Dabid Lazkanoiturburu

Nazarbaiev bere mentorearengandik aldendu da Kazakhstango presidentea matxinadaren ostean

Kasim-Yomart Tokayev Kazakhstango presidenteak bere mentorea izan zen Nursultan Nazarbaieven aurka gogor egin du lehen aldiz, Asia erdialdeko herrialdea astindu duen matxinadaren ondoren.

Tokaiev eta Nazarbaiev, honek presidente karguaren lekukoa pasa zionean.
Tokaiev eta Nazarbaiev, honek presidente karguaren lekukoa pasa zionean. (Stanilslav FILIPPOV | AFP)

Kasim-Yomart Tokayev Kazakhstango presidenteak Nursultan Nazarbaiev bere aurrekoa gogor kritikatu du eta «aberatsen kasta» bat eratzen lagundu izana leporatu dio hidrokarburoetan aberatsa den herrialdea eta bertako herritarrak menperatzeko.

Petrolioaren gas likuatuaren prezioaren igoeraren aurka eztanda egin zuen matxinada hasi zenetik, Nazarbaiev Kazakhstango presidente ohiaren aurka egiten duen lehen aldia da.

«Lehen presidentearen eraginez, Elbasyren (Herrialdearen Agintaria) eraginez, herrialdean sozietate zeharo errentagarrien eta jende oso aberatsaren kasta bat sortu zen. Ordua da Kazakhstango herriari dagokiona ordaintzeko», agindu du Tokaiev presidenteak.

Izan ere, Nursultan («Sultan Distiratsua) Nazarbaieven alabek, suhiek eta gertukoek Asia erdialdeko ekonomiaren sektore garrantzitsuenak kontrolpean dituzte.

BBC kateak 2020an kaleratu zuen ikerketa baten arabera, Nazarbaieven alaba Dariga Nazarbaieven eta haren biloba den Naruli Aliyeven izenean dauden eta 80 milioi libera esterlina (96 milioi euro) baino gehiago balio duten hiru luxuzko etxe ditu Londresen.

Gainera, Kataluniako Gironan dagoen Lloret de Mar-en sekulako finkatzarra du, 3.200 metro karratu dituena eta Mediterraneoari begira dagoen eta gune naturala den Can Juncadellan. Luxuzko etxeak 17 gela, 25 kumun, bi sauna, diskoteka, igerilekua, ileapaindegia, zinema gela… ditu, besteak beste.

Garaiko agintari komunista

Nursultan Nazarbaiev garaiko Kazakhstango Errepublika Sozialista Sobietarraren lehen ministroa izan zen bertako alderdi komunistaren buruzagi bezala.

Sobietar Batasuna desegin zenean eta Kazakhstanek independentzia lortu zuenean boterean jarraitu zuen, Asia Erdialdeko gainerako errepubliketan gertatu zen bezala, eta 29 urte luzeetan presidente izan zen.

2019an kargua utzi zuen eta lekukoa bere delfina zen Tokaievi pasa zion. Hori bai, agintea estu mantendu zuen Nazio Segurtasun Kontseilu berriaren presidente kargua eskuratuta.

Badirudi Tokaievek Nazarbaieven estatuak suntsitzeari ekin zion matxinada profitatu egin duela bere aholkulari zenaren besarkadatik aldentzeko.

Nazarbaieven omenez Nursultan izenarekin bataiatu zuten hiriburuari lehengo izenak itzuli dizkiote agintariek, Astana edo Agmola izenak hain zuzen ere.

San Petersburgera abenduaren 27tik joan zenetik hona ez du agerraldi publikorik egin Nazarbaievek. Batzuek Londresen egon daitekeela diote, beste batzuek Abu Dhabin babesa lortu duela ziurtatzen dute. Bere gertukoek Nursultanen, hobe esanda Astanan, dagoela esaten dute.

Garbiketa segurtasunaren arloan

Bide batez, Nazarbaieven ingurukoen artean garbiketa egiten ari da Gobernua. Karim Massimov orain arte Zerbitzu Sekretuen agintaria atxilotuta dago eta bere gertukoak kargutik bota dituzte.

Tokaiev presidenteak gogor kritikatu ditu Segurtasun aparatuan zeuden hainbat agintari. «Denek ez zituzten eginkizunak bete. Hainbat hiritan, nahiz eta nahikoa arma izan, egoitzak utzi zituzten borroka egin gabe, armak eta dokumentazio sekretuak bertan utziaz», gaineratu du.
 
Zentzu horretan, Kazakhstango hiriburu ekonomikoa eta populatuena den Almatyren kontrola galtzekotan egon zirela onartu du eta Errusiak bidali zituen soldaduei esker berreskuratu ahal izan dutela gaineratu du.

Segurtasun Amankomunaren Itunaren Erakundeko tropak (sobietar ohiak diren sei herrialdeek osatzen duten aliantza militarra) bi egunetan Kazakhstanetik ateratzen hasiko direla ziurtatu du Tokaievek.

Presidenteak argitu ez duena zera da, bera Nazarbaieven gertu-gertukoa izanda, «aberatsen kasta»ren eratze horretan izan zuen papera, eta berak lortu zituen irabaziak.

Ez da azken hau argitzeko duen afera bakarra.  Matxinada ustez «erasoaldi terrorista» nola demontre bihurtu zen frogarik ez du aurkeztu oraindik. Hori bai, ikerketa amaitzean nazioarteari frogak erakutsiko dizkiola ziurtatu du.