Maite Ubiria

Europar banderaz jantzirik helduko dio hauteskunde urteari Macronek

Alderdirik gabeko buruzagiaren agintaldia amaitzear da. Emmanuel Macronek bere asmoak ofizial egin gabe itxi du urtea, baina zalantza gutxi dago 2017ko bozetan botere osoa eskuratuta «Jupiter gisa» jardun duen agintaria kanpainan sartuko dela. Zer eta EBko txandakako presidentearen txapela buruan.

Emmanuel Macronek 2017ko kanpainan baliatu zuen profil europarzalea indartzea izanen du xede.
Emmanuel Macronek 2017ko kanpainan baliatu zuen profil europarzalea indartzea izanen du xede. (John THYS | AFP)

Azken bi urteotan udaletako, departamenduetako eta eskualdeetako mapak eguneratu ostean, 2022an erakunde sistemaren goiko solairua berritzeko hauteskundeak izanen dira Estatu frantsesean, noiz eta osasun krisialdiaren astinduek aurreikuspen ezaren sentimendua iltzatu dutenean herritar askorengan.

Izan ere, gertatzen dena gertatzen dela, bost urtean behin errepikatzen den erritoak bere horretan jarraitu du pandemiaren olatu eta olatu artean.

Hala, frantziar Presidentetzarako edota Legebiltzarrerako anbizioak dituzten alderdiak, heldu den apirilaren 10ean eta 24an Eliseoko maizter berria hautatzeko eta ekainaren 12an eta 19an Legebiltzarreko 577 ordezkari izendatzeko eginen diren bozetara begira daude.

Kanpainaurrea zalaparta handiarekin abiatu zen, joko arauak hausteko gogoa agertu zuen outsider bat taularen erdigunean jarri zelako. Ultraeskuinaren edo, kontzeptu osagarriagoa nahi baldin bada, «muturreko frantziar patriotismoaren» eremuan, kolpea eman zuen mahaigainean telebista eztabaidetan izena egin zuen aho bilorik gabeko hizlariak.

Eric Zemmourrek hilabeteak eman zituen bere hautagaitzari buruz argi berdea eman aitzin. Anartean, Biarritz barne, Hexagonoko hirien gaindi bira antolatu zuen Zemmourrek itzalez beteriko iraganean etorkizuna berrasmatzeko distirak bilatzea gomendatuz, eta nortasunaren ekuazio konplexuari erantzuteko bidezidor arriskutsuak proposatuz.

Hasierako burrunbaren ostean, ordea, isiltasunaren zama heldu zaio. Behin bere anbizioa aldarrikatuta, kanpaina aurreko moldean sartuta gelditu da hautagai apurtzaileena ere.

Legeak nola bete izanen da koadro antolatuetatik at loratutako hautagaien buruhaustea. 500 aita-amabitxi behar dira bildu presidentegai izateko.

Alkate kargutik gora, gutxienez 30 departamendutan eta 50 sinadura baino gehiago ez lurralde berean. 1974ko presidentetzarako bozen ondotik ezarritako langa elitista gainditu behar da Eliseorako lehian sartzeko.

Berriz ere alderdiaren bandera besarkatzeko Anne Hidalgok (PS) edo Valerie Pecressek (LR) egin duten hautua hobe ulertzen da urte hasieran erabakiko den sostengu ehiza emankorra izateko barne aparatuek duten garrantziaz jabetuz gero.

Martxorako plazaratuko da behin betiko panela. Anartean, ezker-eskuinean azken orduko txinparten zain, «Jupiterrek», Macron ahalguztidunak, europar koroa buruan, etxeko gudan sartzeko unerik egokiena hautatuko du.