I. Azparren - M. Txintxurreta

Euskal presoak: gertuago bai, baina salbuespenak zamatuta

Euskal presoen senideek muturreko urruntzearekin amaitu ondoren bizitakoa kontatu dute NAIZen. Egoera oraindik ere gazi-gozoa den sentsazioarekin, askatzeke dauden korapiloak gogoratu dituzte larunbateko mobilizazioei begira.

Iurdan Martitegi semearekin eta Nerea bikotekidearen alabarekin, espetxean.
Iurdan Martitegi semearekin eta Nerea bikotekidearen alabarekin, espetxean. ((NAIZ))

Muturreko urruntzeak, lehenengo graduak eta isolamenduak atzean geratu dira; euskal preso politikoen auzian emandako aurrerapausoen aztarnen marka hor dago. Alta, gertuago bai, baina gertu daudela esatea ez da zuzena zenbait euskal presoren senide eta gertukoentzat. Zenbaitetan, koronabirusaren pandemiak estali egin ditu pauso horien emaitza praktikoak, eta areago zaildu da egoera haurrak tarteko direnean. Bada oraindik, bestalde, segitu beharreko biderik, horren adierazle Sarek bihar Euskal Herriko herri eta auzoetan antolatutako mobilizazioak.

Jurdana Altonagak Valdemoro, A Lama eta Badajozeko espetxeak ezagutu ditu. Bere bikotekidea, Asier Garcia Justo, Extremadurako espetxean zegoen euskal preso bakarra zen, duela urtebete eskas Villabonara (Asturias) gerturatu zuten arte. Aldaketa ziklo «bortitz» baten itxiera eta berri baten hasiera izan zen Altonagarentzat. Baina atzera begiratu eta azpimarratu du ez dela «ahaztu behar» gertatutako guztia: Kepa del Hoyoren heriotza, 2017an Badajozera bidean izan zuen istripua, edo pandemia, euskal presoen egoera okertu duena.

Orain Garcia Justo ongi dagoela dio, espetxe berriari «erritmoa hartzen». Bigarren gradua eman diote, tailerrak egiteko aukera du, baita ikasteko ere, «eta gainera orain lantxo bat lortu du espetxean», gehitu du Altonagak. Harentzat ere egoerak hobera egin du: «Kilometro gutxiago dira –Badajozera iristeko zazpi ordu behar zituen, orain hiru–, estresa edota antsietatea murriztu egin dira, eta askoz errazagoa da bidaia lanarekin bateragarri egitea, egun bakar bat behar dudalako bisita egiteko».

Halere, ez da nahikoa. Garcia Justok aspalditik egon beharko luke Euskal Herrian, eta oraindik urratsak falta dira Altonagaren ustez. «Legez, hirugarren gradua egokituko litzaioke. Zigorraren bi herenak beteko ditu laster eta baimenekin hasi beharko litzateke berez, baina oztopoak jartzen dizkiote Villabonako espetxeko zuzendaritzatik. Hirugarren gradua eskatzen duen bakoitzean atzera botatzen dute argudio ilogikoekin», nabarmendu du.

Urrats horiek ematen jarraitzeko, Sarek antolatu duen manifestazioaren garrantzia azpimarratu du Altonagak: «Helburua eragile ezberdinak batzea da, hori garrantzitsua da elkarbizitza eta bakea eraikitzen jarraitzeko, sare hori handitzen ari gara poliki-poliki. Bestalde, presoen arazoa gizarteratzea da garrantzitsua, etorkizun hobea lortzeko, haiek babes geroz eta handiago izatea eskertzen dute eta beharrezkoa dela uste dute».

Jurdana Altonaga, Asier Garcia Justoren bikotekidea. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Izadirekin behar lukete

Abenduaren amaieran, Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga Izadiren gurasoak Euskal Herrira ekarriko dituztela iragarri zuten, eta aitari hirugarren gradua emango diotela. Hala ere, oraindik ez dakite noiz egingo den lekualdaketa, ezta nora ekarriko dituzten ere. Lakuak erabaki beharko du espetxea, eskumena orain berea delako.

Urtarrilaren 23an hiru urte beteko ditu Izadik, eta bere izena daraman plataformak hilabete luzez salatu duenez, gurasoengandik banatzeko arrisku betean dago, espainiar espetxe legediak hala jasotzen duelako. Hori aski ez, eta, abenduaren 20an, Aranjuezetik atera eta Euskal Herrian egun batzuk pasa ondoren, kartzelara itzultzeko bidean zirela «covid kasu positibo baten» berri izan eta ostera atzera buelta egin behar izan zuen.

Plataformatik azaldu dutenez, Izadik bi urte pasa ditu Aranjuezetik atera gabe, eta edozein pertsonaren girotzea normalean zaila bada, Izadirena oso korapilatsua izan da, sakabanaketa ere gehituta. «Iruñean balego, girotzea naturalagoa eta gizatiarragoa izango litzateke. Orain txoke-terapia itzela egin behar du errealitatearekin topo egiteko, eta azken esprint honetan, agurra traumatikoa izango zela espero genuen, baina orain ez dakigu agur esateko aukerarik izango duen ere», azaldu dute.

Oraindik ez dakite Gutierrezi hirugarren gradua noiz emango dioten, baina plataformaren kezka nagusia Izadi amarengandik bereizteko aukera da. Pandemiaren lehen urte pasatxoan ez zuen aita ikusi, baina azken hilabeteetan familien moduluan egon ahal zan dira hirurak elkarrekin eta aitarekin egon ahal izan du. Baina amarekin 24 orduak pasa izan ditu jaio zenetik, eta akaso ezin ikustera pasako da. «Motxiladun haurrek covidarekin beti dute airean gurasoekin egoteko eskubidea, hala gertatu zaie dozenaka haurrei azken hilabeteotan eta beldurgarriena da Izadiri berdina pasa dakiokeela bere amarekin», azaldu du plataformak.

Horregatik, urtea eskaera batekin hasi dute: «Azken mugimenduekin argi dago borondate politikoa dela kontua, eta gurasoengandik ez bereizteko mekanismoak egon badaude. Ez dagokigu esatea zeintzuk diren, baina existitzen dira. Mekanismo horiek aplikatzeko eskatzen dugu». Uste dute «Mariak ere Izadirekin kalean» egon behar duela, eta, horregatik, Lakuari eskaera luzatu diote esku hartu dezan.

100 kilometrora

1998an atxilotu zituztenetik espetxe batetik bestera mugiarazi dituzte Maite Pedrosa eta Mikel Azurmendi euskal presoak. El Dueson dira orain, Kantabrian. Baina beste hainbat kartzela ere ezagutu dituzte. Lehenengo urteetan Madrilgo kartzeletan egon ziren preso, eta handik Almeriara mugitu zituzten. Aranjuezeko espetxean jaio zen Haizea alaba 2008an, eta Granadan eta Picassenten hazi, harik eta hiru urte zituenean gurasoengandik banandu zuten arte. Zueratik mugitu zituzten azkenik, duela hilabete eta gutxi, El Duesora.

Izebarekin, Nerea Pedrosarekin, bizi da Haizea hiru urte bete zituenetik. «Ia asteburu guztietan ateratzen genuen kartzelatik eta igandean amarengana bueltatzen zen, baina amarengana joan eta gurekin bueltatu behar zuen lehen aldia zen. Baina oso heldua izan zen. Aita eta amari esan zien eskolara joan behar zuela, itzuliko zela, bai, baina momentuz Euskal Herrira joan behar zuela eskolara», gogoratu du Nerea Pedrosak.

Haizeak etxetik gertuago ditu orain gurasoak, 100 kilometro baino gutxiagora Ugaotik. Aldaketa «nabarmena» da El Duesora mugitu zituztenetik, Pedrosaren arabera. Ez senideentzako soilik, presoentzako ere bai: «Bisita eta gero zain geratzen dira, ea etxera ondo iritsi zaren. Orain, ordubeteko bidaia daukagu. Lasaitasuna da guretzako eta beraientzako, zeren, zenbat eta ordu gehiago errepidean, orduan eta arrisku gehiago».

Nerea Pedrosa, Maite Pedrosaren ahizpa eta Mikel Azurmendiren suhia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Eta ekonomikoki, aldaketa «sinestezina» da. «Hogei urte eman ditugu asteburuak hoteletan pasatzen. Haizeari esan nionean ama eta aita Zaragozara joango zirela, gu Picassentera bidean Zaragozatik pasatzen ginen, eta esan zidan, ‘izeba, bide erdian geratuko gara’», ekarri du akordura Pedrosak.

Aldaketak nabarmenak izan dira, eta onerako, Pedrosa eta Azurmendirentzat nahiz haien senideentzat. Koska bat falta dela iritzi dio, ordea, Pedrosak. Gertuago daude, baina ez Euskal Herrian. 22 urte lehen graduan egon ostean, bigarrenerako progresioa lortu dute, baina ez hirugarren gradua. Martxoan 24 urte beteko dituzte preso Mikel Azurmendik eta Maite Pedrosak, «eta ez dakigu zenbat gehiago faltako zaizkien».

«Bai eta ez»

Martutene zaharkituan dago egun Iurdan Martitegi. Moulinsen zegoenean 800 kilometro baino gehiago egin behar zituzten senideek hari bisita egiteko; egun, bederen, Euskal Herrian dago. 2020ko martxoan pandemia hasi eta uztailean Espainiaratu zuten, Soto del Realera. Zerotik hasi behar izan zuen, ez baitiote Estatu frantseseko kondena Espainian konputatzen.

«Isolamenduan eduki zuten Soton, bera izan zen euskal presoetan azkena isolamendutik ateratzen. Oso gaizki pasa genuen Sotoko egonaldian, Moulinsen eta Mont-de-Marsanen gutxienez etxetxoak genituen, umea txikia zen, eta asteburu-pasa joaten ginen. Baina, pandemiarekin, Soto erabat itxi zuten, bisita gutxi izan genituen, bisean bisekoak apenas», azaldu du Nereak, Martitegiren bikotekideak. Ez du abizenik eman nahi, baina kontatu nahi du bere esperientzia. 25 urteko kondena du Martitegik Estatu espainiarrean, baina bi epaiketaren zain dago. Horietako batean 7/2003 Legea aplikatuko diote Nerearen esanetan, 40 urteko kartzela zigorra. «Esperantza gutxi», laburtu du. Baina esperantza apur hori gordetzen du. «Zigor kodea aldatzea da kontua, artikulu hori kentzea eta gutxienez preso arruntei aplikatzen zaien berdina aplikatzea».

40 urteko kondena, bizi osorako espetxe zigorra gisa ezaguna, kentzearekin batera, Estatu frantsesean betetako kondena konputatzean dute jarrita esperantza Martitegiren gertukoek. «Badakit beste kideren bat badabilela auzitegietan hori eskatzen, baina oraindik ez dute ezer esan. Espainiak hori onartzen badu, panorama erabat aldatuko da. Oraintxe bertan Iurdanek daukan kondenarekin, Frantziako 15 urteak kontuan hartzen badituzte, bost urte inguruan zigorraren hiru laurdenak beteta izango lituzke».

2021eko Aste Santuan mugitu zuten Iurdan Martitegi Martutenera, eta bigarren gradura pasatu. Albistea zabaldu bezain laster dei pila bat jaso zituen Nereak: «Imajinatu ateratzen denean! Gauza normal bat izan behar zuen arren». Aldaketa? «Bai eta ez», dio Nereak: «Alde batetik, auto gutxi hartu behar izan dugu, baina, bestetik, bisitak askotan kendu egin dizkigute, oraintxe bertan bisean bisekorik gaude berriro».

Covid-19aren eraginez bisitak egiteko aukerak ezerezera murriztu dizkiete senideei. Bai eta ez sentsazioa, gazi-gozoa, horrela definitu du Nereak: «Geroz eta gertuago ikusten genuen fisikoki, baina nire sentsazioa da gero eta urrunago dagoela. Nahiz eta azken bi urteetan kilometro gutxira egon, sentsazioa da urrunago dagoela. Lehen 800 kilometro egin behar genituen, baina bagenekien asteburuan berarekin egongo ginela».

Bisean bisekorik ez zutenean, kristalaren bestaldetik ikusi behar zuen aita Nerea eta Iurdan Martitegiren semeak. Orain hiru urte ditu, eta segurtasun neurri gisa aldiro egin behar du topo kristalarekin. Ez du kristalarena ulertzen, ezta pandemiarena ere. Eta kristalik ez duela nahi dio, kristala badago, bisitarik ez. Gurasoek esaten diote aita kristala apurtzen saiatzen ari dela, zerra batekin; gogorra da halere, eta denbora behar du. «Horrelako istorioak asmatu behar. Ume txiki batentzako zaila da telefonoz harreman bat mantentzea, orduan, aitatasun-harreman hori nahiko etsigarria izan da niretzako; berarentzako ere bai», esplikatu du Nereak.

Beste alaba bat ere badu Nereak, hamar urtekoa. Hark ere «gogorregia» sentitzen du kristala. «Ukitzerik ez badago, zaila egiten zaie berarekin egotea», dio. Bikote harremanean ere izan du eragina pandemia-espetxea sinbiosiak: gutxi-asko, sei bisean biseko intimo izan dituzte Nereak eta Martitegik.

Martutene «zaharkitu» eta «txikiak» baditu, alta, alderdi onak. Kilometro gutxi egin behar dituzte senideek, eta tratua ere beste espetxeetakoa baino hobea dela dio Nereak: «Behintzat, pertsona moduan tratatzen gaituzte». Ez litzateke aipatu beharreko zerbait, testuinguruaren gordinagatik ez balitz.