Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Amorebietak, atzetik aurrera joanda, berdinketa ona erdietsi du Burgosen (2-2)

Burgosek lehen orduerdian eginiko bi golekin partida bideratu utzi duela pentsa zitekeen baina Obietak 2-1ekoa egin duenetik, zornotzarrak gehiago izan dira. Hala, merezitako puntua batu du Amorebietak Obietak, partidaren azken minutuetan, eginiko gol bati esker. 

Obieta izan da arratsaldeko protagonista egin dituen bi golekin.
Obieta izan da arratsaldeko protagonista egin dituen bi golekin. (SD AMOREBIETA)

Azken sei partidatan partida bat soilik galduta iristen zen Amorebietara Burgosen aurkako partidara. Burgostarrek, azken bi partiduak galduta, beraien bolada ona apurtua ikusi zuten Gabonetako atsedenaldiaren aurretik. Nolanahi ere, sailkapenaren eremu erosoan mantentzea lortu zuten, hamargarren sailkatuak baitira. 

Hala, etxekoen nagusitasuna agerian geratu da lehendabiziko orduerdian. Gero, partida apur bat parekatu da eta Obietako justizia egin du. Amorebietako aurrelariak egin ditu bi golak bere taldeak merezitako puntua batu zezan. 

Bidea ez da erraza izan, 20. minuturako bigarren gola egina baitzuen Burgosek, atera jaurti duen bigarren jaurtiketan. Beno, ñabardura bat: lehen orduerdi horretan, hiru aldiz jaurti du atera Burgosek eta hiruetan atea ikusi du; lehendabizikoan, ordea, gola baliogabe geratu da jokoz kanpokoagatik. 

Bigarren jaurtiketan, Guillermo aurrelariak eginikoan –Athleticen aritutakoa–, bai lortu dute 1-0ekoa. Juanmak, bizkarrez, hutsunera bidali du baloia eta golegile bizkaitarrak ondo definitu du Marinoren aurrean. Bere bosgarren gola egin du. 

Bost minutura, Valcarcek egin du 2-0ekoa, hau ere Juanmaren pase eder bat probestuta. Juanmak Guillermorekin jokatu eta lehen pasean ikusi du Valcarceren desmarkea eta honek ere ez du hutsik egin Amorebietaren atezainaren aurrean. 

Etxekoek garaipena bideratuta utzi dutela zirudien baina berandu baino lehenago Obietak, korner batean buruz errematatuta, egin du 2-1ekoa eta bigarren zatira bizirik iritsi da Amorebieta. 

Covid-19ak erabat baldintzatu duen neurketa izan da. Burgosen aldean hiru positibo antzeman zituzten atean; zornotzarren artean, ordea, hasierako hiru positiboei azken orduan beste hiru batu zitzaien (bi jokalari eta talde teknikoko bat). Hala, Iñigo Velez de Mendizabalek, ordezko atezainaz gain, zelaiko hiru jokalari soilik izan ditu aulkian eta horietariko bat –Zarrabeitia– lehen orduerdiaren aurretik zelairatu behar izan du, Larrazabal ondoez sentitu baita. 

Berdinketa gertu baina ezin asmatu

Bigarren zatian hobeto aritu da Amorebieta nahiz eta aukera arriskutsuak egitea kosta egin zaion. Nolanahi ere, nahikoa izan da Burgosen erasoko jokoen aurrean sendo agertzea azken minutuetara aukera guztiekin iritsi ahal izateko. Hala, Iker Bilbaok aukera paregabea izan du 71. minutuan berdinketa egiteko, Zarrabeitiaren pase on bat gutxigatik kanpora bidali ostean.

Berdinketaren aukera presente egon da bigarren zati osoan eta Obietak, partidaren azken minutuetan eginiko golaren aurretik ere izan du beste gol bat egiteko aukera baina ez du asmatu atezainarekin izandako aurrez aurrekoan. 

Burgosen garaipena eskuetatik ihes egitearen beldurra nagusitzen joan da eta hala, azken minutuetan apenas egin du jokorik. Iñigo Velez Mendizabalen taldearen asmoak, aldiz, argiak izan dira bukaera arte eta horregatik, hain zuzen ere, esan daiteke merezi izan dutela puntu bat batzea. Obietak egin du 2-2koa 81. minutuan, 2021. urtea gazitik baino gozotik bukatzea ahalbidetuz. 

Fitxa teknikoa:

Burgos CF: Caro, Cordoba, Grego Sierra, Miguel Rubio, Pablo Valcarce, Andy (Undabarrena, 70. min), Elgezabal, Mumo, Matos (Alarcon, 88. min), Juanma (Saul Berjon, 70. min) y Guillermo (Alegria, 76. min)

Amorebieta: Marino, Larra (Zarrabeitia, 28. min), Aimar, Arregi, Oscar Gil, Seguin, Mikel Alvaro (Unzeta, 76. min), Iker Bilbao, Alvaro Peña, Guruzeta (Orozko, 88. min), Obi.

Golak: 1-0, 14. minutuan: Guillermo; 2-0, 20. minutuan: Pablo Valcarce. 2-1, 35. minutuan: Obi; 2-2, 81. minutuan: Obi

Epailea: Lopez Toca (Kantabria). Zigorrik gabe. 

Gertaerak: Bigarren Mailako 21. jardunaldiko partida, El Plantio estadioan jokatua. 10.277 ikusle bertaratu dira.