Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevista
Xabier Erkizia Martikorena
‘O Gemer’ film luzea Madrilen estreinatuko du

«Idi gurdiena gizateriaren zarata da. 5.000 urte ditu eta asaldatzen gaitu»

1975ean Lesakan jaioa, soinua da bere mundua eta pasioz mintzo da mugitzen duenaz. Proiektu ezberdinak esku artean ibili ohi da eta hala harrapatu dugu elkarrizketan, Berlinalen ‘El sembrador de estrellas’ aurkezten eta Madrilen ‘O Gemer’ estreinatzear.

Xabier Erkizia Martikorena, lanean.
Xabier Erkizia Martikorena, lanean. (NUEVE CARTAS COMUNICACIÓN)

‘El sembrador de estrellas’ Lois Patiño zinema zuzendari galiziarraren film berriaren soinua zuzendu du Xabier Erkizia Martikorenak. Soinu eta irudiarekin egindako alegia bat da. Bi-biek egin dute pelikula, baita Berlinalen aurkeztu ere. Gutxienez bertze hiru proiektu badituzte elkarrekin egiteko eta horietaz solastatzeko probestu dute aukera. Lan bat bertzearekin lotuz, asteazken ilunabar honetan Madrilen lur hartu eta ostegunean ‘O Gemer’ bere lehendabiziko film luzea estreinatzekoa da lesakarra.

Berlindik mintzatu zaigu. Kuriositatez begiratzen dio jaialdiari; ikasten eta kalitate handiko emanaldiez gozatzen ari da. Halere, berak egiten disfrutatzen du. «Ikastea, deskubritzearen zentzuan, bizi honetan dagoen drogarik gogorrena» iruditzen zaio. Berarentzat, lan bat amaitzean zeozer hiltzen da. «Bukatu orduko hurrengoari begira ari naiz… edo hurrengo bostei», adierazi du irriz.

Cineteca Madrid-en

Ostegunean bere lehen film luzea, ‘O Gemer’, estreinatuko du Cineteca Madrid-en. Otsaileko egitaraua soinuari lotua izanen da eta atzerabegirakoa eskainiko diote soinu artista nafarrari, bihartik igandera arte. «Lehenengo pelikularekin atzerabegirako bat eskaintzea jaio aitzinetik hiltzea bezala da», agertu du irribarrez, baina erronkari eutsi eta pelikularekin batera grabatu zituen zenbait pieza labur erakutsiko ditu.

Ez zuen espero eta kontent dago. «Pelikula egitea sekula ez zen helburua izan, ikertzea baizik. Idi gurdiaren soinuaz, gizateriaren zarataz, segur aski luzeen iraun duenaz: azken 5.000 urteetan. Bidean aukera sortu zen eta nire jatorrizko lekura eramanez lan esperimental bat egin dut. Are gehiago, jarritako erronka izan zen inoiz ikusi ez nuen film hori egitea».

63 minutuko obran, ez dago elkarrizketarik. Beraz, pentsa daiteke ez dela publiko guztientzat. Baina ideia hori irristakorra da, Erkiziaren ustez. «Badakit ez dela erraza, baina ezta zaila ere. Bertze kontu bat da epikarik gabeko istorio bat ikusteko zenbateraino garen gai. Epika hori Grezia zaharretik heldu zaigu: bazekiten pertsonaia bati jarraituz errazago ulertzen dela istorio bat». ‘O Gemer’-ek Grezia zaharra ere ukitzen du, baita Erroma ere, denbora-bidaia batean. Egileak hau galdetu zion bere buruari: posible litzateke, epikarik gabe, soinu bat izatea pertsonaia?

Asmoa ez zen pelikula zail bat egitea, inolaz ere. «Intentsoa da, baina baditu momentu oso bareak ere. Eta ikaragarri feedback ona izan du. Zinemaldian, Zinebin zein Portugalen». Ez dute banatzailerik lortu, baina datozen hilabeteetarako emanaldiak antolatzen ari dira.

Lasaitzen du jakiteak filma «ikerketa luzeago baten geldiune» bat dela. «Pena litzateke hain istorio aberatsa mugatzea. Badaude proiektu gehiago. Batzuk nahiko aitzinatuak, soinuen erregistroekin argitaratuko diren disko batzuk eta idazten ari naizen liburu bat».

Jatorria, Victor Hugo

Lehendabiziko «belarri tiraldia» Victor Hugoren ‘Pirinioetako bidaia’-ren irakurketan izan zuen. «Ohiko kronika bat egiten du, garaiko erromantikoen ildoan, baina muga gurutzatzerakoan bada kapitulu bat guztiz desberdina. Diligentzia batean doa beste bidaiari batzuekin eta soinu bat entzuten du. Gainerakoek belarriak tapatzen dituzte; bera, berriz, zoratuta gelditzen da. Gainera, umetako oroitzapen mordo bat ekartzen dizkio. Bere aita Napoleonen armadako agintari bat izan zen eta umetan Euskal Herrian izan zen Victor Hugo. Geroztik ez zuen soinu hori entzun. Momentu horretan, bizi erdia pasa eta gero, berriz aditzen duenean shock batean gelditzen da, hainbertze, ezin baitu gehiago idatzi».

Liburua euskarara itzuli zuenean, Koldo Izagirrek izenburua aldatu, eta ‘Idi orgaren karranka’ jarri zion. Hor bazen zerbait eta dokumentazio bila hasi zen Xabier Erkizia, testu eta argazki zaharrak biltzen, bildumatzen... «Leku batera eta bertzera joan nintzen soinu horren bila. Itzain bat topatzen nuen, astebete pasatzen nuen berekin eta gero bere gurdiak ez zuen soinurik egiten. Frakaso pilaketa bat izan zen eta badakizu zer pasatzen den frakasoekin, oraindik gehiago engantxatzen dute. Azkenean lortu nuen grabatzea, Brasilen nagusiki, eta Lekeition ere topatu nuen gurdi bat».

5.000 urteko soinu bat

XX. mende hasierara arteko kronikak irakurriz, konturatu zen idi gurdien soinuak bazuela klase sozialarekin zerikusia. «Herrialde ‘ilustratuetako’ bidaiariek soinu zatar eta primitibo hori gaitzesten zuten». Soinua entzun zutenen lehen testigantzak bildu zituenean ezustea hartu zuen. «Idi gurdien zarata aipatzen hasi eta ‘geldi-geldi’ erraten zidaten. ‘Hori ez da zarata’. Izen berriak jartzen zizkioten: idien negarra, gurdiaren kantua… Izena ematerakoan balioa ere aldatzen zaio».

Gainera, jakin zuenez, itzainek gurdiak afinatzen zituzten beraiek nahi zuten soinua egin zezaten. Hor bertze dimentsio bat hartu zuen ikerketak. «Etxe bakoitzak bere soinua badu, soinu hori defendatu egiten da, mugitu... Galizian ere bazegoen, Portugalen… Atzera egin eta sumeriarrenganaino heldu nintzen. Soinu hori hor egon da gutxienez 5.000 urtez. Nolatan irauten du oraindik?».

Erromeria bat topatu zuen Brasilen, eta bertara joatean ohartu zen afinazioaren kontua pentsatzen zuena baino puskaz garrantzitsuagoa dela. Euskal Herrian, Galizian eta Portugalen ez du idi gurdiaren soinua bizirik topatu, baina Lekeitioko gurdia mugiarazi eta Bilboko Kale Nagusian esperientzia zoragarri bat sortu zuen.

Bilboko Kale nagusian

«Idi gurdiaren soinua izan zen, nik dakidala, historian kutsadura akustikoari buruzko lehenengo legea behartu zuena. Bilbon, industrializazioa gailentzen hasi zenean, segituan debekatu zituzten gurdiak. 40 urte geroago, itzain batek isuna ordaindu zuen aldez aitzinetik, gero soinu hori hirian zehar paseatu ahal izateko».
Ikaragarri keinu poetikoa iruditu zitzaion Erkiziari eta Lekeitioko gurdi hori Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian zehar  paseatu zuen, inolako abisurik gabe, Udaltzaingoarekin adostuta. Isun sinboliko bat ere jarri zioten, jatorrizko istorio horretan bezala.

«Jendea dendetatik ateratzen zen hori zer kristo zen galdezka. Gurdia bakarra zen arren, hiri barnean, eraikin altuekin, ikaragarrizko oihartzuna lortzen zuen. Bultzada handi bat izan zen ikusteko 5.000 urteren ondotik oraindik soinu horrek gu asaldatzeko gaitasuna baduela».

 

Kuriosoa da filma proiektatu den aldiro lagun bat baino gehiago etorri dela soinu hori gogoan zuena. Victor Hugoren kasua errepikatzen da eta pelikula honen ametsa da enpatia hori sortzea

 

Tamara Garcia Iglesias ekoizlea izan zen lesakarra filma egitera bulkatu zuena. «Kontentu nago. Ikusleek keinu batzuk jasoko dituzte, bertze batzuk ez, baina ez dago irudi bakar bat ere dohainik edo estetikoki ederra delako sartua; denak du arrazoi bat, elementu guztiek dute atzetik ikerketa ikaragarri bat. Pelikularen amaieran, altxor ttiki bat dago: artxiboko filmaketa mutu bat, Gernika bonbardatu eta biharamunekoa. Bertan ageri dira bi familia etxe guztia gurdi gainean paratuz ihes egiten, eta atzean oraindik Gernika sutan».

Halako pista batzuk ematen dira: noraino bizi izan den soinu hori, zer erranahi dituen. Hasieran kolonoena zen, Europatik Ameriketara heldu zena, baina laster bihurtu zen esklaboena. «Soinu berdin batek nola har ditzakeen hainbertze adiera historian, hori izan da nire sukarra azken 25 urteotan. Soinuen atzean gordetzen diren historia eta balio horien, gure entzumenean gordetzen diren aurreiritzi politiko, ekonomiko eta sozialen inguruan lan egitea».

Filmean azaltzen den Ponpeiako irudi bat. (NUEVE CARTAS COMUNICACION)

Ponpeia agertzen da (goiko irudian), Brasil… Kodez betetako pelikula bat da. «Musika konposizio bat egiten dudan bezala egin nahi nuen, modu abstraktuan. Badakit batzuek erdia jasoko dutela, bertze batzuek soilik estetikoki epaituko dute, bertze batzuek erranahi mordo bat bilatuko dizkiote… Kuriosoa da filma proiektatu den aldiro pertsona bat baino gehiago etorri dela soinu hori gogoratzen zuena. Victor Hugoren kasu bera errepikatzen da eta pelikula honen ametsa da enpatia hori sortzea». Bertzalde, behin baino gehiagotan erran diote «sentsazioa dut ez naizela film batetik atera, baizik eta kontzertu batetik». Hori beretzat «piropo bat» da eta pelikula esperientzia fisiko bihurtzen du.

«Entzuteko eran azaleratzen dira gure balio, arazo, nortasun eta abarrak»

«Entzumena da jaio aitzinetik lehenbizi pizten den zentzumena eta hil ondotik ere oraindik funtzionatzen jarraitzen duena. Bizi osoan laguntzen gaitu soinu horrek, gure parte da». Ideia hori izugarri indartsua iruditzen zaio Xabier Erkizia Martikorenari. Urteetan musikari gisa egin izan du lan; orain ere musika aunitz egiten du, baina momentu bat iritsi zitzaion, non entzumenaren ikuspegitik aztertuta soinuek bertze erranahi batzuk hartu zituzten berarentzat.

«Jada ez da soinua berez, baizik eta guk nola entzuten dugun, eta hor azaleratzen dira gure aurreiritzi, balio, arazo, nortasun eta abarrak. Niretzat aldaketa hori egitea bat-batean infinitu batera irekitzea izan zen. Ez gaude bi pertsona berdin entzuten dugunak. Erakutsi edo ikas dezakegu berdin entzuten, baina ez dugu sekula berdin entzungo», egin du gogoeta.

Soinuaren papera zineman

Klaseak ematen ditu Donostiako Zine Eskolan eta ikasleei genealogia bat egiten die, pelikula mutuetatik hasita. Beti galdetzen die film mutuak edo gorrak ote ziren. «Bada modu bat ikusteko gaur egun zinema gisa ezagutzen dugun horretan zer aldatu den eta zer ez. Ikus-entzunezko kontzeptu horretan kulturalki begia gailentzen dugu eta pelikulak iruditik epaitzen ditugu. Soinua irudia laguntzeko zerbait bihurtzen da. Baina niretzat kontrakoa da. Soinuak hori du, gauzak kontatzen dizkizu azpitik bezala; ezin ditugunez belarriak itxi, beti gaude bustita belarritik sartzen den horrekin».

Cineteca Madrid-eko zikloan gai hauek landuko dituzte solasaldietan. «Bada zer solastatu aunitz. Ez bakarrik afera tekniko baten ikuspegitik; aztertu behar da gure kontatzeko erak zer puntutaraino behar duen soinua eta zer ematen dien soinuak gure kontatzeko moduei. Ikus-entzunezko kultura hain zabala den unean inoiz baino garrantzi handiagoa du soinuak, baina egia da zinemaren produkzio sistemak ez diola halako baliorik ematen oraindik».

«Zinemarako soinua egiteaz arduratzen garen pertsonok jakin badakigu lubaki batetik egiten dugula lan, kexu eterno batetik. Egia da ekoizpen sistemak ez duela uzten eta soinua afera tekniko soil bilakatzen dela. Pena da hor jokoan dagoena ez delako bakarrik pelikularen emaitza edo aberastasuna, baizik eta gure kontatzeko modua. Bada zerbait denok ukitzen gaituena», ohartarazi du soinu ikertzaile, ekoizle eta artistak.