Etenaldira Championseko postuetan iritsi nahi du Athleticek

Zuri-gorriek Huelvako Sportingen bisita hartuko dute larunbat honetan Lezaman (11.00). Talde andaluziarra jaitsiera postuetatik kanpo dago baina ez du oraindik partidarik irabazi.

Zuri-gorriek zaleen babesa izan dezaten, Lezamako ateak zabalduko ditu bihar Atleticek. (Aritz Loiola/Foku)
Zuri-gorriek zaleen babesa izan dezaten, Lezamako ateak zabalduko ditu bihar Atleticek. (Aritz Loiola/Foku)

Vallecaseko garaipenarekin hirugarren postura iritsita, Athleticek Champions tokia eustea du helburu etenaldiaren aurreko jardunaldian. Eskuragarria, teoriaz, Lehen Mailan garaipenik lortu ez duen talde bakarraren bisita hartuko baitu Lezaman (11.00). Huelvako Sporting gainditzea, hala ere, zaila dela azpimarratu du Iraia Iturregik. Izan ere, andaluziarrak jaitsiera postuetatik kanpo daude partidarik irabazi ez duten arren.

«Ez da erreza Sporting-eri irabaztea –esan du–. Hiru gol besterik ez dituzte sartu baina horiekin bost puntu lortu dituzte. Gauzak ondo egin beharko ditugu irabazteko. Beti izan da talde gogorra. Batez ere bere etxean baina Lezaman ere lortu du berdinketaren bat. Gainera, goialdean Fatou Kanteh eta Maira bezelako jolari desorekatzaileak ditu, edozein jokalditan partida erabaki dezaketenak». Entrenatzaile zuri-gorriak lan defentsiboaren eta partidaren hasieraren garrantzia azpimarratu du, aurkariaren ezaugarriak kontutan hartuta. «Kontraerasoan mina egiten saiatuko da. Markagailuan aurrea hartuz gero, atzean sartuko da. Gu lehenengo minututik atera behar gara partidan sartuta, lehen golaren bila».

Lesioa gainditu eta deialdian bueltan da Yulema Corres. Valdezatek ere jokatu ahal izango du zigorra bete ondoren. Erika Vazquezek eta Leyre Monentek, berriz, min hartuta jarraitzen dute.

Doako sarrera

Bestetik, taldea bultzatzeko asmoz eta partida telebistaz ikusi ezin izango denez, Athleticek Lezamako ateak zabaltzea erabaki du. Sarrera doakoa izango da, beraz. Hala ere, klubetik azpimarratu dutenez, sartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena hartzea Lezamako lehiatiletan, aforoa kontrolatu ahal izateko.

Aurkari gogorrak

Igandean jokatuko dute Lehen mailako gainontzeko hiru euskal taldeek. Eta aurkari gogorrak izango dituzte. Reala bigarren postuari eusten saiatuko da Zubietan bigarren jardunalditik galdu ez duen Granadillaren aurka, Eibarrek Atletico Madrilen bisita hartuko du jaitsiera postuetatik urruntzeko beharrarekin eta Alavesek azken bost partidetaik lau irabazi dituen Real Madril bisitatuko du.