Asier Aiestaran

Orain arte inork irabazi ez duen Real Madrilen kantxan itzuliko da Baskonia lehiaketara

Printzipioz, Vanja Marinkovic serbiarra eta Sander Raieste estoniarra izango dira hutsune bakarrak, jada taldearekin lanean ari baitira Rokas Giedraitis eta Lamar Peters, nahiz eta ikusi egin beharko den zer egoeratan dauden horrelako erronka bati aurre egiteko.

Laso eta Spahija, azaroan Gasteizen jokatutako neurketan elkar agurtzen
Laso eta Spahija, azaroan Gasteizen jokatutako neurketan elkar agurtzen (Endika PORTILLO | FOKU)

Bitci Baskonia ostiral honetan itzuliko da lehiaketara (20.45) hamabost eguneko geldialdi behartuaren ostean. Gasteiztarrek Real Madril indartsuari egingo diote bisita Euroligako 21. jardunaldiari dagokion neurketan, covid-19aren eraginez azken asteetan hainbat norgehiagoka atzeratu behar izan eta gero.

Printzipioz, Vanja Marinkovic serbiarra eta Sander Raieste estoniarra izango dira hutsune bakarrak, jada taldearekin lanean ari baitira Rokas Giedraitis eta Lamar Peters, nahiz eta ikusi egin beharko den zer egoeratan dauden horrelako erronka bati aurre egiteko. Neven Spahija entrenatzailea ere talde zuzentzeko moduan da, azken neurketak galdu ostean.

Erronka zaila dela diogu, Pablo Laso gasteiztarrak zuzentzen duen taldeak oraindik ez duelako partida bakar bat ere galdu bere etxean. Euroligako sailkapenean bigarren postuan dago 14 garaipen eta 3 porrotekin eta argi dago lehiaketa irabazteko faboritoetako bat dela. Baskonia, bere aldetik, dezente beherago dago, 15. postuan 7-11ko balantzearekin, nahiz eta zortzigarren postua bi garaipenera dagoen oraindik.

Jokatutako azken neurketak, gainera, oroitzapen gozoa dakarkio Baskoniari, Bartzelona liderrari 94-75 irabazi ziolako Euroligan. Garaipen hura errepikatu ahal izateko, oso garrantzitsua izango da Real Madrilen barneko jokoari eustea, horixe baitute zuriek beraien indargune nagusietakoa –defentsan errebote gehien hartzen dituen taldea da eta txapel gehien ipintzen dituena–.

Walter Tavares, Vicent Poirier baskonista ohia eta itzuli berria den Anthony Randolph edonor beldurtzeko jokalariak dira, are gehiago Baskoniak Landry Nnoko gabe jokatuko duela kontuan hartuta. Zorionez, Alec Peters osatu da eta pentsatzekoa da bere lehen minutuak izango dituela Wizink Center pabiloian.

Erreferentziei begira jarrita, Europako lehiaketetan balantzea Baskoniaren aldekoa da: sei garaipen zurientzat eta zazpi euskaldunentzat. Baina lehen itzuliko partidan madrildarrek 60-88 argi batez irabazi zuten Buesa Arenan.

«Ez naiz aurreko partidei begiratu zalea, denak desberdinak izaten direlako. Uste dut Baskoniak kalitate handiko jokalariak dituela, jaurtitzaile oso onak. Enochek hiruko jaurtiketa ona du, Peters sartuko da min hartuta egon ostean, Baldwinen jokaldiak, Granger... Leherketa horrek eragiten du batzuetan sekulako garaipenak lortzea, Bartzelonaren aurkako azkena adibidez», nabarmendu du Pablo Lasok bere prentsaurrekoan.