NAIZ
BILBO

Miren Agur Meabe idazlea, euskaltzain oso izateko hautagaia

Euskaltzaindiaren egoitzan egin den osoko bilkuran, Miren Agur Meabe idazle bizkaitarraren izena aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai. Xabier Kintana emeritu izatera igaro zenetik, 75 urte egin ostean, haren lekua hutsik gelditu zen. Otsailaren 25ean baieztatuko da izendapena.

Miren Agur Meabe ‘Itsasoaren atea’ liburuarekin.
Miren Agur Meabe ‘Itsasoaren atea’ liburuarekin. (Jon Urbe | FOKU)

Euskaltzaindiaren egoitzan egin den osoko bilkuran, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren izena aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai. Gogoratu behar da Xabier Kintana emeritu izatera igaro zela 2021eko urrian, eta hilabete horretan Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako Osoko bilkuran zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.

Euskaltzaindiaren barne-arauen arabera, hutsarteak betetzeko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkez daitezke (kasu honetan, azaroan eta urtarrilean).

Horretara, eta Akademiaren arautegiaren arabera, otsailaren 25ean egingo den Osoko bilkuran, euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, euskaltzain oso berria aterako da hautagaia. Bilkura hori Gipuzkoako Diputazioaren egoitzan izanen da.

Euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok, gutxienez, izenpetu behar dutela. Eta, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dituzte xeheki. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.

Euskaltzain urgazletik osora

Euskaltzaindiak berak zabaldu duen Miren Agur Meaberen profil laburraren arabera, Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia.
    
Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, ‘Azalaren kodea’ eta ‘Bitsa eskuetan’ poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, ‘Itsaslabarreko etxea’ (2002), ‘Urtebete itsasargian’ (2006) eta ‘Errepidea’ (2011) gazte-nobelei esker. ‘Mila magnolia-lore’ albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ lanagatik.

Literatur itzulpengintzan ere badabil Meabe. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.

Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia-Hemendik (2015) aipatu behar dira. Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2006tik.