NAIZ

Ez dago faboritorik igandean Tolosan jokatuko den Euskal Herriko aizkora txapelketa nagusian

Igande honetan, 12.00etan, Beotibar pilotalekuan, 2021 urteko Euskal Herriko lehenenego mailako aizkora txapelketa nagusia jokatuko da, Euskadiko Herri Kirol Federazioak Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatuta.

Euskal Herriko aizkora txapelketa nagusiko sei protagonistak. (NAIZ)
Euskal Herriko aizkora txapelketa nagusiko sei protagonistak. (NAIZ)

Ostegun honetan aurkeztu da igandean Tolosako Beotibar pilotalekuan ospatuko den Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketa nagusia. Lehia 12.00etan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahalko da ETB1en eta eitb.eus-en.

Txapelketa Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatu du, Tolosako Udalaren laguntzarekin. Beraz, hemen ez dira egongo iragan igandean, Bilbon, Sherpa.ai Aizkolaritza txapelketa nagusiko finalean aritutako kirolariak, Federaziotik kanpo sortu baitzuten txapelketa hura.

Hala, Tolosan sei aizkolari arituko dira lehian, txapelaren bila: Hodei Ezpeleta Lopetegi (Bizkaia), Luis Mari Txapartegi Gurrutxaga (Gipuzkoa), Xabier Zaldua Alberdi (Gipuzkoa), Oier Kañares Ibarra (Nafarroa), Iban Resano Igoa (Nafarroa) eta Jose Antonio Etxeberria Osakar (Nafarroa). Hala, guztira, hiru nafar, bi gipuzkoar eta bizkaitar bat arituko dira.

Sei aizkolariek egin beharreko lana honakoa izango da: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.

Iazko edizioko txapelketak, pandemiagatik, bertan behera geratu behar izan zuen. Azken irabazlea Iker Vicente izan zen eta aurten ez dago faborito garbirik.

Luis Txapertegiren ustez, «faborito denok gara. Nahiz eta faborito izan, egun horretan ez baduzu zurea ematen, oso atzean gera zaitezke».

Bestalde, Xabier Zaldua eta Ivan Resano ez dira nahiko luketen mailan iristen, protagonistek gaurko aurkezpenean onartu dutenez. «Azkenaldi honetan, entrenamenduetan, ez nabil oso gustura. Gerriko minekin nabil, uste dut urtaro aldaketarengatik, baina ahaleginak egingo ditut ahalik eta paper onena egiteko», adierazi du gipuzkoarrak.

Nafarrak, aldiz, «ongi» iritsi dela uste du, baina «azkeneko frogak egin ditudanak, Nafarroako txapelketan, ez zaizkit batere ongi atera. Konfiantza pixkat falta zait».

Gogoratu behar da emakumezkoetan, iragan urriaren 24an, Nerea Sorondok irabazi zuela Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketa nagusia.