Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevista
Maialen Chourraut
Piraguista

«Ingurukoek hain ondo erantzutea eta babestea, hori da benetako altxorra»

Maialen Chourraut (Lasarte, 1983) euskal kirolari olinpiko loriatsuena bilakatu da. Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarra irabazita, mota guztietako dominak kolkoratu ditu (Londresen brontzea eta Rion urrea). Hainbeste desiratutako jada zilarra barneratuta, helburu berriei begira jarri da: Paris 2024.

Maialen Chourraut, Kontxako badian.
Maialen Chourraut, Kontxako badian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hainbat ekitaldi eta elkarrizketa uztartu zaizkio eta «nekatuta» dagoela onartu dio GARAri. Euskal kirolari loriatsuena izatearen ajeak. Urte honetan «benetan disfrutatu» duela onartuta, Paris 2024 dauka ortzi-mugan uneotan, «baina zoratu gabe». Hori bai, muturreko eslalomarekin pentsatzean begietako distira argitu egiten zaio. Ilusioz gainezka da.

«Ausartak dira beldurrez salto egiten dutenak», dio Olatz Salvadorren "Ba hori" kantuak, Maialen Chourraut deskribatzeko egokia izan daitekeena –"Beldurretan arraunean" dokumentala ikusi ondotik–. Beldurrei aurre egiten ondo baino hobeto daki –«ez dago beste erremediorik»–, baita ur-korrontea «lagun» hartzen ere.

Nola planteatzen duzu hurrengo ziklo olinpikoa? Ohi baino motzagoa izango da.

Motza da bai, baina hiru urte ez dira gutxi. Joko batzuetatik gatoz eta gure planteamendua 2022an lasai aritzea da, batez ere mentalki. Munduko Txapelketa, Munduko Kopa eta Europako Txapelketa egongo dira, baina modu lasaiagoan hartu nahi ditut eta muturreko eslalomean esperientzia hartzen joan.

Zerk motibatzen du Maialen Chourraut?

Niri eguneroko lana gustatzen zait, hobetzeko daukadana hobetzen saiatzea. 

Exijentea zara? 

Bueno, guztiok gara exijenteak modu batean edo bestean; denoi gustatzen zaigu egiten duguna ondo egitea. Helburu bat edukita eta helburu horretara iritsi nahi izanez gero, ez da besterik geratzen, exijentea ez banaiz besteek aurreratu egingo nautelako. Eta oso garrantzitsua izaten da egiten den bidea eta egiten den bide horretan zure onena ematea. Nahiz eta helburu horretara ez iritsi, nire onena eman badut bidean, ez daukat ezer damutzekorik, eta, gainera, asko izango dut ikasita.

Esan duzu denboraldia lasaiago hartu nahi duzula. Zein arlotan?

2023a eta 2024a exijenteagoak izango dira, bai plaza olinpikoen borrokan arituko garelako, bai, plaza lortuz gero, Pariseko Olinpiar Jokoekin buru belarri jarri beharko dugulako. Urte asko daramazkit data konkretu bat buruan, obsesio moduan, asko estutzen. Rioko Jokoen ondorengo urte postolinpikoa oso gogorra egin zitzaidan, lesio asko eduki nituen. Hori gertatu zen, batik bat, gelditzen ez jakiteagatik. Entrenamenduak eta lehiaketak uztartu ahal izateko, ezin naiz nire %100ean egon egunero-egunero; gorputzak eta buruak deskantsu bat behar dute. Aurten txapelketak egongo dira, horietan egongo naiz, noski, baina ez ditut landuko beste helbururik izango ez banitu bezala. Txapelketa hauek bide bezala hartzen ditut Parisera iristeko. 

«Rioko Jokoen ondorengo urte postolinpikoa oso gogorra egin zitzaidan, lesio asko eduki nituen. Hori gertatu zen, batik bat, gelditzen ez jakiteagatik»

Eta Paris bada obsesio?

Noski badela, baina kontua ez da aurten otsailean jada topera egotea.

Aipatu txapelketa horiek entrenamendu moduan hartu, alegia?

Ikasten jarraitzeko prozesu moduan hartzea, landu nahi ditudan gauzak lantzeko, baina ez uneoro helburu horiekin pentsatzen. Badirudi aurten hasiera batean sailkatuta egongo naizela txapelketa horietarako; beraz, hori ere probestu nahi dut. 

Rioko urrearen ostean, hasiera batean behintzat, Jokoen osteko urtea lasaiago hartzeko moduan zinela pentsa liteke. Zure kasuan ez zen horrela izan?

Ez zen horrela izan nik neuk gehiago nahi nuelako eta gauza asko hobetzeko ikusten nituelako. Aldi berean, Munduko Txapelketa geneukan Pauen eta, hurrengo urtean, Rion. Nire hoberena eman nahi nuen. Gero, Tokioko Olinpiar Jokoak ere hor zeuden, Seu d’Urgelleko Munduko Txapelketa… Gainera, ziklo olinpiko gogor batetik nentorren, ama izandako ziklo olinpiko bat, gorputzari asko exijitutakoa... Nire burua gehiago emateko ikusten nuen, baina gorputzak gelditzeko eskatu zidan.

Noiz adierazi zizun gorputzak hori?

Bertigoekin egon nintzen urte oso bat, egunero. Hala ere, ahal nuen bezala entrenatzen nuen. Hurrengo urtean saihetsetan fisurak izan nituen. Oso zaila izan zen. Hurrengo urtean nire aita hil zen… Urte horretan jada plaza olinpikoen sailkatze prozesuan geunden, Munduko Txapelketa Seu d’Urgellen zen, etxean, plaza olinpikoa jokoan… Sailkapen proba batzuen inguruko interpretazio bikoitza ikusten nuen eta antsietate asko sortu zidan horrek, ez nuelako argi ikusten idatzitakoa. Eta deskantsurik ez.... Azkenean, fisikoki arazoak dituzu ez baduzu jarraitutasun bat lortzen entrenamenduetan, ez baduzu nahi duzun guztia egiten gorputzak ez dizulako ematen... ez da erraza.

Frustrazio puntu bat eduki zenuen? 

Noski, lesioek frustrazio handia sortzen dute; gehiago nahi, eta ezin. Saihetsak puskatuta izan nituenean, ohetik jaiki nahi eta ezin, oinez ibili nahi eta ezin. Bertigoarekin mareatuta egun guztia… Ez ziren garai errazak izan baina Tokion egoteko nahi hori zegoen. 

Orduan, urtebete atzeratzea zuretzat onuragarria izan zen? 

Momentuan, atzeratzen dutela esaten dutenean, kolpe gogorra da, data hori buruan daukazula zaudelako lanean. Minarekin zaudenean jaikiarazten dizun data da, amets hori da, eta bat-batean hori borratzen denean zeharo deskolokatutzen zaitu. Urtebete gehiago sufritzen? Urte bat gehiago luzatzen? Hasierako inpaktua gogorra da. 

Baina gero gauzak nola ikusten dituzun ere garrantzitsua da. Urtebete beranduago dela, bada urte bat zaharrago baina baita urtebete gehiago lana ondo egiteko ere. Urte horretako lana oso ona izan da eta guk abantaila moduan hartu dugu. Beti gustatzen zaigu arazoen aurrean alde positiboa hartzea, horrek ez du esan nahi txarra ikusten ez denik, baina alde onari eusten saiatzen gara. 

Nola laburbilduko zenuke amaitzear den 2021a?

Zoragarria izan da, 2020ko udan etxera bueltatu baikinen hamabost bat urtez kanpoan bizi ostean. Entrenamenduetan ere pila bat disfrutatu dut nire hastapenetan ibili nintzen tokietan...

«Aldaketek estimulu berriak pizten dituzte eta teknikoki zeuden ohitura txarrak garbitzen doazela ikusten duzu, gehiago gustatzen zaizula. Asko disfrutatu dut, egia esan, azken urte hau»

Nostalgia puntu bat berreskuratu duzu? 

Berezia izan da aldaketa bera, aldaketa horiek estimulu berriak pizten dituzte eta teknikoki zeuden ohitura txarrak garbitzen doazela ikusten duzu, gehiago gustatzen zaizula. Asko disfrutatu dut, egia esan, azken urte hau. Tokion ez nekien nire azken Olinpiar Jokoak izango ote ziren, piraguista moduan nire azken txapelketa izango ote zen… Eta egia esanda, zailtasun batzuk egon ziren, adibidez alaba ez zihoala eta abar, baina alde positiboa atera genuen, egun guztia niretzako eduki bainuen entrenamenduetan ahalik eta ondoen aritzeko. 

Gero, dena hain ondo atera zen... Helburua nabegazio sendo bat edukitzea zen eta gustatu zitzaidan Maialen bat ikustea. Eta entrenamenduetan ez zen erraza bertsio hori ikustea, sekulako beroa egiten zuelako. Astuna sentitzen nintzen uretan. Geneuzkan faktore askorengatik benetan gogorra egin zitzaidan, nahi nuen sentsazio horretara iristea kostatu egiten zitzaidan. Orduan, zalantzak etortzen zaizkizu, ea txapelketan gai izango zaren… Baina sailkapenak iritsi ziren eta nik nahi nuen sentsazioa izan zen; bigarren jaitsieran, ere bai; finalerdian gauzak estuago zeudenean ere nik nahi nuen sentsazioa; eta finalean jada, jolastera atera ginen. 

Giltzarria nabegazio garbi bat egitea izan zen?

Zirkuitua oso gogorra zen eta oso zaila zen jaitsiera, goitik behera, garbi egitea. Ikusi zen, gehiengoak zirkuitotik atera edo ateren bat ukitu zutela. Eta bai, giltzarria izan zen. Baina horretarako egin egin behar zen, irteeran egon behar zen. Irteeran nengoen momentuan banekien horretarako prestatua nengoela eta atera egin zen. Rioko urrea bezala, atera egin zen. Badago ez ateratzea, kirola horrela delako. 

Xabi Etxaniz eta Maialen Chourrautek omenaldia jaso zuten Tokiotik bueltan. (Jon URBE | FOKU)

Zilarrak ere berebiziko ilusioa egin zizun. Ez da urrea baina falta zenuen domina zen. 

Bai, sekulako ilusioa egin zidan. Gainera zilar hori berezia zen, falta zen domina zen eta Tokion pentsatzen jartzean, askotan pentsatzen nuen zilarrean. Etxean esaten genuen urreak karga asko dakarrela eta karga hori eramatea niri pixka bat kosta egiten zaidala. Urrea ikaragarria izan zen, Olinpiar Jokoetan amestutako emaitza izan zen: urre bat eta gainera, autoritarioa. Baina Tokion dominak aurkezten zituztenean, gure begirada zilarrera zihoan eta hura lortzean, nik ezin nuen sinestu. Urrea oraindik eta gutxiago sinestuko nuke baina zilarra oso berezia izan zen. Jokoetara iristen ginen neska guztietatik, denboraldian final guztietan egon ginenak soilik hiru ginen. Bagenekien hor aurrean egotea bageneukala. 

 

Esperientziak zenbateraino lagundu dizu?

Lagundu zidan bai, asko, irteeran egoten jakin dudalako. Baina txapelketetan ez dut pentsatzen ziurtatzera joan edo ez. Finalerdi batean joan naiteke ziurtatzera baina denbora aurrera doa, eta agur. Bai sailkapenean eta bai finalerdian, egoera kontrolatzen eta ondo nabigatzen joan nintzen. Joko batzuetara beti joaten zara amets batekin eta ametsa altu zegoen, horren bila gindoazen. Eta atera egin zen, eta ezustekoa izan zen, hiruk bakarrik eramaten dutelako domina. Jessica Fox eta Ricarda Funk ziren faboritoak, eta beste domina agian 15 piraguisten artean zegoen, nahiz eta Ricarda eta Jessicak ere huts egin zezaketen, eslaloma delako eta ez dakizulako zer gertatuko den. 

«Ura lagun bezala hartu behar dugu, gero eta gutxiago borrokatu, hobe»

Urak agintzen baitu, urari aurre egin behar zaio. 

Ura lagun bezala hartu behar dugu, gero eta gutxiago borrokatu, hobe (barre). Baina batzuetan ez duzu piragua ondo kolokatzen, zentimetro bat eskuin-ezker baldintzatu zaitzake, gehiegi sostengatu, desoreka bat eduki eta joan egiten zaizu. Akats txiki-txiki batek, erabat kanpo uzten zaitu. 

Bi modalitate egongo dira Parisen. Zein izan da jarraitzeko motibazioa, zilarra?

​Ez, ez, zilarra ez, sentsazioak. Oraindik gogotsu nago eta zergatik utzi oraindik entrenatzea gustatzen baldin bazait? Eta batez ere, muturreko eslaloma izan da hauspoa. Seu d’Urgellen Munduko Kopako bi jardunaldi eduki genituen Olinpiar Jokoak eta gero, ez nuen lortu sailkapena modalitate horretarako eta horrek min handia sortu zidan. Sentimendu hori baldin badaukat, jarraitu nahi dudalako da. Muturreko eslaloma probatu gabe ezin nuela utzi pentsatu nuen.

Iaz estreinatu zenuten "Beldurretan arraunean" dokumentala. Beldurretan hazi egiten zarela uste duzu?

Ez, ni ez naiz hazten, beldurrei aurre egitea besterik ez zait geratzen. Ni beldurtia naiz. Piraguista moduan egunero dauzkat erronka asko eta beldur asko daude. Gaizki egitearen beldurra, uretan min hartzearen beldurra, piragua iraultzearen beldurra… 

Beldur horiek buruan edukitzen dituzu?

Lehiatzen nagoen momentuan ezinezkoa da, hori kudeatu egin behar da. Baina prestakuntza guztian beldur asko izaten dira. 

Eta nola kudeatu?

Oso presente egoten egin behar diren gauzetan. Ezin da kontrolatu buruan zer etorriko zaizun baina pentsamendu horiekin zer egin bai. Momentuan enfokatuz gero zer egin behar den, orainean egon, buruan ez dago toki gehiago beste pentsamenduentzat. 

Beldurrei aurre egitea aipatu duzu, beste batzuek iskin egingo lukete… 

Ez da gustatzea edo ez gustatzea, ez dago beste erremediorik. Beldurra ematen didan zirkuitu bat jartzen badidate, entrenatzen jarraitu nahi badut ez daukat beste erremediorik. Momentuaren arabera, urtearen arabera, gai batzuk egongo dira barrutik gehiago mugitzen didatenak eta momentuaren arabera, fokoa gauza batean edo bestean jarri beharko dut. 

Eskertuta sentitzen zara?

Oso eskertuta, oso. Hori delako benetako altxorra. Domina bat domina bat da, baina atera daiteke edo ez, inguruak hain ondo erantzuten dizunean eta hain ondo babesten zaituenean, hori bai dela altxorra, hori bai dela benetako bizipoza. Olinpiar Jokoetan sentitzen nuena hori zen, esker ona inguruan daukadanagatik.