Jon Ormazabal

Ezkerren sendotasunak Asperen jardunaldi borobila itxi du Tafallan

Piloteoan argi nasgusituta, Irribarria-Rezustak garaipen garbia eskuratu dute Laso-Imazen aurka (22-12), nahiz eta markagailuak irudika dezakeena baino lan gehiago egin behar izan duten.

Rezusta oso fresko batek goitik behera dominatu du nahiz eta erditik aurrera beheralditxo bat izan duen.
Rezusta oso fresko batek goitik behera dominatu du nahiz eta erditik aurrera beheralditxo bat izan duen. (Iñigo URIZ/FOKU)

Egia da, banan bana galdetzen hasita, Elezkano eta Zabaletak nahiago izango luketela garaipena Laso-Imazen eskuetara joan balitz –lehen postuan berdinduta dauden hiru bikoteek azken jardunaldiko euren partida aurrera ateratzeko gai badira egungo txapeldunek jokatu behar lukete play-offa–, baina Irribarria eta Rezustak Tafallan lortutako puntuarekin jardunaldi perfektua izan da lehen itzuliko azken aurreko hau Aspeko pilotarientzat.

Sailkapena nabarmen bitan zatituta dagoen honetan, goitik,bederatzina punturekin berdinduta dauden hirubikoteak Eibarko enpresakoak dira eta Irribarria-Rezusta dira hurengo faserako txartela euren esku duten bakarra. Beheko azken bi postuetatik ihes egiteko borrokan ere, Aspeko bikote bat da, orain arte ia aukerarik gabe ziren Ezkurdia-Tolosa, 22ra helduta play-offean egongo direla dakitenak.

Ostiral eta larunbateko emaitzak ezagututa, Tafallako Ereta pilotalekura irten diren bi bikoteek ongi baino hobeto zekiten edozein akats garesti ordainduko zutela eta bakoitza bere armekin saiatu da aurkariei aurre egiten. Joa, pilotari ematen dioten abiadura da 2017ko txapeldunen dohainik bereizgarriena eta bere horretan asmatzen dutenean ia ezinezkoa da bi ezkerrei aurre egitea.

Kolpean alde izugarria

Eta halaxe egin dute bi ezkerrek Tafallan. Jokoan arrisku gutxi hartuz, pilota luze ibiltzen saiatu dira eta Laso-Imaz ezinean aritu dira aurkarien sendotasunaren aurrean. Ahal zuen bakoitzean erasora pasaz eta arriskuak hartuz, saiatu da Laso erauntsiari aurre egiten baina binakako berdinketatik aurrera ikaragarri kostatu zaio. Aspaldiko Rezustarik freskoenak oso luze ibili du pilota eta Imaz ongi defendatu bada ere, partida atzetik aurrera jokatu behar izan dute Baikokoek (10-3).

Ahaleginik eta lanik ez zaie falta izan, egia esateko azken markagailuak erakusten duena baino lan gehiago egin behar izan dute Irribarria eta Rezustak 22ra heltzeko. Belauneko lesioa erabat ahaztuta, Irribarriak geroz eta konfiantza gehiago du bere buruan. Erasoan, pilota irteten zaion abiadurarekin, ez ditu angeluak gehiegi bilatu behar eta defendatzea tokatu zaionean ere nahikoa eraginkor aritu da.

Partida erditik aurrera, batez ere aurkarien pilotarekin, Beñat Rezustari pixka bat gehiago kosta zaio aurkariei pilota kentzea, Imazek alde horretatik hobeto eutsi dio fisikoki eta Lasok pilota aurrerago hartuta, markagailua zertxobait txukuntzea lortu dute, baina gorrien garaipena ez da inoiz arriskuan egon eta pisu handiko puntua lortu dute, batez ere dena euren eskuetan dutelako.

FICHA TEKNIKOA:

Irribarria-Rezusta: 22

Laso-Imaz: 12

Pilotakadak: 664. Iraupena: 51 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 5-2, 5-3, 10-3, 10-4, 15-4, 15-6, 16-6, 16-8, 18-8, 18-10, 19-10, 19-12, 22-12. Sakeak: 1 Irribarriak eta 1 Lasok. Egindako tantoak: 11 Irribarriak, 1 Rezustak, 5 Lasok eta 1 Imazek. Galdutakoak: 4 Irribarriak, 1 Rezustak, 6 Lasok eta 3 Imazek. Gorabeherak: Tafallako Ereta pilotalekua goraino bete da, giro ezin hobearekin. Lehen sakea gorri.