NAIZ
DURANGO

Durangoko Udalak airearen kalitatea hobetzeko «benetako neurriak» eskatu dizkio Lakuari

Airearen kalitatea neurtzeko kanpainan lortutako emaitzak bertatik bertara ezagutzea, bentzeno neurketen ondorioen azken txostena eta Ziritza-Bustintza kaleko bizilagunen osasunaren inguruko Osasun Zuzendaritzaren txostena aztertu nahi ditu Durangoko Udalak eta bilera eskatu dio Lakuari.

Durangoko Udalak informazio panel digital bat jarri du Fauste kalean.
Durangoko Udalak informazio panel digital bat jarri du Fauste kalean. (Durangoko Udala)

Durangoko Udalak bilera bat eskatzeko eskaera berri bat bidali dio, hirugarrena zortzi hilabetetan, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari. Bilera hori 2021eko maiatzean Gobernuak Udalari aurkeztu zion azterlanaren behin behineko emaitzen harira eskatu da.

Bilera horretan gaur arte egindako airearen kalitatea neurtzeko kanpainan lortutako emaitzak bertatik bertara ezagutzea, bentzeno neurketen ondorioen azken txostena eta Ziritza-Bustintza kaleko bizilagunen osasunaren inguruko Osasun Zuzendaritzaren txostena edo ondorioak aztertu nahi ditu Udalak bilera horretan.

Era berean, bai Durangon bai eskualde osoan «neurri zehatzak hartzearen beharra» helarazi dio Udalak Ingurumen Sailari. «Eusko Jaurlaritza enpresa zehatz baten foku zehatz batean zentratu da berriro, eta 2020ko irailean aurkeztu genion azterlana baztertu du, Iurreta ingurutik zetozen bentzeno-tontor oso garrantzitsuen berri ematen zuena. Maiatzean jakinarazi genion Eusko Jaurlaritzari beharrezkoa zela Tecnaliak egindako azterketa ikertzea, eta orain berriro saiatu da herritarrak despistatzen, fokua azterlanean adierazten denaz bestelako puntu batean jarriz», adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

Ildo horretan, Bravok eta Varelak gogorarazi dute maiatzean zein azaroan bilera berri bat eskatu zutela Ingurumen Sailean, eta bertan bidalitako idazkian beste bilera bat eskatu zutela, inguruko neurketen ondorioak eta Osasun Zuzendaritzak durangarren eraginari buruz egin behar zuen azterlana ezagutzeko.

Fauste kaleko informazio panela

Era berean, Durangoko Udalak Lakuari eskatu dio baliabide gehiago erabil ditzala airearen kalitatea neurtzeko eta hobetzeko. Zinegotziek adierazi dutenez, «azken urteotako ibilbideak erakusten du Eusko Jaurlaritza ez dela gai izaten ari durangarren kezka honi erantzuteko». Zentzu horretan, Durangoko udal-arduradunek adierazi dute prest daudela «elkarlanerako eta lankidetzarako».

Bestalde, Udalak informazio-panel digital bat jarri du Fauste kalean eta, besteak beste, Durangoko airearen kalitateari buruzko informazioa emango du denbora errealean, OME Osasunaren Mundu Erakundearen parametroen arabera sailkatuz.