Nagore Belastegi

Nancy Fraser-en ‘Kapitalaren lantegi ezkutuak’ saiakera euskaratu dute lau itzultzailek

Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren ale berria da ‘Kapitalaren lantegi ezkutuak’, Maialen Berasategik, Irene Arraratsek, Danele Sarriugartek eta Mirentxu Larrañagak itzulia.

Saiakera lilburua euskaratzen lana egin duten lau itzultzaileak. (Maialen ANDRES/FOKU)
Saiakera lilburua euskaratzen lana egin duten lau itzultzaileak. (Maialen ANDRES/FOKU)

Nancy Fraser pentsalari feminista estatubatuarraren ‘Kapitalaren lantegi ezkutuak’ artikulu sorta kaleratu du Susa argitaletxeak. Lisipe bildumako ale berria da honakoa, eta hori osatzeko lau itzultzailek hartu dute parte euskaratze lanetan: Irene Arrarats, Maialen Berasategi, Mirentxu Larrañaga eta Danele Sarriugartek.

Arraratsi egokitu zaio lehenengo artikulua itzultzea, ondorengoei bide egiten diena. «Galdera zaharrekin, erantzun berriak eragin nahi ditu», esan du itzultzaileak. «Fraserren ustez, kapitalismoa da gure mundu hau ulertzeko gakoa, eta subjektua kapitala da. Jabeek erabakitzen dute jendea nola biziko den, nola jokatuko dugun naturarekin eta politikaren eta ekonomiaren arteko harremana nolakoa izango den», azaldu du.

«Askotan esaten da kapitalismoa sistema ekonomiko bat dela, eta Fraserrek esaten du ez dela hori bakarrik, baizik eta instituzionalizatutako ordena sozial bat», kontatu du egokitu zaion atalari buruz. Artikuluaren amaieran bi erronka botatzen dizkio irakurleari. Alde batetik galdetzen du nola osatuko luketen bloke bat kapitalismoaren kontra daudenek, eta bestetik, nola imaginatzen duten mundua modu kapitalista honetan ez bada.

Berasategik itzuli duen artikuluaren izenburua galdera bat da –‘Kapitalismoa ezinbestean al da arrazista?’–, eta Fraserrek ematen duen erantzuna baiezkoa da. Estatubatuarrak kapitalismoaren hiru ikuspegi aztertzen ditu: trukearen betaurrekoekin begiratzen duena (ekonomia eskoletan oinarrizkoa dena), langileen esplotazioari begiratzen diona eta espropiazioari erreparatzen diona.

Azken bi korronte horiek zabaltzen ditu testuan. «Duela mende batzuk erdigune kapitalistan, zuriak bizi ziren lekuan, langile esplotatuak bizi ziren ‘bakarrik’. Berriz, periferia kapitalistan, arrazializatuak zeuden lekuan, horiek guztiz espropiatuak zeuden. Espropiatuak babesgabe daude guztiz, bortxagarri jaiotzen dira. Kapitalismoak dena konfiskatzen die», azaldu du Berasategik. Egungo paradigma, berriz, aldatu egin da eta bien arteko hirugarren figura bat sortu da: langile espropiatu eta esplotatua.

Larrañagak bi artikulu itzuli ditu, zaintza krisiaren ingurukoak, eta esan du horiek irakurtzerakoan burura etorri zitzaiola 2016an 18 zuzendarik Paris hiriari buruz errodatutako filme kolektibo bat. «Bosgarren atalean ikusten da nola Ana izeneko emakume hegoamerikar batek egunero bere haurra zaintzeari uko egin behar dion goi mailako beste emakume baten haurra zaintzera joateko», aipatu du.

Hori azaldu ostean, esan du Fraserren ustez zaintzari buruzko gaur egungo tirabirak ez direla halabeharrezkoak, baizik eta sustrai sistemiko sakonak dituztela. «Gizarte kapitalista molde orok babesten du krisirako joera. Fraserren ustez kapitalismoaren kontraesan sozial erreproduktibo hori dago zaintza krisia deritzon horren sustraian», azpimarratu du.

Amaitzeko, Sarriugartek itzuli ditu azken bi kapituluak, krisi politikoaren ingurukoak eta aurretik esandako guztia  borobiltzen dutenak. Hala, aipatzen da denak gaudela ados kapitalismoa krisian dagoela, baina ez garela ados jartzen krisia nondik datoren. Fraserrek, berriz, uste du krisi politikoa kapitalismoaren harimutur bat dela.

«Kapitalismoak berezkoa du krisiak sortzea, ekonomikoak diren eta ez diren alorrak banatzeko joera duelako. Krisi politikoak aro bakoitzean zein tankera hartu duen azaltzen du», esan du Sarriugartek itzuli duen lehen artikuluari  buruz. 

Bigarrena, eta liburua ixten duena, Estatu Batuetako kasuaren argazki bat da, zehazki Donald Trumpen presidente aroarena. «Orain arte neoliberalismo aurrerakoia zen nagusi, baina Hilary Clinton eta Donald Trumpen arteko liskarraren ostean hori aldatu egin zen. Hegemonia krisian dago». Populismo atzerakoia indarra hartzen ari da, eta Fraserren ustez populismo aurrerakoia sustatu beharko litzateke, xenofobia eta matxismoa alde batera utziz.