Marcel Pena

CNIren parte-hartzea eta «tortura ebidentziak» nabarmendu dituzte 13/13 sumarioan auzipetuek

13/13 sumarioan auzipetuek eta beraien abokatuek «irregulartasunez jositako» prozedura baloratu dute gaur, osteguna, eta Euskal Herriko jendarteari laguntza eskatu diote auzi hori salatzeko.

Zelarain, Larrarte, Zulueta eta Zenon Bilbon egindako agerraldian. (Jon URBE/FOKU)
Zelarain, Larrarte, Zulueta eta Zenon Bilbon egindako agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

13/13 kasuan auzipetuek gaur, osteguna, agerraldia egin dute, zortzi euskal herritarren aurkako makroepaiketa politikoaren balorazioa egiteko. Besteak beste, Estatu espainoleko inteligentzia-zerbitzuen, CNIren, prozesu osoan «parte-hartze argia» salatu dute, baita agerian gelditu diten tortura-testigantzak ere, gaur egungo Barne ministro espainolak, Fernando Grande-Marlaskak, epaile zenean zuzendutako kasu batean.

Bilboko Abokatuen Elkargoan egindako agerraldian, Aiert Larrarte abokatuak –Alfontso Zenon abokatuak eta Arantza Zulueta eta Julen Zelarain auzipetuek lagunduta–, azaldu du «irregulartasunez jositako prozedura bat izan dela» eta, beraz, «nulitatea» espero dutela. Gauzak horrela, uste du epaiketan frogatuta geratu dela CNIk prozesu osoan parte hartu duela 2010eko apirilaren 14a baino lehen. Egun horretan atxiloketak eta hainbat etxe eta abokatu bulegoetan miaketak egin ziren. «Ikusi genezaken bazeudela 2008tik, gutxienez, abokatu baten zirenen telefonoak kontrolatuta, sms irakurrita... Honen harira, eskatu genuen espedienteak desklasifikatzeko, baina ez ziren guztiz desklasifikatu», adierazi du.

Larrarteren arabera, CNIren parte-hartzea ez zen mugatu entzuketa hauetara, inteligentzia-zerbitzuek «erregistroetan eta tesi orokorra plazaratzeko eta judizializatzeko momentuan» ere parte hartu zuten. Guardia Zibilak berak, bere adierazpenean, hori berretsi zuela gogoratu du abokatuak.

«Hain argia izan da CNIren partizipazioa prozedura honetan, ezen tribunalak berak eskatu zuen CNIko agenteak etor daitezela deklaratzera epaiketara, eta CNI izan da esan duena ez dela etorriko», salatu dute.

Gainera, «epaiketa hasi aurretik tortura ebidentziak bazirela prozedura honetan» gogora ekarri du. «Gogoratu behar da, prozedura hau Grande-Marlaskak onartu eta erabaki zuela, eta bera izan zela aurretik Garzonek jarri zituen ez torturatzeko neurri deuseztatzeko eta bertan behera uzteko erabakia onartu zuena», azaldu du Larrartek.

Defentsa ikuspegitik, «balorazio positiboa» egin dute abokatuek, epaiketan juridikoki egin den lanagatik, eta ez dute «absoluzioa ez den beste emaitzarik» espero.

Zulueta: «Defentsa eskubidea ukatu digute»

Arantza Zuluetak duela hamaika urteko atxiloketen une historikoa baloratu du, gaur egungo Euskal Herriko egoera politikoarekin batera. Auzipetuak ez du ukatu «kezkatuta gaudela edozein unetan irits daitekeen ebazpenarekin» eta kezka handia dutela «gaur egun kondena-epai batek iraganeko parametroetara eraman gaitzakeelako, ‘dena ETA da’ hartara, epaitegietan ikuspegi errepresibo batetik erabiltzeko joera hartara, azken batean euskal gizarteak gainditutzat zituen parametroetara».

Zuluetaren ustez, «epaiketan agerian gelditu dira eskubide urraketa ugari bezain larriak», abokatuek salatu zuten bezala, eta adierazi du «defentsa eskubidea eta berme guztiak dituen auzi baten eskubidea» ukatu dietela.

Hori guztiagatik, dei egin diete euskal herritarrei «auzi hau salatzeko eta aurre egiteko». Helburu horrekin, jakinarazi du harremanetan jarri direla alderdi, sindikatu eta Gasteizko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordearekin.