Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Morau eta Beñardo: «Ardoa oso tresna polita da munduaz hitz egiteko»

Orain hiru bat urte upategi bateko lagunarteko giroan piztu zitzaien asmoari azken ukituak ematen ari dira Andoni Tolosa ‘Morau’ eta Beñardo Goietxe musikariak. Urteen joanak ondu du esku artean duten lan monografikoa, presarik gabe landutako proiektua. ‘Ardo’ izena izan du disko-liburuak.

Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa ‘Morau’ garai zailetan topa egiteko proposamenarekin datoz.
Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa ‘Morau’ garai zailetan topa egiteko proposamenarekin datoz. (ANDONI TOLOSA «MORAU»)

Plinio Zaharra, I. mendeko erromatar idazle eta militarra: «In vino veritas» (ardoan dago egia). Virginia Wolf, XIX. mendeko idazle ingelesa: «Hizkuntza ezpainetan ardoa bezala  da». George Brassens, XX. mendeko abeslari eta musikari frantsesa: «Ardo onena ez da nahitaez garestiena, partekatzen dena baizik».

Kontaezinak dira mendeetan zehar ardoaren inguruan sortu diren aipu eta poemak, baita ardoari kantatu eta idatzi diotenak ere. «Oman Kaya, eta Pedro Mari Otaño, Bukowski eta Jose Luis Otamendi, Frank Sinatra eta Rafa Berrio, Boris Vian eta Lisabö... Denek hartu dute inoiz ardoa gaitzat», esan du Andoni Tolosa ‘Morau’-k, Beñardo Goietxerekin batera orain ‘kozinatzen’ ari den ‘Ardo’ disko-liburuaren inguruko aurkezpenean.

Elkarrekin sarritan lan egin duten bi musikari hauek hain arrunta eta, era berean, hain luxuzkoa izan daitekeen edari zahar horren inguruan ‘artefaktu’ monografiko bat prestatzen ari dira. ‘Egunsentiak alperrentzat’ (Gaztelupeko hotsak) bukatu ondoren sortu zitzaien disko-liburu hau gauzatzeko asmoa, sinetsita zeudelako ardoa jendeaz, munduaz, bizitzaz hitz egiteko tresna ezin hobea dela.

«Okurritu zitzaigun bodega batetik gentozela –esan du Morauk–. Berez, ardoa gustatzen zaigu eta iruditu zitzaigun gai polita zela kantuak egiteko. Ados, baina zer egingo dugu? Eta hasi nintzen idazten. Gustura aritu nintzen, eta zer gertatu zen? Testu piloa atera zitzaidala. Aukeratu genituen kantuetarako batzuk, eta besteak pentsatu nuen agian argitaratzeko moduan egongo zirela. Kontsultatu batekin, bestearekin, testuak zuzendu, ukitu, eta azkenean esan nuen: Goazen disko-liburu bat egitera!».

Egitasmo hau hezurmamitzeko bi musikarien eta marrazkilari baten arteko elkarlana behar izan da. Hogei urtetik gorako elkarlan artistikoaren emaitza da. Batetik, bi musikarien artekoa; Andoni Tolosak eta Beñardo Goietxek bost disko kaleratuak dituzte zenbait formaziotan (Morau, Morau eta Agotak, Morau eta Beñardo).

Alde grafikoari dagokionez, aspaldiko bidelagunak dira Morau eta Iñaki Martiarena ‘Mattin’, eta marrazkilariak bere hizkuntzara itzuli ditu hernaniarraren testuak. Erakusketa bat egiteko asmoa ere badarabilte, ardoak berak ematen baitu aukera ugari irudimenari astindu bat emanez: kontzertuak ardo-dastatzeekin, upeltegietan zuzenekoak...

Etxekoa, sarean

«Mendeak dira jendeak kantatzen diola ardoari. Oso etxekoa da eta, gainera, normalean beti lotzen dugu plazerarekin, ondo egotearekin, jendearekin egotearekin, eta orduan bada gauza bat ospakizunarekin lotzen duguna. Gero, kulturaren arabera, beste toki batzuetan garagardoarekin eta hemen sagardoarekin egin da, ba nolabait etxeko edariarekin lotzen delako neurri batean. Gero ardoak daukana da toke kulto bat, zibilizazioarena, erromatarrak, hau eta bestea…», azaldu du kantariak.

Sortu zuen testu mordotik –50 bat urtebetean–, ‘entresaka’ egin eta horietatik hamabi kantak izateko egokitzeko aukeratu dituzte. Badirudi hernaniarrari esnatu egin zitzaiola 90eko hamarkada hasieratik utzia zuen poeta sena (‘Satorrak’, Susa 1990). Kanta bihurtuko ez zirenak olerki gisa egokitu, landu –Josu Landa ari da horretan– eta ‘artefaktua’ orrazten ari dira.

«Letrak Morauren estilokoak dira. Umore puntu bat daukate, badago kritika soziala edo kasu batzuetan ia politikoa ere bai, badago samurtasuna, badago galtzailearen apologia bat… Morauren kantuetako istorioak, baina ardora ekarrita. Ardoa oso gai polita da munduaz hitz egiteko, ematen dizulako aukera denetaz hitz egiteko».
Gabonen bueltan grabazioa bukatu ostean, nahasketekin hasiko dira, testuen azken bertsioa moldatu eta apirila helmuga jarrita. Lana Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin aterako dute, noski.

Sormenezko prozesu honetan buru-belarri zebiltzala, pandemia gurutzatu zitzaien. Agian horregatik ‘garai galduei’ egiten zaien kantutegi bat kontsidera daiteke ‘Ardo’? Morauren erantzuna: «Izan da kasualitatea, baina egia da lagundu digula hobeto eramaten garai hauek. Ez da zerbait kontzientea izan, baina egia da ez dakit baikortasuna ote den, baina bada alaitasuna edo bizipoza aldarrikatzeko modu bat guretzat».

Eta zergatik disko-liburua? «Gaur egun disko bat saltzea, disko bezala, zaila da. Ez genuen beste disko bat egin nahi, egitekotan objektua ere baloratu nahi genuen. Beraz, kantuak creative commons izango dira; hau da, sarean entzun eta deskargatu ahal izango dira, baina objektua nahi duenak ordaindu egin beharko du».