NAIZ

June Crespo Veneziako Bienalean parte hartzera gonbidatu dute

Apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo den 59. Veneziako Bienalean hartuko du parte June Crespok, antolakuntzaren gonbita jaso eta gero. Denera 58 herrialdetako 213 artista izango dira bertan.

June Crespo artista.
June Crespo artista. (Xabier URTASUN)

June Crespo (Iruñea, 1982) Veneziako Bienalean izango da. Eta berarekin batera beste 212 artista, hainbat herrialdetatik iritsiak.

Aurtengo edizioa apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo da. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako sortzaileek hartuko dute parte, eta 1400dik gora artelan egongo dira ikusgai.

Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, ‘The milk of dreams’ lelopean egingo da, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu batetik hartutako izenburua. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du. Bertan  bizitza irudimenaren prismatik birplanteatzen du.

Nola ari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe? Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan hauek dira Bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak, eta hiru arlo tematikotan zentratzen da: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.

Testuinguru horrekin kokatzen da June Cresporen lana ere. Bere piezetan, gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak, beti prekarietate materialetik, komunikabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen direnak.

Beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz.

Eskultura batzuek elementu ezagungarriak dituzte, eta beste batzuk, berriz, erabat abstraktu eta amorfo bihurtzen dira. Bere lanak armadura bihurtzen dira, aldi berean eraikitako ingurune zein giza gorputza gogora ekarriz. Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki ziborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute. Bere eskulturak ontzitzat ditu, baita «aurreko ontzi guztien erakusletzat» ere.

2021ean Artium Museoak bere ibilbidearen una ezberdinetako lanak eta proiekturako propio ekoitzitakoak bildu zituen ‘June Crespo. Helmets’ erakusketan. Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, horien artean sormen lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Bere lanak Reina Sofia eta Artium museoetako bildumen parte dira, besteak beste.

Veneziako Bienalean June Cresporen parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako Zabal programaren emaitza da. «Honen helburua da euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak egitea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere. Egitasmo honen bidez, Cecilia Alemani Veneziako Bienaleko komisarioak hainbat euskal sortzaileren lana gertutik ezagutzeko aukera izan zuen, eta horren ondotik dator June Crespok erakusketan parte hartzeko jasotako gonbitea», adierazi dute Etxeparetik.

2019. urtean jarri zen abian egitasmoa. Emandako lehen fruituen artean dago Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independentearen parte hartzea 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratuko den Documenta 15 nazioarteko eta June Cresporen lanak Venezian ikusgai egotea.