela neurgailu desberdina erabiltzeari, behingoz»

Asko pasatutakoa da Garaialderen familia. «Sekulakoa izan zen jasan genuen jazarpena. Neurtzen zaila da zenbaterainoko ondorioak izan dituen gugan. Baina noski, erailketa horien guztien gainetik dagoen zerbait da. Horrek ez baitu erreparaziorik».

Pilar Garaialde Egiari Zor Fundazioko kidea. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Pilar Garaialde Egiari Zor Fundazioko kidea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hainbat laido eta umiliazioren berri eman zuen joan den astean Egiari Zor Fundazioak. Filtratu den Estatuko goi-kargudunen elkarrizketa baten arabera, Herri Batasunaren jarraitzaileen aurkako bonba-gutunen bidalketan Felipe Gonzalezen Gobernuko Barne Ministerioak izan zuen ardura. Gainera, Segurtasunerako Estatu idazkari izandako Rafael Verak enegarren aldiz goratu du estatu terrorismoa.

Barne Ministerioak domina bat eman dio 1994an giza eskubideak bortxatzeagatik kondenatutako polizia bati. Ramon Jauregui Madrilen EAEko ordezkari ohia beste behin saiatu da bere alderdia GALen inguruko erantzukizun politikotik salbuesten. Eta Villarejo komisarioak, Estatuko estolden zaindari izandakoak, gerra zikina goraipatu du. Horren aurrean, isiltasuna besterik ez dute jaso estatu indarkeriaren biktimek.

Nola zaudete biktimak?
Norbanako bakoitza mundu bat gara eta biktima izateak ez gaitu berezitasun horretatik kanpo uzten. Bakoitzak sentitu duguna askotarikoa izango da: zenbaiti tristura eragingo dio nagusiki, beste zenbaiti dezepzioa, edo amorrua edo umiliazioa. Baina ulertezina da entzun direnak entzun eta gero, gehiengo politiko eta instituzionalak iritzirik ez ematea, txintik ez egitea. Giza eskubide urraketa horiek justifikatzen dituzten adierazpenen aurrean isiltzeak jasan genuen indarkeria legitimatzen du. Nik uste dut enpatia apur bat duenak ulertuko gaituela.

Ez da gaurko kontua guk publikoki salatzea kolpatu gintuen indarkeria goratuz edo legitimatuz egin ohi diren adierazpen, ekintza eta eszenaratzeak. Orain arte iruditzen zait gure ikuspegi eta sentipenak ez direla kontuan hartu. Eta noski, hori behin eta berriro gertatu izanagatik, egoera konpontzeko benetako saiakerak badirela ikusten baduzu, errealitate guztiak kontuan hartzen direla ikusten baduzu, tira, aurrera bidea ikusten duzu.

Adibide bat jarriko dut: ongietorrien gaiari, ‘presoak etxera’ pintadei eta beste hainbati dagokienez, eszena publikora ateratzen dira horien aurka, indarkeriaren deslegitimazioan sutsu, baina gero, estatu terrorismoaren apologia eta gorespen adierazpen esplizituen aurren mutu geratzen dira.

Indarkeria nondik eratortzen den, neurtzeko modua desberdina da. Interes alderdikoietan oinarrituz eta etekinak atera nahian erabiltzen den gaia da.

Urkulluri zuzenean galdetu diozue ea non dagoen estatuaren indarkeriaren biktimei erasotzen dizuetenean.
Lehendakaria erakunde garrantzitsu baten ordezkari da; bizikidetza planak, unitate didaktikoak, diskurtso asko biltzen dituen erakunde bat. Isiltze jarrera hori ez dator bat erakunde horretan jasotakoarekin. Egun hauetan bizi izan ditugun egoeren antzekoetan iritzirik ematen ez duen bakoitzean, hustu egiten du.

Gehiago esango dizut. Duela hilabete inguru Sare Herritarrak kanpaina bat jarri zuen abian biziarteko espetxe zigorraren aurka. Kanpaina horren aurrean, sektore politiko askok beren egin zituzten ultraeskuinaren argudioak, eta Terrorismoaren Biktimen Memorialean omenaldi bat antolatu zuten. Lakuak ordezkari bat bidali zuen, Sarek antolatutako ekimenari aurre egiteko. Pentsa zer esaten ari garen. Giza eskubideak defendatzen dituen eragile baten ekimenaren aurka azaldu zen, muturreko eskuindarren argudioekin bat eginez, ustezko apologia egingo omen zelakoan, eta aldi berean Estatu indarkeriaren apologia esplizituen aurrean isilik? Ez al dute zerbait esateko beharrik ikusten? Estatu indarkeria goraipatzeko adierazpenak izan ordez, beste indarkeria bat goratzeko egin izan balira, zenbat denbora beharko zukeen Fiskaltzak ofizioz jarduteko?

Erantzunik jaso duzue?
Momentuz ez eta ez dut askorik espero ere, baina gehien axola zaiguna zera da, utz diezaiotela neurgailu desberdina erabiltzeari, behingoz, eta gai hau ez dezatela konfrontazio politikorako erabili. Eta hau esaten dudanean orokorrean esan nahi dut. Izan ere, besteen mina erabiltzen da eta horrekin mina birsortzen da. Begira, politikarien ardura konponketarako tresnak edo mekanismoak aurkitu eta martxan jartzea izan beharko litzateke, eta ez konfrontazioa sortzea, are gutxiago mina.

«Politikarien ardura konponketarako tresnak edo mekanismoak aurkitu eta martxan jartzea izan beharko litzateke»

Hori guztia 10 egunetan gertatu da, noiz eta EH Bildu eta Sorturen urriaren 18ko adierazpenaren testuinguruan. ETAren biktima batzuek eta hainbat pertsonak pilota PSOEren teilatuan jarri dutenean, GALek eta Estatuaren indar armatuek ere hil eta torturatu baitzuten.
Halaxe izan da. Esan liteke gizartearen zati batean hain argi ikusten den hori ez dutela ikusi nahi, saihesten dutela behintzat. Sortu eta EH Bilduren adierazpenak, eragindako minaren aitortza egitean, ez zuela gertatu behar esaten denean, beste sektoreetan eman ez diren pausoak nabarmendu ditu. Aitortu beharrean zubiak eraiki nahian egindako adierazpenak direla eta horren garrantzia azpimarratu beharrean, atera ez dute ba beraien zintzotasun-neurgailua! Merkea baita besteengana exijentziekin joatea, baina gero norberak izan behar du besteei eskatutako hori betetzeko gai.

Baina GAL, BVE, GAE, ATE, Triple A eta izen gehiagoz agertu ziren talde horiena ez da izan gertatu den gauza bakarra. Estatu indarkeria harago joan da: tortura sistematikoa, eraikitako bertsio ofizialak, salbuespenezko espetxe politika… horiek guztiak parte dira.

Egiari Zorreko biktimak zuen sufrimenduaren arduradunei zuzendu zatzaizkiete, errateko hamarkada aunitz daramatzazuela egin zizueten kaltea aitortzeko zain. Zer espero duzue?
Besteek emandako pausoak emateko gai izan daitezen espero dugu. Kolpatu gintuen indarkeriaren erantzuleak beste batzuek egin duten bidea egiteko gai izango balira, gaitz erdi; ekarpen handia litzateke bizikidetza eraiki eta indarkeriaren ondorioak gainditzeko, eta era berean egoera ezin hobean jarriko gintuzke bizi izandako indarkeriazko zurrunbiloaren jatorria den gatazkaren sustrai politikoari heltzeko.

«Arin xamar hitz egiten ote den biktimez», sentipen hori partekatu zenuen duela jada hamarkada bat. Hori bera sentitzen al duzu orain?
Agiri bat kaleratu genuen, amak eta senideok sinatua, non adierazten genuen biktimok askotan ‘aktibo politiko’ bezala erabiltzen gintuztela, batzuek edo besteek etekin politikoak lortu nahian. Nire iritzian, erabilpen politikoak jarraitu du kontuan izaten badugu batzuen ez aitortzea, ez errekonozitzea eta beste batzuk etengabe mahai gainean jartzea.

Solas egidazu zure familiaz, guraso eta zazpi anai-arrebez. Idatzi hartan kontatzen zenuenez, polizia indarrek ez zizueten bizitzen utzi denbora luzean: atxilotuak, erbesteratuak, torturatuak, mehatxatuak eta jarraituak izan zineten.
Sekulakoa izan zen jasan genuen jazarpena. Ikaragarri gogorra. Neurtzen zaila da zenbaterainoko ondorioak izan dituen gugan. Baina noski, erailketa horien guztien gainetik dagoen zerbait da. Horrek ez baitu erreparaziorik.

Aitak abertzaletasuna ez ezik, sekretu profesionalaren garrantzia ere transmititu zizuen, taxilaria baitzen.
Bai. Gure etxean betidanik irakatsi ziguten laneko kontuak gordetzekoak direla.

Hala ere, salataria zela zabaldu eta lehergailua jarri zioten 1972an. ETAk autoa txikitu zion. Kalte ekonomikoa handia izan zen, eta familiak jasandako bazterketa eta mespretxua are handiagoa.
Euskal Herriko gatazka politikoak aurpegi desberdinak izan ditu eta 1972an gertatu zena argitu gabe dago. Komeria askoren ondoren, duela zazpi bat urte lortu nuen Ferroleko Artxibategitik bonbagatiko txostena jasotzea. Literala jaso nuen. Guardia Zibilak egin zituen galdeketa guztiak, erantzunak, peskizen emaitzak, guztia jasotzen du. Ez zen ebatzi nor izan ote zen bonba jarri zuena. Hiru bat urte iraun zuen ikerketak.

Azpimarratzekoa da ere 1982ko urtarrilean gure aita erail eta hilabete batzuetara (1982ko ekainaren 28an) ETA (m)k ‘Egin’ egunkarian argitaratu zuen agiri batean honela zioela hitzez hitz: «ETA no es la autora de todo lo que ocurre en Euskadi, ni en el Estado francés. (…) Por ejemplo no es autora de una serie de atentados mortales que ETA no ha cometido ni reivindicado, como la del taxista de Alegría de Oria, Pablo Garayalde Jaureguizabal, ni la del también taxista de Lasarte, Huegun Aguirre, hombres de ideología abertzale y euskaldunes trabajadores y muy apreciados por sus convecinos». Salataria zela zabaldu zuenak edo zutenek eta hainbeste min eragin zigutenek jakingo dute zer gorde nahi zuten edo zer etekin atera nahi izan zioten horri.

«Euskal Herriko gatazka politikoak aurpegi desberdinak izan ditu eta 1972an gertatu zena argitu gabe dago»

Triple A-k hil zuen zuen aita 1982an, Berastegin, urtarrilaren 1etik 2rako gauean, 60 urte bete zituen egunean.Lehen unetik Batallón Vasco Español eta Triple Ak erailketa aldarrikatu zuten, baina hainbat zurrumurruk nahasmena sortu nahi izan zuten, 1972ko atentatuarekin lotuz.
Nahasmena sortzearena ez dakit zenbateraino izan zen diseinatutako zerbait, baina hala dirudi, indar handia jarri baitzen horretan. ETA izan zitekeela sinetsarazi nahi balute bezala. Gehiago esango dizut, askoren buruan horrela geratu zen denbora luzez.

Ondorengo urteetan jazarpena jasan zuen familiak, «bakardade latz eta garratzean». Aitorpenik jaso duzue?
Ama eta senideon agiriak izan zuen bere eragina eta sei bat hilabetera Alegiako Udalak ekitaldi xume batez omenalditxo bat eskaini zigun beste hildako batzuekin batera eta plaka bat jarri zen gertatutakoaren oroigarri modura. Eusko Jaurlaritzaren ‘Talde inkontrolatuek, eskuin muturreko taldeek eta GALek eragindako terrorismoaren biktimei buruzko txostenean’ jasotzen da gure aitaren erailketa. Gogora Institutuak ere jasoa du gutako bi senideren testigantza. Espainiako Barne Ministerioak onartu zuen gure indemnizazio eskubidea.

Idatzian zeniotenez, herri honi bere hitza eta erabakia aitortzea eta bakea lortzea dira hainbeste min eta sufrimendu arintzeko bidea.
Biktimok asko galdu genuen, eta elkarrekiko errespetua eta errekonozimendua izan da azken urteotan eraiki dugun errealitatea, aniztasunetik, gehien galdu dugunon arteko distantzia ideologikotik. Horretan lan asko egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Behintzat, Egiari Zor Fundaziotik. Erantzukizuna exijitu behar da, nola ez ba! Gure eskubideak urratu zituztenei, gure sufrimenduaren erantzuleei, guri egindako kaltea aitor dezatela eskatu behar zaie.

Baina ez da ahaztu behar oraindik konpontzeke dagoen gatazka politikoa hor dagoela. Gatazka ez da gaurkoa, oso atzetik dator eta horri heldu behar zaio, elkarbizitzarako esparru demokratiko batean sinesten badugu benetan.