Alessandro Ruta

Costa Concordiaren harrokeria

Hamar urte pasa dira Isola del Giglio-n gertatu zen naufragiotik. 32 hildako eta 110 zauritu utzi zituen.

Costa Concordia hondoratu zenetik 10 urte bete dira.
Costa Concordia hondoratu zenetik 10 urte bete dira. (AFP)

Gurutzaontzi bat okertuta, itsas zabalean, alde batetik tolestuta: porrotaren sinbolo nabarmena. Costa Concordiaren naufragiotik hamar urte pasa dira, eta oraindik ere memorian dago, bai Italian, bertan gertatu baizen, bai mundu guztian.

Naufragioak 32 hildako eta 110 zauritu utzi zituen. Zenbakiari dagokionez ez zuen zerikusirik izan, adibidez, Titanic itsasontziarenarekin, zorionez. Hala ere, hura bezain lotsagarria izan zen, batez ere erakutsitako harrokeria dela-eta.

Mugitzen den hiria

2012ko urtarrilaren 13a, gaua zen, Tirreno kostaldean. Costa Concordia gurutzaontzia, erraldoia, bere 115.000 tonekin, 290 metroko luzerarekin, Civitavecchiako portuatik aterata, aurreko egunean: Italiako itsasontzirik astunena zen.

Gurutzaontzi bat mugitzen den hiria da, beti; 5.000 pertsona inguru daude eta errituak egunero berdinak dira. Gehienak turistak dira, baina zeresanik ez, ehunka langile aritzen dira bertan.

Behin, lan gurutzaontzi batean parte hartu nuen eta hainbat zerbitzarirekin hitz egin nuen. Apurtxo bat aspertuta nengoen eta kruzero baten bizitza nolakoa zen ezagutu nahi izan nuen.

Langileek azaltzen zidatenaren arabera, soldatak oso-oso baxuak ziren, baina eskupekoei esker poltsikoak «normaltasunera» iristen ziren. Beraz txintxo portatu behar zuten, edonorekin.

Horrez gain, izan zen harritu ninduen beste kontu bat. Familia pilo batek bere guraso helduak gurutzaontzian uzten zituztela, zahar-etxe baten ordez: «Jendearentzat nagusiak karga bat dira, behintzat bidaian zehar ondo pasatzen dute eta pozik daude haien adinekoen artean. Lagun berriak ezagutzen dituzte, eta kruzeroa erresidentzia baino merkeagoa da», entzun nuen aipamenetako bat izan zen.    

Zerbitzari gehienak Indiakoak edota Pakistanekoak ziren; irabazi zuten dirua garrantzi bizikoa zen haientzat, baina lehen akats edo sortutako edozein arazoren ondoren, askotan, arduradunek, inongo eskrupulurik gabe, lehen geltokian kaleratu eta itsasontzitik botatzen zituzten.

Gau hartan, Costa Concordiaren naufragioaren albistea entzun nuenean, lehenik eta behin zerbitzariak etorri zitzaizkidan burura. Hasieratik istripua oso larria zirudienez, Titanicen kasuan moduan, bigarren edota hirugarren klaseko pertsonek izango zuten zorterik txarrena.

«Vada a bordo, cazzo»

Naufragioaren erruduna Francesco Schettino komandantea izan zen. Berari epaileak 16 urteko kartzela zigorra jarri zion eta oraindik preso da.

Abizen hori gaur egun ere porrotaren sinonimoa da. Baina ez porrota bakarrik, baizik eta pertsona baten ustezko hondamendia.

Schettinok hamaika akats egin zituen gau hartan. Ikerketek gerora argituko zuten inpaktuaren momentuan ez zegoela gidatzen. Norbaitek aitortu zuen emakume batekin zegoela. Egin zuen maniobra, «Erreberentzia», zentzugabekoa izan zen: Giglio Irlatik oso gertu pasa nahi zuen, jendea agurtzeko alegia, baina Schettinok ez zekien han arroka pilo bat zeudela. 

Hala ere, ziur asko akatsik lotsagarriena ontzitik ihes egitea izan zen. Hori erabat kaltegarria izan zen komandantearen irudirako. Beste guztiak oraindik buru-belarri ari ziren ontzian laguntzen edota ura kentzen, eta Schettino erabat lasai, arazoetatik urrun.

Zorionez norbaitek, Livornotik, dena kontrolpean zuen. Gregorio De Falco komandantea. Schettino deitu eta harrapatu egin zuen. Haien eztabaida, grabatuta geratuko zena, instant classic batean bihurtuko zen: alde batetik Concordiaren komandantea aitzakiak ematen («Ilundu egin da»), beste aldetik De Falco-ren trumoizko «Vada a bordo, cazzo!», «Zoaz ontzira, arraioa!», erabat haserre.

Esaldi hori sinbolo bat bilakatu zen, ardura oraindik baitzegoen (arraioa!). Kuriosoa da De Falco sei urte eta gero politikan sartuko zela, Bost Izar Mugimenduari esker. Hala ere komandanteak Beppe Grilloren alderdiarekin ere eztabaidatu zuen eta, beraz, Bost Izar mugimendutik alde egin du, baina ez Italiako Parlamentutik. 

2014ra arte Costa Concordiaren hondakina itsasoan geratu zen. Ezinezkoa zen kentzea, beraz bi urtetan zehar Giglio Irlako biztanleen begiradak ontziaren irudia aurkitzen zuen.

32 pertsona hil ziren, bost zerbitzari eta 27 turista (ume bat barne). Gau hartan ez zen ontzia bakarrik hankaz gora joan, baizik eta Italiaren irudia bera ere bai.