Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Enborretik’, Joxan Artzeren ttakun-ttakun miragarria, belaunaldi berrienganaino

Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeri buruzko antologia bat aurkeztu du, ‘Enborretik’, hain maitatua den poeta usurbildarra berriz oroitzeko eta haren lana ahalik eta jende gehienarengana zabaltzeko, gazteengana batik bat. Lau urte dira zendu zela eta omenaldia ere bada liburu hau.

Joxan Artze, 2014an GARArekin egindako elkarrizketa batean.
Joxan Artze, 2014an GARArekin egindako elkarrizketa batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joxan Artze Agirre (Usurbil, 1939-2018) euskal poeta esanguratsu eta maitatuenetako bat da. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa, Mikel Laboaren ahotsean egin ziren ezagun batik bat haren testuak: ‘Txoriak txori’, ‘Maite ditut maite gure bazterrak’… Txalapartaren berreskuratzaileetako bat ere izan zen Jexux anaiarekin batera.

Balea Zuriako kideen artean, Artzeren ia liburu guztiak arakatu eta aukeraketa bat egin dute ‘Enborretik’ antologia osatzeko. Pello Otxoteko izan da liburuaren prestakuntzan ibili denetako bat, berak idatzi du hitzaurrea ere. Hala azaldu digu izenburuaren erranahia: «Konturatu ginen Joxanek baduela naturarekiko mistika. Bere mistika keinu ttikiena da, laino eta lanbroarena, ikustearen eta ez ikustearen ertzetan dagoena… Naturaren barru-barrutik dator. ‘Oihana auhenka’ eta ‘Ortzia lorez, lurra izarrez’ bere liburu esanguratsuetan pentsatuta atera zitzaigun ‘Enborretik’, enborrak sinbolizatzen duelako lurraren eta zeruaren arteko lokarria. Enborra izan liteke ere gizakia lurraren gainean».

Beste begi batzuekin irakurri

Imanol Larrinagak egindako liburuaren azalak ederki jasotzen du mistika hori. Horrela adierazi du ilustratzaileak berak: «60ko eta 70eko hamarkadetako estetikaren estereotipoetatik aldendu nahi izan dut. Belaunaldi horretako artistei, batez ere abeslariei eta idazleei, estetika hori erantzi. Nik ere miretsi izan dut arte eskola hori –Gaur Taldea, bereziki– eta ez dakit zenbat bider kantatu dudan poema hori –‘Maite ditut maite gure bazterrak’–. Baina orain beste begi batzuekin irakurri nahi izan dut. Poema zoragarria da. Lirismo hunkigarri bat du, sakona eta aldi berean sinplea bere formari dagokionez. Lainoa misterioa da eta piztu argia eta sua pizten dira. Beraz, irudian ere soiltasuna, lainoa, eta argia eta suzko izpiak daude. Hori bakarrik eta hori guztia».

Gai anitz jorratu zituen poetak, hala nola, herria eta gure kulturaren aitorpenari dagozkionak, naturaren oihartzunari buruzkoak, pertsona eta bere ñabardura ezberdinak, baita Jainkoaren presentzia ere bere bizitzaren hondarreko bi liburuetan. Otxotekok dioenez, edozein gaitan arituta ere modu mistiko eta aszetikoan fokatzen zituen bere lerroak.

Hautaketa egiterakoan kalitate literarioa izan dute irizpide nagusi. Poema ezagunak eta liburu ezberdinetakoak izatea ere kontuan hartu dute.

Transmisioa eta omenaldia

«Belaunaldi berriei zeozer eskaini behar geniela sumatzen genuen, kasu batzuetan halako desengantxe bat nabaritu baitugu. Ez zekiten Joxan Artze zela ‘Txoria txori’ eta ‘Maite ditut maite’-ren letren egilea. Juxtu-juxtu zekiten Laboaren kantuak zirela eta zenbaitek ezta hori ere. Niri gertatu zait hori poesia tailer bat ematerakoan», kontatu du Pello Otxotekok.

Antologia honen helburuetako bat hori da, Artze eta hain maitatuak diren bere poema horiek berriz oroitzea. Formatu berri eta erakargarri batean egin dute, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahian, hori baitzen Artzeren asmoa ere, poesia orokorrean ahalik eta gehien zabaltzea.

Bertzetik, lau urte dira poeta zendu zela eta berari egindako omenaldia ere bada liburua. Sail berezi batean egin dute, Chillidari eskaintzen hasi eta gero Patxi Ezkiaga gogoratu zuten bertan.

Duela aste batzuk Artzeren herrian, Usurbilen, aurkeztu zuten ‘Enborretik’ antologia, Oreka TX-rekin. Artzeren poemak irakurri eta kantuak abestu zituzten, eta Oskarbi taldeak emanaldi txiki bat egin zuen disko berrian poetaren letra batzuk musikatu dituztelako. «Oso harrera ona» izan zuen herriari eskainitako ekitaldiak.

Hitz jokoak eta erritmoa

Hitz jokoak, erritmo hagitz markatua eta berezia, eta hitz dotoreak dira Artzeren idazkeraren ezaugarri batzuk, Balea Zuriako editoreak agertu duenez. «Originaltasuna Artzeri datorkio bere baitan arakatzen zuelako, arnasa poetikoa bere izatearen sakon-sakonetik iristen zitzaiolako, intentsitate, zehaztasun eta originaltasun handiz».

Musikaria, bereziki txalapartaria, zen Artze. Hitza eta kantua menderatzen zituen. Otxotekok hitzaurrean dioenez, «bien arteko talkan gure sustraien ttakun-ttakun miragarria sortzen du.

Honakoa ere erraten du: «Bizitza izugarri maitatu eta miresten zuen Artzek. Baina, berez, alderantziz da. Bizitzak maite gaitu, eta Joxanek maitasun horri erantzuten dio amets miragarri bihurtuz bizitza (…) Haren hitzak irakur ditzagun, bizitzaren oparia arnasten dugunean berau dastatuz –gonbidatzen gaitu–. Gogoa argituko digu, pentsamendua zorroztu eta begirada poztasunez beteta utziko. Horrela iluntasuna nekez ager dakiguke; izan ere, argi handi edo ttiki batek, gela ilunena indarrez argitzen baitu».

«Beti bila aurkituko duzu»

‘Enborretik’ antologiak Belen Oronozen hitzatzea dakar. Bertan, poetaren ibilbidea errepasatzen du. Honela dio: «Batera edo bestera, Harzabal edo Hartzut, inguratzen duen lurrari begira edo zerurantz altxatako zuhaitzaren gisan, Joxan Artze beti bila aurkituko duzu. Gaztea zela, gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak etenda, askatasun bila alde egin zuen aberritik, beranduago bertan errotu eta aurkitutako libertate hori bera oihukatzeko. Esperimentatu izan du hotsarekin eta ahotsarekin, esperimentatu hizkiekin, irudiekin, espazioarekin, musikarekin… artearen hainbat diziplinatan bila aritu da, beti poesia sorburu eta ezkutukoa azaltzea helburu».

Honakoa ere nabarmentzen du Artzeri buruzko tesia egin zuen Oronozek: «Gizarte arazoen aurrean, sentibera, olerkariak ohartaraziko digu: nor garen oroitu ezean, ez gara zoriontsuak izango; maitasunak soilik egingo gaitu aske eta zoriontsu».