NAIZ
Berlin

Alemaniako hurrengo Gobernuak neurriak ezarriko dizkie txertatuta ez dauden lagunei

Alderdi Sozialdemokrata (SPD), Berdeak eta Alderdi Liberala (FDP) ados daude txertorik hartu ez dutenentzako murrizketa batzuk ezartzearekin. «Txertoa jarri duen jendeak bizitza publikoan parte hartzen jarraitzeko aukera izan behar du».

Gizonezko bat, Ludwigsburgen, test azkar bat egiteko zain. (Thomas KIENZLE / AFP)
Gizonezko bat, Ludwigsburgen, test azkar bat egiteko zain. (Thomas KIENZLE / AFP)

Alemaniako Gobernu koalizioa izango dena negoziatzen ari diren hiru alderdiak, Alderdi Sozialdemokrata (SPD), Berdeak eta Alderdi Liberala (FDP), ados daude txertorik hartu ez dutenentzako murrizketa batzuk ezartzearekin, pandemiaren gogortzeari aurre egiteko. Izan ere, bertan txertaketa tasak Europako baxuenetakoak dira.

Akordio horrek, Alemaniako komunikabideek argitaratu duten dokumentu baten arabera, neurriak jasotzen ditu kontaktuak murrizteko eta garraiobide publiko batera igotzeko txertaketa ziurtagiria edo test negatiboa izatea exijitzeko.

«Txertoa jarri duen jendeak bizitza publikoan parte hartzen jarraitzeko aukera izan behar du. Horregatik, neurri egokia iruditzen zait kontaktuen murrizketak ezartzea txertatu ez direnentzat», esan du Oliver Krischner diputatu berdeak telebista publikoko Morgenmagazin saioan, akordio horri buruzko xehetasun gehiagorik eman gabe.

Alemanian, biztanleriaren %67,5ak jaso du txertoaren jarraibide osoa, eta %70ak lehen dosia. Hau da, Europa mendebaldeko txertaketa kuotarik txikiena.

Joan den astean, negoziaketetan murgilduta dauden hiru alderdiek hainbat neurri zituen lege-proiektu bat aurkeztu zuten Bundestagen, baina, kritiko askoren arabera, ez ziren nahikoak egungo egoerari aurre egiteko. Kritikoen artean, Berdeetan lan egiten duten eskualdeko Osasun ministro batzuk ere egon ziren.

Proiektu horrek, lege-izapidean, doako koronabirus testetara itzultzea jasotzen du, lantokietan txertatuta egoteko edo egunero test negatibo bat izateko betebeharra ezartzen du, eta eskualdeetako gobernuek beste neurri batzuk hartzeko aukerak zabalik mantentzen ditu.

Hala ere, orain filtratu den dokumentua harago doa kontaktuen murrizketari eta garraio publikoaren murrizketei dagokienez.

Koronabirusaren zifrek gorantz jarraitzen dute Alemanian, eta asteko intzidentziak, Rober Koch Institutuaren (RKI) birologia datuen arabera, 100.000 biztanleko 300 kutsatzeak gainditu ditu lehen aldiz pandemia hasi zenetik. Asteko intzidentzia 100.000 biztanleko 303 kutsatze izan ziren, aurreko egunean 289 izan ziren eta duela astebete 201,1, duela hilabete intzidentzia hori 68,7koa zenean.

Guztira 23.607 koronabirus kutsatu berri izan dira azken 24 orduetan, eta duela astebete 15.513 kutsatu ziren. Maximo historikoa joan den ostegunean erregistratu zen, 50.196 kutsatu berrirekin.