Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Aranjuezera itzultzea galarazi ondoren, Izadik gurasoekin egon behar duela aldarrikatu dute

Izadik egun batzuk pasa ditu Euskal Herrian, eta Aranjuezeko kartzelara bidean zirela «covid kasu positibo baten» berri izan eta ostera atzera buelta egin behar izan du haurrak. Asteazken honetan Izadik Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarragarekin egon behar duela aldarrikatu dute Burlatan.

Izadi Gurasoekin Etxera’ plataformaren prentsaurrekoa, Burlatan.
Izadi Gurasoekin Etxera’ plataformaren prentsaurrekoa, Burlatan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pasa den abenduaren 30an kalera irten ondoren, Izadik berriro gurasoekin Aranjuezeko espetxera sartzeko hitzordua zuen. Hala ere, ezin izan da espero bezala sartu, covid kasuren bat edo beste antzeman baitzuten moduluan. Asteazken honetan, ‘Izadi Gurasoekin Etxera’ plataformak haurrari bere gurasoekin itzultzeko aukera ukatu zitzaiola salatu eta haiekin egon behar duela aldarrikatu dute Burlatan eginiko prentsaurrekoan.

Ordutik Euskal Herrian dago Izadi, gurasoak agurtu gabe eta, plataformako kideek azaldu dutenez, «ez daki noiz elkartu ahal izango den berriro haiekin». «Gurasoengandik bereizteko hiru aste baino geratzen ez zirenean, bat batean sufritu behar izan du bereizketa hori», gaineratu dute.

Izan ere, urtarrilaren 23an, kartzelatik atera eta gurasoengandik aldenduta bizitzera behartuko dute Izadi, hiru urte beteko baititu aurki. «Ez daki noiz ikusiko duen berriro ama, ezta 23a baino lehen behar bezala agurtzeko astirik izango duten ere», salatu dute. 

Aranjuezeko espetxean dituen gurasoak aberriratu egingo dituztela jakinarazi zuten abenduaren amaieran, eta aitari 3. gradua emango diotela. Hala ere, oraindik ez dakite noiz egingo den lekualdatzea ez eta zein kartzelatara joango diren ere. Lakuak erabaki beharko du hori, eskumena orain berea delako.

«Ehunka umeen egoera da hau»

«Hau da gurasoak espetxean izateak dakarrena, hiru urteko txiki batentzako erabateko ziurgabetasun emozionala. Ehunka umek hilabeteak daramatzate aita, ama edo biak ezin ikusita eta ezin besarkatuta, covida dela eta», nabarmendu dute.

Hala, egoera hau «onartezina» da plataformarentzat eta, gainera, «agerian uzten du espetxea tartean denean umeen eskubideak azkenekoa direla». Horregatik, motxiladun ume guztien eskubideak bermatuak izan daitezen haien gurasoekin egon behar dutela aldarrikatu dute.

«Izadiren kasuan 18 egun besterik ez ditu aurretik amarekin egoteko, baina badirudi gutxienez beste hamar egun egon beharko duelako modu bortitz honetan bereiztuta… egoera oso larria da», azpimarratu dute.

Horregatik guztiagatik, Izadi gurasoekin egon behar dela exijitu dute, haiek «egun gogorrak» bizitzen ari direlako. Halaber, 23tika urrera amarekin ere jarraitzeko aukera izan dezala eskatu dute, bere eskubide guztiak bermatuak izateko.