Naiz

Madrilen girotutako ‘Bihurguneko nasa’ ipuin liburua argitaratu du Uxue Apaolazak

Uxue Apaolazak ‘Bihurguneko nasa’ ipuin liburua argitaratu du Susa argitaletxearekin. Azken hamar urteetan idatzitako bederatzi ipuin biltzen ditu, eta Madrilen bizi den Lur emakume euskalduna da protagonista.

Uxue Apaolaza ‘Bihurguneko nasa’ ipuin liburua aurkeztu du.
Uxue Apaolaza ‘Bihurguneko nasa’ ipuin liburua aurkeztu du.

‘Bihurguneko nasa’ ipuin liburua aurkeztu du Uxue Apaolazak (Hernani, 1981). Susa argitaletxeak editatuko liburuak Madrilen bizi den Lur emakume euskalduna du protagonista.

«Hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa», dio eleberriaren sinpsioak.

Bederatzi ipuis biltzen ditu liburuak, eta ez dago guztiak lotzen dituen argumentu haririk, ipuinak autonomoak dira. Banaka idatzita daude, eta Apaolazak dioenez bakoitza momentu batean jaio da «emozio batetik, irudi batetik». Irakurtzean ez dago zertan ordenari jarraitu.

Apaolazak azaldu duenez, Arroztasuna da bederatzi ipuinenetako ideia komuna. «Munduarekiko arroztasunaz ari naiz, indibiduo moduan, era existentzial batean. Azkenean, kontu filosofikoak ere nahiko jakinak izaten dira, eta zerikusia daukate emakumea izatearekin, klase jakin batekoa izatearekin, homosexuala izatearekin, arrazializatua izatearekin».

Hainbat liburu idatzi ditu idazle hernaniarrak: 2005ean ‘Umeek gezurra esaten dutenetik’ argitaratu zuen Erein argitaletxearekin, 2008an ‘Frantzisko Xabierkoa iheslaria biografia ondu’ Txertoa argitaletzearekin eta 2011n ‘Mea Culpa’ Elkarrekin.