Nagore Belastegi

Musikaren erritmoa duen poesia liburua da Jokin Erkorekaren ‘Banda’

Barne ikuspegia, natura, etxea eta transformazioa dira Jokin Erkorekak bere lehen poesia liburuan jorratu dituen gaiak. Bere musika taldearen kanten hizkiak sortzen baditu ere, hau da literaturarekin duen lehen harreman zuzena.

Erkorekak poema bat irakurri du aurkezpenean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Erkorekak poema bat irakurri du aurkezpenean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Jokin Erkorekaren lehen poesiak Haxotz taldearentzat idatzitako kanten hizki baztertuetatik atera ziren. Musikarekin bat egiten ez zuten arren, hitzek indarra bazutela konturatu zen. Taldearentzat musikatik abiatzen da kantak sortzeko, eta poesia idazten hasi zenean berbek garrantziarik handiena bazuten ere, nolabaiteko erritmoa ere badute bere testuek. «16 urterekin Kirikiño ikastolan nengoela sortu genuen taldea. Gure musika ez da publiko guztiarentzat, baina hor egoteak eman zidan abagunea hitzak erritmikoki lantzeko», azaldu du.

«Soinu banda bat bezala, ez da soililk erritmoa, ez da soilik letra. Publikoak amaieran beste bat eskatuko du, beste poema bat», dio Igor Estankona idazleak Erkorekak argitaratu duen lehen poesia liburuari buruz. ‘Banda’ Bilboko Udalak sustatzen duen Blas de Otero lehiaketan irabazlea izan zen iaz, eta aurten Ereinek publikatu egin du.

«Euskaraz poesia idazten dugunak ez gara asko, baina eskertzekoa da saria irabazi izana. Ohore bat da», aitortu du Erkorekak gaur goizean Donostian egin den aurkezpenean. «Jendeak galdetzen dit zer idatzi dudan. "Euskaraz? eta poesia? ufff" esaten didate. Badakit ez dela masarentzako liburu bat», aipatu du. Hala ere, liburu fisikoa eskuartean izatea ilusio handia egiten diola esan du, musika taldearekin gehien bat formatu digitalean argitaratu baitute.

Liburua lau ataletan banatzen da. «Lehen atalean nire barruko ikuspegia ulertarazteko obsesioa lantzen dut, edonork izan dezaken barne borroka», argitu du. Bigarrenean natura aipatzen da, hirugarrenean etxea (edo ikusten ez dena), eta laugarrenean gauza pertsonalak bildu ditu. «Transformazioari buruz hitz egiten dut, hazteari buruz. 30 urte bete ditut aurten. Iruditzen zait nire belaunaldiaren ezaugarri bat dela esateko dugun hori esateko presa dugula, arrakasta izateko presa, sare sozialek ematen duten berehalakotasuna dela eta», kontatu du.

Atalak gaietan banatzeaz gain, liburuaren maketazioan ere nabari da. Batetik bestera igarotzeko egileak gustoko dituen idazleen aipuak txertatu ditu, «barne mundu hori ateratzen asmatu dutenak, idazle guztien nahia».