Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Euskal eskuina garai bateko FSLN goraipatzen?

Badira bere garaian Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren aldekoak zirenak eta gaur egun FSLN eta Daniel Ortega kritikatzen dituztenak. Zuzena edo okerra izan Nikaraguako presidentearen kontrako salaketa hori, normala ere bada bat baino gehiago lehen haren alde egotea eta orain, aldiz, haren kontra jotzea; egoera aldatu delako, norbera aldatu delako edo orain kritika egiten duen horrek egiazki aldatu dena FSLN izan dela pentsatzen duelako. Xelebreagoa da, ordea, 80ko hamarkadan FSLNren kontra zegoen zenbaitek orain orduko gerrilla goraipatzea, askatasun haizea izan zela esatea, gaurko FSLNren kontra egiteko argudio bila.

Euskal eskuinaren «dohaina» da hori: garaian jokabide bat izan eta historiak jokabide hura okerra zela egiaztatzean jokabide haren aztarna desagertzen saiatzea. Horregatik gogoratu behar da orduan euskal eskuina Latinoamerikako gerrillen kontra zegoela, El Salvadorko Jose Napoleon Duarte presidentea bezalako agintariak babestu zituela eta AEBen esku-hartzeari men egin ziola.

‘Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa’ leloaren itzalpean jokabide atzerakoiak izan zituzten makina bat gaitan, zela abortua, zela homosexualen eskubideak, zela… Eta ulergarria ere izan zitekeen hala izatea familia sozial eta politiko horren jatorria eta oinarriak kontuan hartuta, eta txalotzekoa ere izan daiteke horietako askotan eboluzionatzea eskubideen aitortzaren eskutik.

Beste gai askotan, ordea, ez da inongo zintzotasunik egon, eta oraindik ere komeni da gogoratzea euskal eskuinak NATOren alde egin zuela, Lemoizko zentrala egin nahi zuela, euskara batuaren kontra egon zela, CIAri laguntza eman ziola, Rafael Veraren laguntzaile sutsu izan zela, presoen dispertsio politikaren diseinuan parte hartu zuela, Ertzaintzaren jokabide okerrak –tratu txarrak eta espioitza, esate baterako– babestu zituela, ustelkeria errotzen utzi zuela, Korrika eta ‘Euskaldunon Egunkaria’ espresuki boikotatu zituela, ‘Egin’ erakundeetatik diskriminatu zuela adierazpen askatasuna kaltetuz… Hori dena izan da euskal eskuina, eta hori izan izanak eta inoiz autokritikarik txikiena egin ez izanak definitzen dute askotan jelkideen gaur egungo jokabide zinikoa. Green dira Zubietako erraustegiaren isuria ezkutatzen duten bitartean.

Diotenez, Arnaldo Otegiren Eibarreko hitzaldi famatua hedabideetan zabaltzeko eta giro baikorra kakazteko ahalegin bizian aritu ziren Sabin Etxetik

Euskal Herriaren iraganetik etorkizunerako igarobidea zailtzeko prest daudela gero eta nabarmenagoa da. Diotenez, Arnaldo Otegiren Eibarreko hitzaldi famatua hedabideetan zabaltzeko eta Urriaren 18ko Adierazpenak sortutako giro baikorra kakazteko ahalegin bizian aritu ziren Sabin Etxetik. Dei asko egin omen zituzten bertatik batera eta bestera. Ez dituzte gustuko aurrerapausoak, horiek ezker abertzalearen umiliazioa ez badakarte beraiekin, jakin badakitelako zintzotasunez atzera begiratuz gero beren burua ere biluzik geratuko litzatekeela. Esana utzi zuen Josu Jon Imazek Lizarra-Garazitik aldentzeko: EAJk ezin du onartu trantsizioan erratu egin zenik.

Ez dituzte gustuko, ez, aurrerapausoak, horiek gerora begira elkarlan, elkarrizketa edo protagonista berriak ekar baditzakete. Nahiago dute dagoena dagoen moduan geratzea, egonean egon, arian-arian dena txirotzen bada ere.

Nikaraguara bueltatuz, orduko «La contra» bilakatu ez ote diren galdetu beharko liokete jelkideek beren buruari. •