Amaia U. Lasagabaster

Derbia, premiak baldintzatutako lehia eta atzeratutako partida urtea amaitzeko

Alavesek eta Realak Ibaian itxiko dute lehen itzulia asteazken honetan. Eibarrek aurretik duen Valentzia bisitatuko du. Athletic eta Atletico Madrilen arteko norgehiagoka atzeratu egin dute, talde madrildarrean egon den covid-19aren agerraldiarengatik.

Alaves eta Realaren arteko EH Kopako finalerdia, uda honetan jokatutakoa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Alaves eta Realaren arteko EH Kopako finalerdia, uda honetan jokatutakoa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Urtea eta Ligaren lehen itzulia batera amaituko dira Lehen Mailan. Eta denetarik dakar asteazken honetan jokatuko den 15. jardunaldi honek talde euskaldune dagokionez: derbi bat, jaitsieratik ihes egin nahian dabiltzan taldeen arteko neurketa eta atzeratutako partida. 

Ibaiak hartuko du 2021eko azken derbia (17.00, Footters), Alavesek eta Realak Lehen Mailan jokatuko duten lehena. Unbeko derbi zailean markagailua irauli ostean garaipena eskuratuta ekingo dio partidari talde donostiarrak, Gabonak bigarren postuan igaroko dituela jakinez. Alavesek, bere aldetik, puntu bakarra lortu du Athleticen eta Levanteren aurka jokatutako azken bi jardunaldietan baina aurretik ibilitako bide dotoreari esker, urtea ezusteko laugarren postuan amaitzeko aukera dauka bihar irabaziz gero.

Bere taldeak «oso ondo landuta dagoen» aurkaria izango duela uste du Natalia Arroyok. «Une onean daude eta oso moldakorrak dira, baina larunbateko hiru puntuek eman ziguten energiarekin gauzak ondo egiten saiatuko gara, partida zaila planteatzen». Aurreko jardunalditik egun gutxi pasatu diren arren, Realeko entrenatzaileak «errekuperatzeko denbora» nahikoa izango dela uste du eta derbi «polita» espero du. Nera Eizagirre Gasteizera eramango ez duela aurreratu du, «hobetzen doan arren», zuhurtziarekin jokatzea erabaki dutelako, «arriskuak saihesteko». Tolosarra eta Cecilia izango dira txuri-urdinen baja bakarrak.

Alavesek are denbora gutxiago izan du partida prestatzeko, igandean jokatu baitzuen Levanteren aurkako norgehiagoka. Lan handiko neurketa izan zen arabarren kasuan ere, exijentzia handiko talde baten kontra jokatzeaz gain, markagailua orekatzeko lan egin behar izan baitzuten aurkariak aurrea hartu ondoren.

Natalia Arroyok, bestetik, bere poza agertu du kontratua berritu izanagatik. Bere esanetan, sinadurak «alde biok proiektu honetan sinisten dugula eta ilusioa daukagula berresten du». Akordioa «erraza eta azkarra» izan zela esan du eta eskerrak eman dizkie jokalari eta agintariei «etxean nagoela sentitzea» eta «proiektu honekin jarraitzeko gogoak edukitzea» lortu dutelako.

Valentzia-Eibar (18.00)

Ibaiak goialdeko taldeen arteko neurketa hartuko duen bitartean, sailkapenaren beste muturretik ihes egin nahiean daude Antonio Puchadesen arituko diren Valentzia eta Eibar. Realaren kontra galdu ondoren, armaginek abantaila galdu eta Valentzia aurretik dute orain, puntu bat gehiagorekin. Urtea jaitsiera postuetatik kanpo amaituko duten lasaitasunarekin bidaiatuko dute baina partidaren garrantzia nabaria da.

«Zoragarria izango litzateke irabaztea eta oporretara sentsazio onekin eta emaitza on batekin joatea», onartu du Ana Junyentek, baina ez dio larregizko presiorik sortu nahi bere taldeari. «Garaipenak lasaitasuna emango liguke baina ez badugu lortzen, daramagun lan eta joko dinamikarekin jarraituko dugu, bide egokian gaudela badakigulako». Ohiko diskurtsoari eutsi dio entrenatzaile armaginak, «garaipenak iritsiko» direla esanez: «Argi daukagu. Futbolariek nola egiten duten lan eta nola lehiatzen duten ikusten duzunean ezin duzu ezer esan, horrela jarraitu behar dutela, besterik ez».

Valentziari dagokionez, «jokatu nahi duen taldea» dela adierazi du, «konbinatzea gustatzen zaio eta oso jokalari teknikoak ditu. Gure antzekoa da, baloia edukitzea nahi izaten du. Partida lehiatuta espero dugu, xehetasunek erabakiko dute emaitza».

Erabaki teknikoagatik azken bi deialdietatik kanpo utzi ondoren, Junyentek Llompart eta Gantxegi eramango ditu Valentziara. Etxean geratuko dira, min hartuta, Noelia, Carla Morera eta Bernabe.

Athletic-Atletico, atzeratuta

Athleticek, azkenik, lan-saio batekin agurtuko du urtea, Atleticoren kontra bihar jokatu behar zuen partida atzeratu baitute, talde madrildarrean egon den koronabirusaren agerraldiarengatik.

Espainiako Federazioak jakinarazi duenez, Atleticok atzerapena eskatu dio Lehiaketako Epaileari, hamar kasu positibo antzeman baititu taldean. Agerralditzat hartuta, Lehiaketako Epaileak eskaera onartu du.